Indiak bake ituna sinatzea proposatu dio Pakistani

Islamabadek ontzat jo du proposamena, eta ausardia eskatu du

Erredakzioa
2006ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Duela bi urte abian jarri zen bake prozesuan aurrera egiteko, «pentsaezina pentsatzeko» proposamena egin zuen atzo Indiako lehen ministro Manmohan Singhek: «Ziur naiz aurrera egiteko gai garela baldin eta alde guztiek errealitatea onartu eta historiari eta etorkizunari elkarrekin begiratzen badiogu». Bake prozesuaren azken xedea bake, segurtasun eta adiskidetasun itun bat sinatzea dela esan zuen: «Ez dugu beldurrik eta iraganeko errezeloak eta etsaitasunak atzean utzi behar ditugu».

Kaxmirko gatazkari irtenbide pragmatikoak bilatu behar zaizkiola eta, ildo horretan, pixkanaka-pixkanaka hurbiltzeko proposamena egin zuen: «Sarritan esan dut mugak ezin direla berriro trazatu, baina garrantzitsuak izan ez daitezen lan egin dezakegu mapan lerro batzuk soilik izan arteraino». Elkarren arteko harremanak hobetzeko bestelako aferetan aurrera egitea, dena den, ezin dela auzi zehatz horretan irtenbide bat bilatzeari baldintzatuta egon iritzi dio Singhek: «Okerra izango litzateke».Amritsar (Indiaren menpeko aldean) eta Nankana Sahib (Pakistanen menpe) hiriak lotuko dituen autobus zerbitzu berri bat zabaltzeko ekitaldian egin zituen adierazpen horiek lehen ministroak. Orotara 29 pertsonak egin zuten estreinako bidaia.Pakistanek harrera ona egin zion proposamenari. Tasnim Aslam Atzerri Ministerioko bozeramaileak lehen ministroaren hitzetan «sentimendu positiboak» ikusten zituela adierazi zuen. Kontrol Lerroa onartzeak suposatzen duen status quo-ari onartezina iritzi zion. Islamabaden arabera, gatazkari behin-behineko irtenbidea eman ahal izateko alde bietako buruzagi politikoek «urrats ausartak» eman beharko dituzte: «Zintzotasuna eta malgutasuna behar ditugu iragana gainditzeko».

Gatazka luzea

2004. urteko urtarrilean hasi zituzten negoziazioak Indiak eta Pakistanek. Bi herrialdeek harremanak sendotu dituzte orduz geroztik, baina gatazkaren muinean ezer gutxi egin dute aurrera. Kaxmir aldarrikatzen dute bi herrialdeek. Erresuma Batuaren independentzia eskuratu ondoren zatitu ziren bi herrialdeak, 1947. urtean. Orduz geroztik, bi herrialdeen artean izan diren hiru gerretatik bi auzi hori izan dute atzean. 1949. urteko su-eteneko lerroak banatzen du Kaxmir. Independentzia aldarrikatzen duten gerrillari talde eta segurtasun indarren arteko borroka eta erasoetan 50.000 pertsona hil dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.