Independentismoa ugaltzen ari da

Subiranotasunak gero eta sostengu zabalagoa du gizartean; analisten ustez, dena den, independentismo berriaren ezaugarriak zeharo ezberdinak dira garai batekoekin alderatuta.

Joan Canela Barrull
Bartzelona
2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Jordi Pujol izan da azkena lerroa gurutzatzen. Kataluniako presidente ohi historikoak joan den martxoaren 29an egindako hitzaldian onartu zuen ez zeukala «independentziaz bestelako proposamen alternatiborik»; nolanahi ere, «prozesua zeharo gaitza» zela aitortu zuen. Handik bi egunetara, aurrez iragarri zuen independentziari buruzko kontsultan emango zuen botoa; alegia, iragan igandean hiriburuan egindako erreferendumean baiezkoa bozkatuko zuela.

Pujolen iragarpenak garrantzi politiko handia du, eta hainbat ondorio eragingo ditu luze gabe. Batetik, moral aldetik itzal handia duelako gizartearen zati handi batean; eta mobilizazio batean parte hartu duelako, azkenean, «inoiz inolako manifestaziotan ibilia ez zelako» harro zegoen horrexek. Eta, bestetik, eta batez ere, berak defendatu duelako beste inork baino sutsuen Kataluniak Espainian jarrai dezan. Egun hauetan, analista batek baino gehiagok gogora ekarri dute Pujolen erantzun ospetsu hura, 1992an Baltikoko errepubliken independentziak ekarri zuen asaldura subiranista zela-eta emandakoa: «Katalunia Lituania da, baina Espainia ez da SESB»; horregatik, ez zen «aukera bideragarria».

Inkestetan, gora

Gaur egun, bideragarri ez, baizik eta irtenbide bakartzat begitantzen zaie gero eta kataluniar gehiagori independentismoa, Espainia gero eta oldarkorrago ari dela ikusita. Hain zuzen ere, gizartearen iritziari buruzko inkesta guztiak bat datoz honetan: independentistak ugaltzen ari direla. Eta zenbaitzuen arabera, gainera, bizkor ari dira ugaltzen. CEO Iritzi Ikerketen Zentroak —Generalitatearen mendeko erakunde bat—, historikoki, honako aukera hauek jarri izan ditu hautatzeko inkestetan: estatu independente, estatu federal, autonomia erkidego edo eskualde bilakatu ahal izatea. Eta estatu independentearen aukera gailenduz joan da, gero eta gehiago, nahiz eta beti %20 baino gutxiago izan den. Baina, 2009. urteko abenduan, UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiak makroikerketa bat egin zuen, eta, han, berariaz agerrarazi zuten balizko autodeterminazio erreferendum batekiko jarrera: inkestatuen %50 agertu ziren baiezkoaren alde; eta%17,8 bakarrik aurka. Abstenitu egin ziren, berriz, %24,6.

Kopuru horiek handituz joan ziren, iazko uztailean koska gehienekora iristeraino, Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuari buruz emandako sententziaren ondoren. Orduan, bi inkesta argitaratu zituzten Bartzelonako bi egunkari nagusiek —inolaz ere ez baitziren susmagarri, subiranotasunaren akuilu izateagatik—, eta, haietan jaso zutenez, zatiketaren aldekoek irabaziko zituzten hauteskundeak, argi eta garbi.

