Quebeceko hauteskundeak

Independentistek berriz gobernatuko dute Quebec, 9 urte igaro eta gero

Lehen alderdia izan da PQ alderdi independentista, baina ez du lortu gehiengo osorik, eta gutxiengoan gobernatuko duHistorian lehen aldiz, emakume bat izango da Quebeceko lehen ministroa

Independentistek berriz gobernatuko dute Quebec, 9 urte igaro eta gero.
Jon Fernandez.
2012ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Bederatzi urtez oposizioan egon ostean, PQ alderdi independentistak Quebeceko agintera iristea lortu du joan den astearteko hauteskundeak irabazita. Botoen %32 jasota, Quebeceko Asanblea Nazionaleko lehenengo alderdia bihurtu da PQ, 55 eserlekurekin, gehiengo osoa lortzeko behar diren 63 aulkietatik urrun —125 eserleku ditu ganberak—. Beraz, Pauline Marois independentista izango da hurrengo lehen ministroa, kargu hori beteko duen lehen emakumea; baina gutxiengoan osatu beharko du gobernua. Independentziari buruzko hirugarren erreferenduma antolatuko duen ez du argitu, baina nabarmendu du burujabetzaren alde lan egingo duela. «Herrial- de bat nahi dugu, eta izango dugu».

PLQ alderdi liberalaren higadura baliatu dute independentistek 2008ko hauteskundeetan baino lau diputatu gehiago lortzeko —2003az geroztik Quebeceko gobernua PLQk gidatu du—. Izan ere, Quebeceko ikasleek gobernuaren kontrako protesta gogorrak egin dituzte azkenaldian, eta hainbat ustelkeria kasutan nahastuta egotea ere leporatu diete liberalei. Nolanahi ere, PLQren beherakada handia izan arren—17 eserleku galdu ditu— ez du porrotaren irudirik eman, bigarren postuari eutsi baitio. Orain arteko lehen ministro Jean Charest liberalak, ordea, ez du ordezkaritzarik lortu, Sherbrookeko barrutian —jaioterrian— Serge Cardin independentistak irabazi baitio.

Hirugarren postua CAQ alderdi abertzale kontserbadoreak eskuratu du, 19 diputaturekin. Iazko azaroan sortu zuten alderdi berria, PQtik ateratako korronte batek eta ADQ Quebeceko Ekintza Demokratikoa alderdiak —7 parlamentari zituen legebiltzarrean— bat egin ostean. François Legault CAQeko burua pozik agertu da emaitzekin, eta quebectarrek gobernu berria «zaintzapean» jartzea erabaki dutela adierazi du, PQren gobernuak gutxiengoan jardungo duelako. Legailt, hain justu, Quebeceko Hezkuntza ministroa izan zen 1998tik 2002ra bitartean, PQren gobernuan. Koalizio berriak bere burua abertzaletzat jo arren, ez da Quebecen independentziaren aldekoa, botere autonomikoa indartzearen aldekoa baizik.

Bestalde, ganberako laugarren indarra QS independentista ezkertiarra izango da, bi eserlekurekin.

Kanadak arnasa hartu du

Kanadako Gobernuak arreta handiz jarraitu du Quebeceko hauteskunde kanpaina, eta emaitzak ikusi ostean arnasa hartu du, ez duelako ikusten aukerarik legealdi honetan bere probintzia estatu burujabe bihur dezakeen galdeketarik egiteko, eta eginez gero, independentistek irabazteko. «Ez dugu uste quebectarrek iraganeko borroka konstituzionaletara bueltatu nahi dutenik», esan du Stephen Harper Kanadako lehen ministroak, Quebeceko bozen emaitzak eskuan. «Gure gobernuak lanpostuetan, hazkunde ekonomikoan eta kudeaketa ekonomiko sendoan zentratuta jarraitzen du. Eta uste dugu quebectarren lehentasunak ere arazo ekonomikoak eta lana direla».

Hauteskunde kanpainan, hain zuzen, ekonomiaren gaiak pisu handiagoa izan du subiranotasunarenak baino. Euroguneko eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako krisi ekonomikoa Kanadara eta Quebecera hedatzearen beldurra nagusitu da batez ere. Maroisek berak ere ez du argitu legealdi honetan burujabetzari buruzko galdeketa egiteko asmorik duen ala ez. «Gehiengoa independentziaren alde dagoela jakiten dudanean deituko dut erreferenduma», adierazi zuen kanpainan.

Garaipena lortu bezain laster, baina, diskurtso subiranistari heldu dio: «Irekiak izateko eskatu nahi diet gure auzokide kanadarrei. Erabat ziur nago Quebecek herrialde burujabe bihurtzeko beharra duela». Hori lortu bitartean, besteak beste, lan gaietako eskumenak eskatuko dizkio Maroisek Ottawari. Bestalde, Quebeceko ingeles hiztunak lasaitu nahi izan ditu Maroisek: «Ingeles hiztunok, ez zaitezte arduratu. Historia bera partekatzen dugu, eta gure etorkizuna ere partekatu nahi dut».

Kanadako hizkuntza nagusia ingelesa bada ere, Quebecen frantsesa da hizkuntza ofiziala —herritarren %80 inguru frantses hiztunak dira—. Kanadako probintzia handiena da, gainera, 1,5 milioi kilometro karratu inguruko azalerarekin —Espainiako azalera halako hiru, gutxi gora behera—. Independentziaren aldeko mugimendu sendoa dago Quebecen, eta bi aldiz bozkatu dute galdektea burujabetzari buruz: 1980an eta 1995ean, PQ alderdiak gidatutako gobernuak bultzatuta bi aldietan. Independentziaren kontrakoak nagusitu ziren bi galdeketetan, baina oso alde txikiarekin. 1995ean, %50,6k bozkatu zuten independentziaren kontra, eta %49,4k alde.

Gorabeherak

Dena den, subiranisten babesak gora beherak izan ditu azken urteetan. Iazko maiatzean, esaterako, Kanadako Legebiltzarrerako hauteskundeak egin zituzten, eta orduan inoizko porrotik handiena izan zuten Quebeceko independentistek. BQ Quebeceko Blokeak 45 aulki galdu zituen Ottawako parlamentuan, eta lau diputaturekin geratu zen. Azken hogei urteetan lehen aldiz BQ ez zen Quebeceko lehen indarra izan Kanadako bozetan; NPDKanadako alderdi sozialdemokratak lortu zituen Quebeceko 75 diputatuetatik 60, independentisten kaltetan —Quebeceko bozetan ez da aurkeztu NPD—. Joera berriro aldatzen ari dela erakusten dute, ordea, atzoko emaitzek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.