KOSOVO

Independentzia lortzeko asmoa berretsi dute

Bi leherketatan lau pertsona zauritu dira eta Poliziaren ibilgailu batek kalteak izan ditu

Erredakzioa
2005eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Kosovoko Legebiltzarrak eskualdearen independentzia lortzeko asmoa berresten duen ebazpena onartu zuen atzo, Pristina hiriburuan. Hasiera batean iragarritakoaren aurka ez da alde bateko erabakia izan. Hamar puntuko ebazpenak Serbiarekin eskualdearen independentziaren gainean egingo diren negoziaketen oinarriak zehazten ditu. Elkarrizketak abendurako aurreikusita daude eta NBE Nazio Batuen Erakundea bitartekari lanetan arituko da.

«Kosovoarren independentzia lortzeko nahia ez da negoziagarria», dio ebazpenak. Era berean, agiriak Kosovoren independentzia babesteko eskatzen die NBEri, AEB Ameriketako Estatu Batuei, EB Europako Batasunari eta beste hainbat herrialderi. Gainera, ebazpenak dio, independentziaren gaineko erabakiaKosovoko Legebiltzarrean edota erreferendum batean, soilik, hartu ahal izango dela.

Betoaren beldur

Hasiera batean iragarrita zegoenez, legebiltzarkideek Kosovoren independentzia aldarrikatzeko asmoa zuten. Hala ere, baina, Sabri Hamiti, Kosovoko Liga Demokratikoko kideetako batek azaldu zuenez, Europako eta AEBetako diplomatikoen «presio gogorrak» jaso ondoren aldatu zuten alde bakarreko aldarrikapena egiteko erabakia.

Diplomatiko europar eta estatubatuarrek alde bateko aldarrikapena egiteko asmoa berriz pentsatzeko oharra luzatu zieten Kosovoko agintari independentistei ebazpena onartu aurretik. UNMIK Nazio Batuen Erakundeko Kosovorako Misioko buru Soren Jessen-Petersenek ohartarazi zuen betoa jarriko ziola Kosovoko Parlamentuak egindako alde bakarreko independentzia aldarrikapenari.Legebiltzarraren ebazpenaren berri izan ostean Jessen-Petersenek eskualdearen estatusa erabakitzeko prozesua azkartzeko deia luzatu zien agintari kosovoarrei: «Kosovoko buruzagi politikoek estatusaren gaineko prozesua azkartzeko unea da». Guztien konpromisoa eskatu du Jessen-Petersenek: «Prozesua ahalik eta orokorrena izateko agintariek hartutako konpromisoa betetzea espero dut». Astelehenean iritsiko da Kosovora elkarrizketetan parte hartuko duen Martti Ahtisaari NBEko bitartekaria. Ahtisaari Finlandiako presidente ohiak Belgradera ere egingo du bisita. Joan den asteartean, hilak 15, Serbiako gobernuak Kosovoren estatusaren gaineko negoziaketetarako proiektua burutu zuen. Kosovoko gehiengo albaniarrak eskatzen duen independentzia baztertzen zen bertan. «Onartezina da nazioartean onartutako herrialde demokratiko baten mugak aldatzea bere borondatearen aurka», txostenak.Bestalde, lau lagun zauritu ziren, atzo, merkatu batean, lehergailu batek eztanda egin ondoren. Bertako hedabideek jakinarazi zutenez, hegoaldeko Stpce herrian gertatu zen leherketa. Batez ere, serbiarrak bizi dira bertan. Era berean, Pristinan, poliziaren ibilgailu batek kalteak jasan zituen herenegun leherketa batean. Kosovoko biztanleen gehiengoa albaniarrak dira. Balkanetako gerraren aurretik autonomia handia zuen baina Belgradek kendu egin zion Serbia eta Montenegroren pareko estatusa nahi zutelako. Serbiak zapalkuntza kultural eta politikoa bultzatu zuen orduan, eta albaniarrek gerrilla antolatu zuten. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak esku hartu eta Serbia eta Kosovo Bonbardatu zituen 1999an. Gerra amaitu zenetik NBEren zaintzapean dago eta independentzia lortzeko lanean ari da. Aurreikusitakoa betetzen bada abenduan hasi behar lukete negoziaketekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.