Egun historikoa du gaur Kosovoko estatu gazteak. Duela bi urte independentzia aldarrikatu zuenetik lehenbizikoz, Parlamentua osatzeko hauteskundeak eginen dituzte. Berez, 2011rako iragarrita zeuden, baina Fatmir Sejdiu presidenteak joan den irailean dimisioa eman ondotik, PDK Kosovoko Alderdi Demokratikoaren eta LDK Kosovoko Liga Demokratikoaren arteko gobernu koalizioa hautsi eta krisialdi politikoa sortu zen. PDK-k 2007ko hauteskundeak irabazi zituen, eta LDKrekin osatu zuen gobernua. Hain zuzen ere, gobernu horrexek aldarrikatu zuen independentzia, 2008an. Zailtasun ugarirekin egin du aitzinera estatu independenteak, eta bozen irabazleak bi erronka nagusiri egin beharko die aurre: langabeziari eta ustelkeriari.
Kosovo Europako herrialderik pobreenetako bat da gaur egun, eta independentziak ez du egoera hori aldatu. Langabeziaren zifra ofizialak %47koak dira, eta herrialdearen eskualde batzuetan, %80rainokoa da. Gazteen artean, langabezia tasa %70 ingurukoa da. Kontuan hartu behar da Kosovoko biztanleen %65ek 30 urte baino gutxiago dutela. Per capita errenta, berriz, 1.850 eurokoa da, eta batez bertzeko soldata, 272 eurokoa, Munduko Bankuaren arabera. Iturri berberak dio biztanleen %45 pobrezian bizi direla, eta %15, pobrezia larrian. Herrialdeko inbertsio nagusiak estatuak berak sustatutakoak dira, baina horien gibelean AEB Ameriketako Estatu Batuetako eta Europako hainbat enpresaren itzala dago. Izan ere, azpiegitura handiak finantzatzeko, NDF Nazioarteko Diru Funtsak enpresa publikoak pribatizatzera bultzatu du Kosovo.
Herrialdearen bertze mamu nagusia ustelkeria da. Nazioarteko Gardentasuna gobernuz kanpoko erakundearen sailkapenaren arabera, 178 herrialdetatik 110.ena da Kosovo. Sailkapen horrek, biztanleriak bere herrialdeko ustelkeria egoerari buruz duen iritzia biltzen du. Gero eta posizio altuagoan egon, ustelkeriaren gero eta pertzepzio handiagoa dagoela erran nahi du. 110. postuan egoteko arrazoirik ez zaie falta kosovoarrei. Izan ere, gobernuko ministro bat eta goi kargu ugari eta Banku Zentraleko presidente ohia ikerketapean daude ustelkeria, diru garbiketa eta eroskeria egotzita. Ustelkeria, baina, NBEko eta EB Europako Batasuneko misioetara ere hedatu dela salatu dute Kosovoko gizarte eragileek.
Krisialdi politikoa, berriz, Auzitegi Konstituzionalaren erabaki batek hasi zuen. Sejdiu estatukoeta LDK-ko presidentea zen aldi berean, eta hori bateraezintzat jo zuen auzitegiak. Azaroan, berriz, gobernuaren aurkako zentsura mozio bat onartu zuen Parlamentuak, eta, horren ondorioz, Jakup Krasniqi jarduneko presidenteak ganbera desegin eta hauteskundeak iragarri zituen. Kosovo independentearen historiako lehen gobernua desegin zen horrela.
Inkesten arabera, koalizio gobernua osatzen zuten alderdietako bi hautagaien artean erabakiko da gaurko lehia. Faboritoa Hashim Thaci da, PDK-ko hautagaia eta jarduneko lehen ministroa -inkesten arabera, bozen %30 lortuko ditu-. 1990eko hamarkadan UCK Kosovoko Askapenerako Armadako burua izan zen Thaci. Gerra amaituta, 1999an, PDK alderdia sortu zuen, eta 2007an hauteskundeak irabazi zituen lehenbiziko aldiz, artean Kosovo NBE Nazio Batuen Erakundearen babespeko lurraldea zela. 2008ko otsailaren 17an, berak irakurri zuen Serbiarekiko independentziaren aldarrikapena Kosovoko Parlamentuan. Thaciren aurkari nagusiak, berriz, Isa Mustafak,bozen %28 lortuko ditu, inkesten arabera. LDK-k Sejdiuren ordez hautatu duen liderra da Mustafa, eta Pristina hiriburuko alkatea da 2007az geroztik. 1990eko hamarkadan, Kosovoko Gobernuaren Ekonomia ministroa izan zen erbestean.
Serbiarren jarrera
Parlamentuko 120 eserlekuak betetzeko, 29 alderdi politiko aurkeztuko dira gaurko bozetara. Jarleku horietatik hamar gutxiengo serbiarrari dagozkio, eta bertze hamar, berriz, gainerako gutxiengo etnikoei. Serbiako Gobernuak eta Eliza ortodoxoak boikot egiteko eskatu diete Kosovoko serbiarrei. Iparraldean, Serbiako mugan, indarra izan dezake boikot horrek; hala ere, gutxiengo serbiarraren zortzi alderdi politiko aurkeztu dira.
Inkestek diote, ordea, Parlamentuan indar handiz sar litekeela bozetara lehen aldiz aurkeztuko den mugimendua: Vetevendosje (Autodeterminazioa). Albin Kurti entzutetsua lider duela, hamar jarleku lor ditzake. Vetevendosje da Kosovok Albaniaren zati izan behar duela defendatzen duen alderdi bakarra.
Indarkeria politikoa garai batekoarekin alderagarria ez den arren, kanpainan argi gelditu da ez dela erabat desagertu. Izan ere, iragan asteazkenean Kosovoko gutxiengo bosniarraren buru politikoa, Sefko Salkovic, hil baitzuten tiroz. Vakat alderdiko hautagaia zen, eta Kosovoko erakundeekin elkarlanean jardutearen alde agertu zen.
Independentzia ondorengo lehen bozak dituzte gaur Kosovon
Langabezia tasa altuari eta erakundeetako ustelkeriari aurre egin beharko dio gobernu berriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu