mundua

Indiak harreman homosexualak zigortuko ditu berriro

Auzitegi Gorenak orain bertan behera utzi du duela lau urte horiek legeztatzeko hartutako erabakia.

2013ko abenduaren 11
17:57
Entzun

Lau urtez Indian harreman homosexualak ez dira delitu izan. 2009an, Auzitegi batek legeztatu egin zituen, konstituzioaren arabera ezin zitezkeela zigortu argudiatuz. Auzitegi Gorenak, berriz, erabaki hori bertan behera utzi du orain, eta, aurrerantzean, berriro delitu izango dira. Gorenak dio botere legegileak aztertu beharko lukeela artikulu hori Zigor Kodetik kentzea. Gobernuak, baina, esan du Gorenaren erabakia errespetatu besterik ezin duela egin.

Orain dela 148 urtekoa da harreman homosexualak zigortzen dituen Zigor Kodeko artikulua. 2009ko erabakia hartu zutenean argudiatu zuten Indiako Konstituzioaren kontrakoa zela adindunen arteko baimendutako sexu harremanak zigortzea. Hainbat erlijiotako ordezkarik, ordea, tartean kristauak, musulmanak eta hinduak, helegitea aurkeztu zuten, eta kontrako erabakia hartu du orain Gorenak. 

Azken erabaki horrek homosexualen eta giza eskubideen aldeko hainbat elkarteren kritika jaso du. "Auzitegi Goren maitea. Gure legeen arabera, ezkontzaren barruan egiten den bortxaketa bat legezkoa da, baina baimendutako harreman homosexualak, ez", salatu du Twitterren Meena Kandasamy poeta indiarrak. Erabakia Erdi Arokoa eta izugarrikeria bat dela salatu dute askok.

Homosexualen eskubideen aldeko manifestazio batera deitu nahi zuten hainbatek, baina ez diete horretarako baimena eman, eta parte hartzen duen edonor atxilotuko dutela ohartarazi dute. Gorenaren erabaki horren ondoren, Nepal da orain Asia hegoaldean harreman homosexualak zigortzen ez dituen herrialde bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.