KATALUNIAKO ERREFERENDUMA

Independentzia aldarrikatzea eta nazioarteko bitartekaritza helburu

Erreferendum legeari jarraituz, Puigdemontek erreferendumaren emaitzei balio loteslea onartzea espero da asteleheneko saioan, eta parlamentuari independentzia aldarrikatzea dagokiola defendatzea. Argitzeke dago parlamentuak bozketa egingo duen ala ez; baita independentzia gauzatzeko zein egutegi proposatuko duen ere.

Puigdemont, Generalitateko kideekin eta parlamentariekin batera, Kataluniako Parlamentuan, trantsizio legea onartu zen saioan. MARTA PEREZ, EFE
2017ko urriaren 4a
09:45
Entzun

Erreferendumaren emaitzak eskuan agertuko da Carles Puigdemont Kataluniako presidentea, datorren astelehenean, Kataluniako parlamentura. Puigdemontek azalduko du emaitza horietatik zein ondorio eratortzen den, "Erreferendum legearen 4. artikuluaren arabera". Hala onartu du gaur parlamentuaren bozeramaileen batzordeak, Junts pel Siren eta CUPen eskariz. Junts pel Sik ez du argitu astelehenean parlamentuak independentzia aldarrikatuko ote duen ala ez. CUPek, aldiz, argi esan du asteleheneko osoko bilkura Kataluniako Errepublika aldarrikatzeko saioa izango dela, eta Junts pel Sirekin ari dela adierazpen horren testua negoziatzen. Kataluniako hainbat hedabidek adierazi dutenez, Generalitatea, alderdi independentistak eta elkarte zibil subiranistak ari dira independentzia aldarrikatuko lukeen testua adosten.

Erreferendum legearen 4. artikulak jasotzen duenez, erreferendumaren emaitza loteslea da, eta independentziaren aldeko boto gehiago baldin badaude kontrakoak baino, emaitza horrek Kataluniaren independentzia du ondorio. Hala, Hauteskunde Sindikaturak emaitzaren berri eman ondorengo bi eguneko epean, ohiko osoko bilkura egin beharko du parlamentuak Kataluniaren independentzia formalki aldarrikatzeko, haren ondorioak jakinarazteko eta prozesu konstituziogilearen hasiera adosteko.

Osoko bilkurak jarraitu beharreko prozedura ez dago argi, ordea, eta iritzi kontrajarriak daude taldeen artean. Hauteskunde Sindikatura epaitegien ohartarazpenen ondorioz desegin zenez, organo hori berriz eratu ala ez eztabaidatzen ari dira Junts pel Si eta CUP. Oraindik argitu gabeko beste puntu bat da parlamentuak independentzia aldarrikapena bozkatuko duen ala ez.

Puigdemontek independentziarako bide orriaren egutegia zehaztea espero da, bestalde. Hainbat hedabide kataluniarren esanetan, hiru eta sei hilabete arteko epea aurreikusten du Generalitateak independentzia aldarrikapena gauzatu arteko urratsak emateko.

Independentzia aldarrikapenarekin batera, Generalitateak Europako Batasunaren bitartekaritza behartu nahi du. Europako Batzordeak uko egin dio momentuz, ardura hori hartzeari. Aldiz, hainbat eragile izan dira bitartekaritza errazteko haien burua eskaini dutenak; Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, bestak beste.

Ciudadanos, PSC eta PP independentzia aldarrikatzearen kontra agertu dira osoko bilkura deitu eta berehala. Ciudadanosek Kataluniako autonomia eteteko eskatu du beste behin. Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ezartzeko galdegin dio Madrili, Katalunian hauteskundeak deitzeko. PSC, berriz, Auzitegi Konstituzionaleta joko du. Berme helegitea aurkeztuko du osoko bilkura deialdiaren kontra. Azkenik, PPk manifestaziorako deia egin du igande honetarako. Societat Civil Catalanak Espainiaren batasunaren aldeko mobilizazioa antolatu du, eta harekin bat egin du Alderdi Popularrak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.