Independentismo praktikoa

«Gaur egungo subiranismoa askoz ere pragmatikoagoa eta transbertsalagoa da, eta, dagoeneko, gehiengoa du katalanismoaren barruan». Ondorio nagusi horiexek atera ditu Ricart Vilaregutek, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko IGOP Gobernu eta Politika Publikoen Institutuko ikerlariak; independentismoak azkeneko urteetan izandako eraldaketak hartu ditu ardatz nagusi bere doktore tesirako. Vilaregut politologoaren ustez, Kataluniako Estatutua idazteko prozesua irekitzearekin batean hasitako ziklo politikoaz baliatu da mugimendu hori; 2004. urtearen hasiera aldean abiatu zen prozesu hori, Tinellgo Itunen eraginez —haiek argitu zuten Pasqual Maragall lehenbizikoz presidente zuen hiruko gobernua—. «Mahai azpian zegoen aukera bat zen independentzia, eta, estatutuari buruzko eztabaidaren bidez, mahai gainean jarri zen. Orduz geroztik, independentismoak bere jarreretara lerrarazi du katalanismoaren zatirik handiena; egiaz, baina, eta estatistika aldetik, ez da nabarmen aldatu Espainiako edo Kataluniako parte izateko sentipenaren pisua». Aldaketa hori, batetik, barne eragile batzuek ekarri dute; herri kontsulta subiranistetan gizarte mobilizazioak izandako ordezkaritza nabarmendu du Vilaregutek; honez gero, 553 udalerritan izan dira dagoeneko galdeketak, eta 885.000 lagunek parte hartu dute. Eta, bestetik, hainbat kanpo eragilek: funtsean, Madrildik adierazitako Espainiako Estatuaren plurinazionaltasuna ukatzeak, Auzitegi Konstituzionalaren epaiak ezin hobeto adierazten duenez: «Sententzia honen bidez, independentistak aspalditik salatzen ari zirena ikusarazi nahi zaio gehiengoari».

Independentismo berriak badu beste ezaugarririk ere, ikerlariaren arabera: «Dagoeneko ez da oinarritzen logika etniko-erromantiko edo zibiko-demokratiko batean [orain arte zeuden bi joera bakarrak], baizik eta logika ekonomizista batean. Argudio nagusi bat du ardatz: Espainiarik gabe hobeto biziko gara». Ikuspegi aldaketa horren eraginez sartu dira hainbat sektore liberal orain arte erabat abertzaleek hartua zuten mugimendu bateko lerroetan; era berean, ordea, areagotu egin dira tentaldi subiranistak Espainiarekin nolabaiteko identifikazio sentipen bat zuen sektorean.

Gero eta nabarmenagoa den bloke horretakoen ustez, beren eskabideen zutarria ez dago ez «hizkuntza zapalkuntzan» eta ez «autodeterminazio eskubidean» ere, baizik eta «zerga defizitean». Logikoa da, beraz, Auzitegi Konstituzionalaren erantzunari baino oldarkorrago iriztea, gaur egun, Madrilek Generalitatea aurrekontuak murriztera estutu izanari.

Hutsune politikoa

Katalanismoa erradikalizatu egin bada ere, hamalau diputatuk baino ez dute babestu independentismoaren aldeko lege proiektua Kataluniako Parlamentuan — Kataluniako Gobernuari independentzia aldarrikatzea ekarriko liokeen legea bozkatu zuten atzo—. ERC Esquerra Repbulicana de Catalunyaren ahultasunaz hitz egin du Miquel Sellaresek. Konferentzia Nazionalista Independentistaren sustatzaileetako bat da, eta, haren ustez, «krisirik eta barne borrokarik gabe» litekeenagoa da alderdiak askoz ere indar handiagoa izatea egun; «hautesle gehienek, baina, boto baliagarria erabiltzea erabaki zuten». Sellaresek aitortzen du subiranismo sozialaren giharrak ez duela landu aukera politiko erakargarririk, «barne joera kaltegarrien eraginez».

Sellaresen ustez, CiU Convergencia i Uniok boto independentisten poltsa handi bat kudeatzeko premia daukanez gero, joera anbiguoa izan du erreferendumean eta Legebiltzarrean; hala ere, aitortzen du badirela «zenbait buruzagi nazionalista, argi eta garbi independentistak direnak».

Lurraldetasuna da, berriz, independentismoaren beste ahulgune bat. Formalki, inork ez dio uko egin nahi Herrialde Katalanen askatasunari; ez Balearretan eta ez Valentzian ere —are gutxiago—, ez dute izan Katalunian bezalako prozesurik. Eta, gaur egun, ez da inolako tabua aldizkako independentzia bat proposatzea; ezta PSAN alderdiarentzat berarentzat ere —erradikalena, historikoki, batasun nazionalari dagokionez, Katalunia izendapena aldezten baitu katalan hiztuneko lurralde osoarentzat—. Valentzia eta Balearrak, esate baterako, aurrez Katalunian ezarritako estatu bati atxikiko litzaizkioke etorkizunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.