Katalunia

Independentzia aldarrikatzeko aurreakordio bat sinatu dute CDCk eta ERCk

Irailaren 27 hauteskundeei begira, burujabetza prozesuari buruzko bide-orriaren aurreakordio bat sinatu dute Katalunian CDC-Reagrupament eta ERC alderdiek. Independentziaren aldeko alderdiek boz plebiszitarioetan gehiengoa eskuratuz gero, 18 hilabeteko epe bat ezarriko lukete prozesua bururaino eramateko

Irailaren 27an hauteskundeak egiteko akordioa lortu zutenean, pertsona talde bat, akordioa ospatzen. MARTA PEREZ, EFE
Berria.eus
2015eko martxoaren 31
11:47
Entzun

Katalunian burujabetza prozesuaren bide-orriari buruzko aurreakordio bat sinatu dute astelehenarekin Artur Mas presidentearen eta Oriol Junquerasen alderdiek. CDCk eta ERCk —eta bide-orri horrekin bat egiten duten gainerako alderdiek— irailaren 27ko hauteskundeetan gehiengoa lortuz gero, Katalunia independentziara eraman behar lukeen bidea gehienez ere urte eta erdian burutzeko konpromisoa hartu dute CDCk, ERCk, ANC Biltzar Nazional Katalanak, Omnium Culturalek eta AMI Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteak.

Artur Masek hauteskunde plebiszitarioetarako deialdia egitean bihurtuko da akordio gaur sinatutako aurreakordioa. CUP alderdiarekin bide-orria partekatzeko hizketan ari dira aure-akordioaren sustatzaileak, eta UDC, ICV-EUiA eta MES batzeko itxaropena ez dute galdu, Josep Antoni Duran i Lleida eta Joan Herrera uzkur agertu izan diren arren.

Irailaren 27ko hauteskundeetarako programan, modu nabarmen batean sartuko dituzte bide orriarekin bat egiten duten alderdiek Katalunian burujabetza prozesua bururaino eramateko urratsak. Bozetan gehiengoa lortuz gero, Kataluniako Parlamentuan burujabetzari buruzko adierazpen bat sustatuko dute, Konstituzio proiektu bat idatziko dute gehienez ere hamar hilabeteko epean, beharrezko estatu egiturak plantan ezarriko dituzte, eta, gehienez ere hauteskundeak irabazi eta urte eta erdira, erreferendum batera deituko dute Kataluniako Konstituzioari buruz. Ondoren, berriro hauteskundeetara deituko lukete.

Tartean Espainiako Estatuarekin eta nazioarteko erakundeekin negoziazio prozesu bat hasi nahi dute burujabetza prozesuari buruzko bide-orri bateratua bultzatu duten indarrek. Baina, Espainiaren erantzuna ukazioa izanez gero, alde bakarreko independentzia adierazpena egitea planteatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.