Jendez betetako mitina egin dute Ukrainaren ekialdeko eskualde Luhansken. Donetsken ordu gutxi lehenago egin bezala, Luhanskek ere independentzia aldarrikatu du. Galdeketan, botoa eman zutenen %96 agertu zen independentziaren alde Luhansken.
Donetskeko Herri Errepublikak, horrez gain, Errusiari eskatu dio kontsidera dezala Donetsk errusiar federazioaren parte izateko aukera. "Herritarrek agertu duten borondateari jarraiki eta justizia historikoa berrezartzeko, errusiar federazioari eskatzen diogu Donetsekeko Herri Errepublika bere baitan integratzeko eskaera azter dezala", adierazi du Denis Pushilin Herri Errepublikako presidenteordeak.
Luhansken botoa eman zutenen %89,7 agertu zen independentziaren alde, eta %10,1 kontra. Parte hartzea, berriz, %75ekoa zela jakinarazi zuen Donetskeko Herri Errepublikako Hauteskunde Batzordearen eledun Roman Liakhinek. 3,1 milioi lagun zeuden erreferendumean botoa ematera deituta.
Independentzia aldarrikapenaren ostean, Donetskeko Herri Errepublikako milizietako buruak adierazi du "operazio kontraterrorista" abiatuko duela. "Hemendik aurrera, nire aginduak soilik beteko dituzte soldaduek", adierazi du Igor Strelkov buruak. Ukrainaren menpeko polizia eta soldadu guztiek Donetskeko Herri Errepublikari leial izan beharko dute Strelkoven arabera. 48 orduko epea eman die horiei: bertan geratzen dena Strelkoven aginduetara egongo da —haren esanetan, gradu militarra mantenduko dute, eta soldata eta gizarte laguntzak izango dituzte—; besteek eskualdea utzi beharko dute.
"Ukrainako herritarren pazientziaren muga gainditu da". Viktor Ianukovitx Ukrainako presidente kendu berri dutena gogor agertu da zenbait hedabidetan zabaldu duen oharrean, eta Kieveko oraingo gobernuaren jarrera kritikatu du. Bere hitzetan herrialdearen hego-ekialdean egin zuten erreferendumaren emaitzak zerikusi zuzena du jarrera horrekin. Bere hitzetan, herritarrak "terrorista" deitu eta "inpunitate osoz hiltzea" ahalbidetzen duen beste edozein Estatu formaren alde bozkatzera joan dira herritarrak.
Galdeketa, independentziaz
"Harrigarriki erraza izan da botoak zenbatzea; oso jende gutxik bozkatu du ez eta boto baliogabeak ere oso gutxi izan dira, eta horrek ahalbidetu digu oso azkar zenbatzea", azaldu du Liakhinek. Behin-behinekoak dira oraindik emaitzak.
Hasiera batean, errusierari berriro lege estatusa emateaz eta Ukrainaren federalizazioaz galdetzeko asmoa agertu zuten Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken sustatzaileek. Azkenean, baina, independentziari buruzkoa izan da erreferenduma: "Babesten al duzu Donetskeko/Luhanskeko Herri Errepublikaren burujabetzarako Estatu ekintza?".
Ukrainako ekialdean, Donbas eskualde historikoaren parte diren Luhansk eta Donetsk probintzietan, errusiazaleek kontrolatzen dituzten hiri eta herrietan egin dute erreferenduma. Luhansken, parte hartzea %81ekoa eta independentziaren aldeko botoa %96koa izan da, Liakhinen esanetan. Aurkako botoa, berriz, %3,8koa izan da.
"Parte hartzeak gure aurreikuspenak gainditu ditu. Oso pozik gaude", nabarmendu du. Tentsioak gora egin zuen Krasnoarmeisken, Ukrainako armadak udaletxea eta hiriko polizia-etxe nagusia hartu baitzuen. Armadako kideek bi lagun hil zituzten tiroz. Luhansken, hainbat lagun zauritu ziren, Ukrainako armadako tankeei bidea moztu nahian.