Gose grebak, mobilizazioak, diputatuen dimisioak, atxiloketak, greba orokorrak... Abenduaren hasieran Indiako Gobernuak iragarri zuen bere herrialdean Telangana estatu berria sortzeko erabakia babesten zuela. Geroztik, Indian erabaki horren aurkako eta aldeko protestak izan dira nagusi. Istiluen larria kontuan hartuta, Gobernuak atzera egin du, eta adierazi du auzian zerikusia duten alde guztiak kontuan hartu beharko direla erabakia hartu baino lehen. Azken adierazpen horrek, baina, ez ditu baretu protestak.
Telangana estatua egungo Andhra Pradesh estatutik sortuko litzateke, Indiako hegoaldean. Hiru eskualdek osatzen dute egun Andhra Pradesh: Andhra, Rayalaseema eta Telangana. Abenduan, Gobernuak bere hasierako erabakia ezagutzera eman zuenean, Telanganako 35 milioi herritarrek pozik hartu zuten estatu berria sortzeko aukera.
Izan ere, azken urteetan, berezko estatuaren aldeko aldarrikapenak etengabeak izan dira Telanganan. Haien ustez, Gobernuak Telanganako herritarrak baztertzen ditu eta atzerapen ekonomikora kondenatu nahi ditu. Orain 40 urte, Hyderabad hiriburuko unibertsitatean 400 lagunek bizia galdu zuten Telanganarentzat estatua sortzeko protestetan parte hartzeagatik. Iazko abenduan bertan, Poliziak 2.000 ikasle baino gehiago atxilotu zituen estatu propioaren aldeko mobilizazioetan.
Dimisioak Gobernuan
Andhra Pradesh estatuko beste bi eskualdeetan, erreakzioak bestelakoak izan dira. Telanganak berezko estatua izatea gogor gaitzetsi dute herritar gehienek; batik bat, Hyderabad hiria estatu berriaren hiriburua izango litzatekeelako. Indiako seigarren metropolia da Hyderabad, eta multinazional ugariren egoitzak daude han: Google, Microsoft, Alcatel Lucent, Hewlett-Packard... Hala ere, Telanganako estatu berria ekonomia aldetik oso atzeratuta dauden probintziaz osatuta egongo litzateke, Hyderabad hiriburua gorabehera.
Telanganako estatu berriaren aurkako mobilizazioak etengabe areagotu dira azken asteetan. Andhra eskualdeko hiri garrantzitsuenetan istiluak egon dira manifestarien eta Poliziaren artean. Ehunka pertsonak, gainera, estatu berriaren aurkako gose greba hasi dute. Haatik, presiorik handiena Andhra Pradesheko beste bi eskualdeetako politikariek egin dute. Izan ere, bi eskualdeetako 128 diputatuk dimisioa aurkeztu dute, Andhra Pradesheko parlamentu autonomoan.
Dimisioek krisia eragin dute, dimisioa aurkeztu duten 76 diputatu Kongresua alderdikoak direlako. Alderdi horixe dago Indiako Gobernuan, eta harexek babestu du estatu berria sortzeko erabakia. Andhra Pradesheko gobernu autonomoaren beste hamahiru sailburuk ere dimisioa aurkeztu dute. Egoera ikusita, ez dela «bidegabekeria bat» gertatuko agindu die Sonia Gandhi Kongresua alderdiko buruak bere alderdikideei, Telanganako estatuaren sorrera kolokan jarrita hala.
Indiako beste etnia gutxitu batzuek, gainera, Telanganan sortutako eztabaida baliatu dute beren lurraldeentzat estatu bereiziak eskatzeko, Gorkhaland eta Maharashtra eskualdeetan kasu. 1956. urtean India 28 estatutan banatua gelditu zen; hizkuntza irizpideak kontuan hartuta egin zuten banaketa. Andhra Pradesh estatuak telugu hizkuntza hitz egiten duten herritarrak hartzen ditu.
Indiako estatu berria kolokan, istiluengatik
Hautsak harrotu ditu Indiako Gobernuak estatu berri bat sortzeko apustuak. Telangana estatua sortzearen aldeko eta kontrako mobilizazioek ezbaian jarri dute Gobernuak hartutako erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu