Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak independentziari buruzko erreferendumaren proposamena aurkeztu eta ordu gutxira kaleratu du The Herald egunkariak herritarren iritziari buruzko inkesta, eta, haren arabera, gora egin du eskoziarren artean independentziaren aldeko jarrerak. Eskozia herrialde independentea izatearekin ados leudekeen galdegin zaienen artean, %44k eman diote baiezkoa; %45ek ezezkoa, eta gainerako %11k «ez dakit» erantzun dute.
Independentziaren gaineko galderaz gain, devo-max-i buruzkoa ere egin dute inkestan, eta %51k erakutsi dute aldeko jarrera. Londresek Edinburgori eskumen gehienak ematea izango litzateke hori; koroa, defentsa eta atzerri politika izan ezik. Autonomiaren aldeko jarrera handiagoa den arren, independentziaren aldekoak gora egin duela nabarmendu du The Herald-ek.
SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak independentziaren aldeko apustua egiten badu ere, Salmondek argi utzi du aukera horren alde egingo duela herritarrek hori eskatzen badute.
Erreakzioak
SNP Eskoziako Alderdi Nazionalarentzat «emaitza bikainak» dira, Angus Robertsonen ustez. Erreferendumaren kanpainaren arduraduna da, eta Salmonden iragarpenaren ondoren abiatu duten kanpainari hasiera emateko albiste «oso ona» deritzo: «Horrelako emaitzek erakusten dute independentzia eskura daitekeela. Erantzun batzuek diotegero eta jende gehiagok babesten duela Eskozian gertatzen dena eskoziarrek egin behar dutela; bada, ongi etorriak dira erantzun horiek».
Eskoziako laboristek, ordea, ez dute gauza bera pentsatzen, eta, haien bozeramaile baten bidez, zalantzan jarri dute inkestaren balioa. «Aspaldian egindako inkestek antzeko emaitzak eman dituzte; berdintsu aritu dira. Horien arabera, eskoziarren erdiak leudeke Erresuma Batuan jarraitzearen alde».
Independente izatearen aldeko jarrerak gora egin duela diote azken inkestek
'The Herald' egunkariaren arabera, herritarren %44 daude independentziaren alde, eta %45 kontra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu