Independentzia deklarazioaren aldeko ahotsak, ugaritzen

Junts pel Sik eta CUPek elkarrizketak azkartu dituzte, Auzitegi Nazionalak Sanchez eta Cuixart espetxeratzeko erabakia oinarrizko eskubideen kotrako erasotzat jota. Gero eta gehiago dira negoziazioaren bidea agortuta dagoela dioten eragileak, eta irteera bakarra independentzia deklarazioa indarrean jartzea dela defendatzen dutenak.

Mireia Boya CUPeko parlamentaria eta CUPeko eta Junts pel Siko hainbat ordezkari, bi taldeek adostu zuten independentzia deklarazioaren aldeko adierazpena irakurtzen, joan den urriaren 10ean, Kataluniako parlamentuan. QUIQUE GARCIA, EFE
2017ko urriaren 17a
21:36
Entzun

Marta Pascal PDECateko koordinatzaileak adierazi du elkarrizketaren "ateari kolpe bat" ematea dela ANCko eta Omniumeko buruak kartzelatzea. "Puigdemontek esan zuen guztiari buruz hitz egiteko prest zegoela, baina ematen du ez dagoela inor beste aldean".

Urrunago joan da Mireia Boya CUPeko diputatua: elkarrizketaren bidea "agortutzat" eman du. "Bi preso politikorekin" negoziazio bat egiten saiatzea ezinezkoa dela ziurtatu du, eta Errepublika "ahalik eta azkarren" aldarrikatzeko eskatu du.

Marta Rovira ERCko idazkari nagusia ere gisa berean mintzatu da gaur. Kartzelatzeek erakusten dute Espainiako Estatuak ez duela negoziatzeko inolako asmorik, haren hitzetan. Negoziatutako konponbide bat iruditzen zaio egokiena, baina ezinezko sumatzen du: "Bide bat bakarrik gelditzen zaigu gure instituzio politikoak eta demokratikoak babesteko. Bidea egin behar dugu, eta errepublika berria eraiki".

Baziren egun batzuk Rovira mezu horrekin ari zela, baina gaur Oriol Junqueras Generalitateko presidentordeak ere esplizituki esan du "ahalik eta azkarren" beharko litzatekeela "inplementatu" independentzia deklarazioa. "Independentzia deklarazioa herritarrek egin dute jada. Orain lan egin behar da inplementazio hori ahalik eta modurik efikazenean gerta dadin eta, bistan da, ahalik eta azkarren".

Independentzia deklarazioa indarrean jartzeko eskariak ugaritzen ari dira egunak aurrera joan ahala. ANCk aurreko asteburuan ere eskaera egin zuen, eta Agusti Alcoberro presidenteordeak ideia bera errepikatu du gaur: "Puigdemontek Errepublika Katalana aldarrikatzeko ildotik jarraitu behar du, behingoz, erreferendumeko emaitzak errealitate instituzional eta politiko bat bihur dadin".

Miquel Buchek ere argi ikusten du independentzia dela orain jarraitu litekeen bide argiena. ACM Kataluniako Udalerrien Elkarteko presidentea eta Premia de Marreko alkatea da Buch. Haren esanetan, kartzelatzeek begien bistan jarri dute negoziazio bideak itxita daudela, eta justizia Espainiako Gobernuaren "zerbitzura" dagoela.

Junts Pel Si eta CUP, elkarrizketetan

CUPek baieztatu du Junts pel Sirekin elkarrizketetan ari dela egunotan, "Errepublikaren deklarazioa indarrean jartzeko unerik eta erarik egokiena" zein den aztertzeko. "Gure bila etortzen direnerako Errepublika deklaratuta aurkituko dute", adierazi du Mireia Boya CUPeko parlamentariak, Espainiako Estatuak Kataluniako ordezkarien kontra har ditzakeen neurriei erreferentzia eginez.

Boyak ohartarazi du Errepublika deklaratzea ez dela "nahi soila" dagoeneko, baizik eta "oinarrizko eskubideak eta askatasunak bermatzeko beharra". Ziurtatu duenez, "baldintza guztiak betetzen dira errepublika deklaratzeko, Trantsiziorako Legea aplikatzeko eta prozesu konstituziogilea martxan jartzeko".

CUPeko parlamentariak ez du zehaztu zein urrats emateko aukerak ari diren aztertzen taldeak, baina aurreratu du ez litzatekeela beharrezkoa parlamentuak independentzia deklarazioa bozkatzea.

Junts Pel Sik aukera bakarra dagoela deritzo, Espainiako Estatuaren "atxiloketa politikoak" direla eta: "Katalunia errepublika bihurtuko dela bermatzea, askatasunak eta oinarrizko giza eskubideak bermatuko diren errepublika", adierazi du Marta Rovira JPSren talde parlamentarioko bozeramaileak. Boyak bezala, Rovirak ere ez du argitu nola egin asmo duten bide hori. "Ezin dugu gardenak izan, gainean estatuaren errepresioa dugulako".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.