Planari buruz atzo jakinarazitako albisteen arabera,zenbait urtetan Kosovoknazioarteko indarren zaintzapean jarraitu beharko du, baina estatu independente gisara antolatzen joateko modua izango du. Armada propioa izateko aukeraizango du, Europako Batasunean sartzekoa, eta NATOko kide izatekoa. Aste honetan, Ahtisaarik plana «gutxiengoen eskubideak bermatzean» oinarritzen dela iragarri du.
Serbiako zenbait egunkarik ere aipatu zituzten atzo planaren zenbait zehaztasun. Kosovoko serbiarrak --gutxiengoa dira, albaniar independentisten aurrean-- babeste aldera, planak «instituzioen babes handia» eskainiko diela nabarmendu zuten, eta serbiera hizkuntza ofiziala izateaz gain, santutegi serbiar-ortodoxoek babes handia izango dutela.
NATO ALDE. Ipar Atlantikoko Itunaren Erakunde NATOk «babes osoa» eskaini zion atzo planari. Dei egin zion NBEko Segurtasun Kontseiluari, gainera, auziaren gaineko ebazpena lehenbailehen onartzeko, Kosovoren eta Serbiaren arteko harremana gaiztotu ez dadin.
Adostasun bidean jarrerarik uzkurrena Errusiak izango du. Kosovori onartzen zaion estatus berriak, beste zenbait herrialdetan independentzia eskariak eragin ditzakeen kezka du, eta atzo ere denbora gehiago eskatu zuen plana aztertzeko. Egitasmoaren aurrean bi aldeek «zein erreakzio duten» ikusi behar dela azaldu zuen Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek. Lehendik ohartarazia du Errusiak Kosovori independentzia ematen bazaio, betoa ezarriko duela.
Atzo, lehen albisteen aurrean, Serbiak ohiko erreakzioa izan zuen. Kosovoren independentziaren guztiz kontra dago Serbiako Gobernua, eta jarduneko Atzerri ministro Vuk Draskovicek «ezarritako independentzia» onartezina litzatekeela gogorarazi zuen.
urratsak
Aurkezpen publikoa. Otsailaren 2an Martii Ahtisaarik Belgraden eta Pristinan aurkeztu du Kosovoren estatuserako plana. Publiko egingo da orduan.Segurtasun Kontseilura. NBEn Segurtasun Kontseiluan aurkeztuko dute. Martxoan, espero dute.
Ebazpena. Segurtasun Kontseiluak plana ebazpen bihurtu etabozkatzea espero da sei hilabeteren buruan.
kronologia
Bide luze eta zaila galdutakoaren bila
1989: Kosovoko eskubide autonomikoak --1974ko Konstituzioan zeuden jasota-- murrizten hasi zen Jugoslaviako presidente Slobodan Milosevic, eta autonomia bertan behera laga zuen.1990: Kosovoren independentzia aldarrikatu zuten legebiltzarkide albaniarrek. Kosovoko Legebiltzarra bertan behera utzi zuen Serbiak.
1992: Kosovoko albaniarrek bozak egin zituzten, Serbiak onartu ez bazituen ere. Ibrahim Rugovaren LDK Kosovoko Liga Demokratikoaizan zen garaile.
1996: UCK Kosovoko Askapen Armada sortu zuten.
1998: Borrokak izan ziren Serbiako Poliziaren eta UCKren artean. Gerraren abiapuntua izan ziren. Serbiako indarrek eraso gogorrak egin zituzten, eta ehunka zibilek alde egin behar izan zuten Kosovotik. Milosevici erasoak eteteko ultimatuma ezarri zion NATOk.
1999: Jugoslaviaren kontrako aire erasoak egin zituen NATOk. Kosovotik tropak erretiratzea onartu zuen Milosevicek, eta NATOk erasoak eten zituen. Kosovoren Askapenerako Armadak ere desarmea onartu zuen. Segidan, Nazio Batuen Erakundeak bere indarrak ezarri zituen, eta bere administrazioaren pean jarri zuen Kosovo. Ihes egindako albaniar gehienak itzuli egin ziren, eta Kosovoko serbiar gehienek, berriz, kontrako bidea hartu zuten.
2001: Slobodan Milosevic presidentea izandakoa atxilotu zuten.
2002: Kosovon bozak egin zituzten, eta presidente hautatu zuten Ibrahim Rugova.
2003: Serbiarrak eta Kosovoko albaniarrak lehen aldiz bildu ziren gerra amaitutzat eman zutenetik. Kosovoren estatusa erabakitzeko bete beharreko baldintzak ezarri zituen NBEk.
2004: Erasoaldiak hasi zituzten Kosovoko albaniarren muturreko taldeek serbiarren kontra. Hemeretzi lagun hil ziren borroketan. Legebiltzarrerako bozak egin zituzten. Ibrahim Rugovaren alderdiak irabazi zuen. Serbiarren bozak boikotatu zituzten.
2005: Segurtasun Kontseiluari negoziazioak hasteko eskatu zion NBEko idazkari nagusi Kofi Annanek. Martti Ahtisaari Finlandiako presidentea izandakoa ordezkari berezi izendatu zuen egitekorako.
2006: Ibrahim Rugova Kosovoko presidentea urtarrilean hil zen minbizi baten ondorioz. Fatmir Sjdu izendatu zuten haren ordezko. Kosovoren estatusaren inguruko negoziazioak hasi ziren Vienan (Austria). Uztailean akordioa lortzea espero zuten, baina nahi eta ezinean geratu ziren. Azaroan, NBEren proposamenaren aurkezpena hurrengo urtera arte atzeratzea erabaki zuen Ahtisaarik.
2007: Urtarrilaren 21ean bozak egin ziren Serbian. Serbia Europako Batasunean sartu nahi duten indarrak nagusitu ziren. Urtarrilaren 26an, Martti Ahtisaarik NBEren proposamena aurkeztu zien Errusia, Alemania, Italia, Frantzia, eta Erresuma Batuari.