«Denek bozkatu nahi zuten aurreneko egunean; bozkalekuak mukuru egon dira». Mary Justo Tombe Hego Sudango Erreferendumerako Bulegoko ordezkariak bezperan bozkalekuen aurrean izandako ilaraz ari da hizketan. Berez larunbatera arteko epea dute herritarrek galdeketan bozkatzeko, baina, independentziarako unea aurreratuko dutelakoan, erruz ari dira bozkatzen. Dagoeneko hautesleen erdiek botoa eman dutela jakinarazi dute. Orotara 3,9 milioi lagunek dute bozkatzeko aukera, eta, inkesten arabera, %96k emango dute autodeterminazioaren aldeko botoa.
Igande goizean zabaldu zituzten bozkalekuak eta, ordurako, jendetza zegoen bozkatzeko zain. «Horren goiz etorri gara, bizi osoa daramagulako une honen esperoan». Ateny Wekek (47) janzki dotoreena ipini du. Bera bezala herritar askok eta askok herrialdearen historia latzean —bi gerra zibil egon dira— mugarri bat ezartzeko ikusmira dute bozkatzeko unean. Juba hiriburuak festa egunen antza du horregatik egunotan. Hegoaldeko Sudango ikurra eskuetan, dantzan eta kantuan ikus daitezke herritarrak bazterretan, danbor hotsenerritmoan.
Salva Kiir Sudan hegoaldeko gobernu autonomoko presidentea izan zen aurrenekoa bozkatzen. John Garang gerrillari ohi eta heroiaren hilobiaren aurrean paratutako bozkalekuan eman zuen boza presidenteak, goizeko zortzietan puntu-puntuan. Omar al Bashir presidenteak egindako adierazpenen harira, prozesua ez zela etengo jakinarazi du Kiirrek. Estatu berri baten sorrera ez dela zertan azkartu esan baitu berriki presidenteak, emaitzak onartzeko hitza eman bazuen ere.
Erreferenduma, berez, 2005eko bake akordioen emaitza da. Bertan zehaztuta dago petrolioaren irabaziak iparraldearen eta hegoaldearen artean partekatuko zirela galdeketa egin artean. Arazoa, baina, aurrerantzean gertatuko dena da. Hegoaldean daude petrolio erreserben %80, baina iparraldean daude horiek ekoizteko azpiegiturak. Egunean 490.000 petrolio upel ekoizten dira, eta horixe da diru iturri bakarra hegoaldean. Sudan aintzat hartuta, berriz, diru sarreren %60 suposatzen du petrolioak, eta, ez dirudi, beraz, hegoaldeari erraz emango diotenik amore agintariek.
Iparraldean egoera askoz samurragoa ez bada ere, hegoaldeak iragan eta orainaldi ankerra ezagutu du. Iparralde musulmanak kudeatu du boterea, eta hegoaldeko kristau eta animistak baztertuta egon dira urteotan; herritar gehienek egunean dolar bat baino gutxiagorekin bizi dira. Eta giza hondamendia handitzen ari da orain iristen diren errefuxiatuei erreparatuta. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, egunero bi mila lagun iristen dira, eta urritik 140.000 lagun itzuli dira jaioterrira. Nilo ibaiaren ertzetan ari dira paratzen errefuxiatu guneak, eta jada ura eta janaria falta zaie.
Hildakoak Abiein
Etorkizun duinago eta oparoago baten itxaropenez itzuli dira desplazatuok, baina, otsailaren erdialdean emango dituzten emaitzen ostean sortutako egoerak baldintzatuko du euren geroa. Baiezkoa gailentzen bada ere, independentziarako bideak oztopoak izango dituela aurreikusi baitaiteke, batetik mugak oraindik ere ezarri gabe daudelako. Bi mila kilometroko mugak bereizten du iparraldea eta hegoaldea; %80 dago zehaztuta. Bospasei eremu dira gatazka iturri eta, batez ere, horietako bat Abiei. Hagako auzitegian ari dira 10.000 metro koadroko eremu horren mugak ezartzen, baina, hango bi etnien arteko liskarrak areagotu egin dira egunotan; gutxienez 36 lagun hil dira. Dinka etniako kideek hegoaldearekin bat egin nahi dute, eta al massirijakoek, iparraldearekin.
Independentzia eskuratuko dutelakoan, erruz bozkatzen ari dira Hegoaldeko Sudanen
Jakinarazi dute hautesleen erdiek jada bozkatu dutela; Abiei eskualdean, dagoeneko, 35 lagun hil dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu