Herrialde Katalanak

Independentziaren aldeko botoak irabaziko luke erreferendum batean, Kataluniako barometroaren arabera

CEOk argitaratutako inkestan ageri denez, herritarren %47,7 daude Espainiatik bereiztearen alde, eta %42,2 aurka. %8,3k ez dakite zer erantzun.

jarraia125139.jpg
mikel rodriguez
2016ko uztailaren 22a
17:14
Entzun

CEO Iritziaren Ikerketarako Zentroak 2014ko abendutik egindako inkestetan lehenbiziko aldiz gailendu da independentziaren aldeko botoa. Eragile independentistek hilabete lehenago egin zuten independentziari buruzko galdeketa, 2014ko azaroaren 9an. Ordutik, Kataluniako barometroaren inkestetan galtzaile atera da independentziaren aldeko hautua, gaur argitaratutakora arte.

Azken inkesta Espainiako hauteskundeen ondoren egin du CEOk, ekainaren 28tik uztailaren 13ra arte. 1.500 galdeketako lagin bat erabili du.

Independentziaren inguruko erreferendum batean erantzunen luketena galdetzeaz gain, herritarrek Espainiarekin zehazki zer-nolako harremana nahiko luketen ere galdetu du CEOk: %41,6k Katalunia estatu independente bat izatea nahi dutela erantzun dute; %26,5ek gaur egun bezala jarraitu nahi dute; %20,9k estatu federal bat nahi dute Espainia barrenean; eta %4k Katalunia Espainiako eskualde soil bat izatea nahiko lukete.

Catalunya Si Que Es Pot-en, %30,5 alde

Alderdi bakoitzeko jarraitzaileek independentziaren inguruan duten jarrerari buruzko datuak ere argitaratu ditu CEOk. Datu nabarmenena Catalunya Si Que Es Pot ezkerreko alderdi unionistarena da, inkestaren arabera haren boto-emaileen %30,5 baitaude independentziaren alde —aurka %55, eta %12k ez dakite zer erantzun—.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.