Katalunia

Independentzia deklarazioa bertan behera uztea «hanka sartze historikotzat» jo du Puigdemontek

Adierazi du «akats bat» izan zela elkarrizketaren bidea aukeratzea, Espainiako Gobernuaren «engainu bat» izan zelako.

Carles Puigdemont, otsailean eginiko agerraldi batean. DAVID BORRAT / EFE
Iosu Alberdi.
2020ko maiatzaren 19a
14:13
Entzun

«[Urriaren] 10ean zerbait oso mingarria egin nuen, hanka sartze historiko gisa laburtu dudana: Independentzia aldarrikapena izoztea izan zen». Kataluniako presidente kargugabetu eta eurodiputatu Carles Puigdemonten hitzak dira horiek, EHUko Kazetaritzako hainbat ikasleri esanikoak, eta haien Lamordaza.com blogean argitaratuak. Puigdemontek adierazi du Espainiako Gobernuak elkarrizketari ekingo ziolakoan hartu zuela erabakia: «Espainiako estatuak elkarrizketa prozesu bat hasteko benetako borondatea zuela erakusten zuten frogak zeuden». Halere, argi utzi du, atzera eginez gero, ez lukeela erabaki bera hartuko.

Presidente ohiaren esanetan, dena «engainu bat» izan zen, Espainiako estatuak Konstituzioko 155. artikulua prestatzeko baliatu zuena: «Elkarrizketaren bidea aukeratu nuen, hori izan zen nire hutsegitea. Orain, ez nituen bertan behera utziko independentzia deklarazioaren eraginak». Izan ere, ez dio bidea ixten aldebakarrekotasunari: «Ez dut inoiz baztertuko».

Kataluniako presidente Quim Torrarekin eta haren taldearekin harremana mantentzen duela ere azaldu du Puigdemontek, aurrera begirako estrategiak definitzeko. Halere, publikora begira bigarren mailako rol bat izateko asmoa adierazi du: «Nik egin dezakedanak beharrezkoa ez den zarata sor lezake».

Espetxean dauden gainerako buruzagi politikoentzat amnistia ere eskatu du Puigdemontek, «konponbide politikorako» neurri sorta baten parte gisa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.