Eskozia. Independentziari buruzko erreferenduma (IV). Patricia Ferguson. Eskoziako Alderdi Laboristako eleduna

«Independentziak, lortuz gero, ez luke atzera biderik izango»

Alderdi politikoei erreferenduma zertan den ez azaltzea leporatu diote laboristek Alex Salmond lehen ministroari; Erresuma Batutik bereizteak izan ditzakeen ondorio «txarrak» herritarrei azaltzeko kanpaina luze eta gogor bat iragarri dute.

JON FERNANDEZ.
Jon Fernandez.
Edinburgo
2012ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Eskoziako Alderdi Laborista oposizioko talde nagusia da Edinburgoko legebiltzarrean. Patricia Ferguson (Glasgow, 1958) laboristen eleduna da kultura eta atzerri gaietan. 2001etik 2007ra hiru ministerio gidatu zituen Eskoziako Gobernu laboristetan: Turismo eta Kultura ministerioa eta Gaelikoarena, besteak beste.

Paradoxa dirudi 1999an eskumenak bueltatzea bultzatu zuen alderdiak orain devo-max aukera baztertzea. Zuen bozkatzaile gehienek ere aukera hori babesten dute.

Horixe da, hain zuzen, arazoa. Ez dakigu zer den devo-max hori. Inork ere ez daki. Gu beti egon gara Edinburgok botere handiagoa izatearen alde. Hamabi urte dira legebiltzarra sortu zela, eta eskumen ugari orain ari gara jasotzen. Kontua da eskumenen berreskurapenak eztabaidan eta negoziazioan oinarrituta egon behar duela.

Galdeketak ez al du eztabaidarako tarterik ematen?

Galdera bakarra izan behar da. Erresuma Batutik bereiztea auzi garrantzitsu eta korapilatsua da, eta eztabaida horretan bakarrik zentratu behar da, ez bestelako aukeretan. Galdeketa argia izan behar da. Eskaintzen dietena ondo ulertu behar dute herritarrek. Independentziak, lortuz gero, ez luke atzera biderik izango. Ondo pentsatu beharreko erabakia da. Horregatik, galdeketak oso-oso argia izan behar du, bigarren aukerarik barik.

Galdeketan independentziak irabaziko balu, zer jarrera izango luke Eskoziako Alderdi Laboristak?

Errefereduma legezkoa, argia eta erabakigarria bada, laboristok normal onartuko dugu ateratzen den emaitza. Jakina. Beti onartu ditugu eskoziarren erabakiak. Lan gogorra egingo dugu gobernu indartsu bat osatzeko, edozein delarik ere egoera berria.

Baina independentzia ez da zuen aukera.

Eskoziako Parlamentuak dituen botereak hobeto erabiltzea nahi dugu guk. Ez gaude ados Erresuma Batutik alde egitearekin.Gainera, gehiegi luzatzen arida Alex Salmond galdeketa egiteko. Bi urte gehiago eskatu ditu orain.

Kanpaina egiteko urteak izango dira denentzat.

Erreferendumean ezezkoak irabazteko kanpaina egingo dugu guk, baina oraindik ez dakigu galdera bat ala bi izango diren. Salmonden eta bere gobernuaren esku dago dena. Ez dakigu zer gertatuko den azkenean galdeketarekin; azken bost urteetan, Salmondek berak galarazi dio Eskoziak galdeketa egitea.

Salmondek berak?

Bai. Aurreko legealdian ez zuen ezer ere egin galdeketa egiteko. Harrituta gaude zenbat ari den luzatzen SNP, zergatik ez duen erreferenduma lehenago egin.

Orain dela hiru aste arte, Londresek ez dio eman aukerarik galdeketa egiteko.

David Cameronen eta Salmonden arteko eztabaidak ez liguke arreta galarazi behar. Eztabaida politikoan ari dira. Burujabetzak Eskoziari ekarriko liokeenaren inguruan zentratu behar genuke eztabaida. Cameronek, teknikoki, arrazoi duela uste dut. Eskoziako Gobernuak ez du galdeketa egiteko eskumenik. Bestalde, lasaigarria da jakitea negoziatzen ari direla oztopo hori nola gainditu.

Zer lortuko dute negoziazioek?

Cameronek arrazoi du, eta ziur nago Salmondek badakiela hori. Luze gabe akordio bat lortuko dutelakoan nago.

Jendaurrean, baina, kontrako diskurtsoak agertzen dituzte.

Laster dira biltzekoak biak, eta gauzak bere onera ekartzen hasiko dira. Cameronek baimena eman diezaioke Eskoziako Gobernuari galdeketa egiteko, eta horixe da egin nahi duena.

SNPk Edinburgon duen gehiengoa baliatuko du bere egitasmoa aurrera ateratzeko.

Parlamentuan gehiengoa izateak ez du esan nahi gizartean gehiengoa independentziaren alde dagoenik. Inkesten arabera, eskoziar gehienak Erresuma Batuan jarraitzearen alde daude.

2014rako, baina, alda daiteke joera.

Zoritxarrez, hala da. Guk oso gogor lan egingo dugu jendeari azaltzeko zergatik den txarra Erresuma Batutik alde egitea. Nire patriotismo sendoak ez dit uzten nazionalista izaten.

Independentziaren ondorioez argi hitz egiteko eskatu diozue Salmondi.

1997an, laboristok Londresko gobernura iritsi ginenean, Eskoziari eskumenak itzultzeko galdeketara deitu genuen. Aurreko hamarkadan, Eskoziako alderdi politiko eta gizarte eragileen artean eztabaida sakon bat izan zen eskumenak itzultzearen inguruan. Konbentzio Konstituzionala sortu zen, eta itun zabala lortu. SNPk eta kontserbadoreek, ordea, ez zuten parte hartu Konbentzio Konstituzionalean. Hori izan zen eskumenak bueltatzeko eskaintzaren oinarria. Hortaz, 1997rako guk bagenekien zein zen eskoziarren nahia. Salmond ez da ari horrelakorik egiten. Argiago hitz egin beharko luke gainerako alderdiekin eta gizartearekin. Guk eztabaida egitea eskaini diogu, baina alferrik.

Komunikazioa ez al da ona alderdien artean?

Ez. Gurekin ez du galdeketaren inguruan hitz egin. Etsigarria da. Eskoziak, orain arte, ez du horrela funtzionatu.

Salmonden «hipokrisia» salatu duzue laboristek, azkenaldian.

Hala da. 1988an ez zuen sinatu Eskoziako eskubideen aldarrikapena, eta orain testu hura berresteko eskatu digu laboristoi eta liberal-demokratei. Guk sinatu genuen 1988an! Berak ez! Hipokrisia handia da hori. Gainera, beti argudiatu izan du Londres ari dela oztopatzen independentziarako galdeketa. Ez da egia. Kontua da orain arte ez duela ahaleginik egin galdeketa egiteko. Hauxe da lehen aldia, eta guztion gustukoa ez den galdeketa bat egin nahi du. Iaz esan zuen gainerako alderdiekin lan egingo zuela. Ez du hitza bete, eta hori oso tristea da.

Jabetzen zarete galdeketak nazioartean piztu duen interesaz?

Bai. Europar ugari daude begira; neurri batean, antzeko egoerak dituztelako. Euskal Herriak, esaterako. Gainera, auziak eragin handia du bai Erresuma Batuan eta bai Europako gainerako nazioetan, bateratzen gaituzten egiturei dagokienean.

Salmonden arabera, Eskoziak ez luke eskatu beharrik Europako Batasuneko kide izatea.

Beste hainbat gaitan bezala, horretan ere oker dago Salmond.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.