1947an independentzia lortu zutenetik hainbat gerra piztu izan dira Indiaren eta Pakistanen artean Kaxmirren gaineko kontrola dela eta. Hala ere, egoera nabarmen baretu zen 1971n, bi estatuek lurraldearen zatiketa adostu baitzuten. Baina bart gaueko erasoaldiak tentsioa handitu du.
Pakistango iturrien arabera, Indiako bi hegazkin militar euren kontrolpeko Kaxmirko aire eremuan sartu dira, eta bota egin dituzte. Bi pilotuak atxilotuta daudela jakinarazi dute. Indiak, ordea, ukatu egin du halakorik. Aurrez, Indiako iturriek jakinarazi dute Pakistango aireko bat erori dela euren kontrolpeko Kaxmirko eremuan, eta hiru pertsona hil direla. Kasu horretan, Pakistango Gobernua izan da albistea ukatu duena.
Azken egunetan izan da eraso gehiagorik ere. Aste hasieran, Pakistango milizia batek 40 militar hil ditu Indiaren menpeko Kaxmirren. Pakistango ipar-mendebaldeko Balakot hiria bonbardatuz erantzun dio erasoari Indiako armadak. Haren arabera, hainbat miliziano hil dituzte. Pakistanek onartu du Indiako gerra hegazkinak sartu direla bere aire eremuan, baina ez hildakorik eragin dutela.
Hegaldi komertzialak, bertan behera
Bi estatuen arteko gatazkak eragina izan du hegaldi komertzialetan ere. Pakistanek bertan behera utzi ditu bost aireportutatik irtetekoak ziren hegaldiak, tartean Islamabadekoak eta Lahorekoak; eta berdin egin du Indiak ere. Nazioarteko hegaldiak ere aldatu egin dituzte euren ibilbideak Kaxmir gainetik igaro behar ez izateko.