Pauline Maroisek historia egin zuen 2012an, Quebeceko Gobernuaren buruzagitza lortuta. Hemezortzi hilabete geroago, porrota onartu eta PQ Alderdi Quebectarreko buru gisa zuen kargua utzi du. Quebecen subiranotasunaren aldeko alderdiak bigarren postua lortu du hauteskundeetan, 30 diputatu eskuratuta: iaz baino 24 gutxiago. Quebeceko Alderdi Liberalak, berriz, 22 diputatu irabazi ditu, gehiengo absolutua lortuz, 125 eserlekutatik 70 bereganatu baititu.
Aurreikuspenen arabera, Philippe Couillard liberala izango da Quebeceko Lehen ministro datozen bost urteetan. Couillardek adierazi duenez, bere gobernuak ekonomia eta enplegua izango ditu ardatz agintaldian, eta argi utzi du ez dietela ideal subiranistei helduko.
CAQ Quebeceko Alderdi Nazionalista Kontserbadoreak ere azken hauteskundeetan baino eserleku gehiago lortu ditu: 22 (2012an, 19). Quebec Solidaire (QS) alderdi independentistak eserleku bat irabazi du: guztira, hiru izango ditu datozen bost urteetan.