INDIAKO LEGEBILTZARRERAKO BOZAK. Hauteskunde neurrigabeak

Bost aldiz egingo dute behe ganberako 543 eserlekuak aukeratzeko prozesua, gaurtik maiatzaren 13a bitartean

2009ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Handiena ez da onena. Ez egokiena, garbiena, gardenena. Indiaren kasuan, handiena handiegia da: neurrigabea. Izan ere, neurriz kanpoko lana izango du Hauteskunde Batzordeak gaur hastekoak diren Legebiltzarreko behe ganberarako - Lok Sabha - bozetako botopaperak zenbatzen. 714 milioi indiar deitu dituzte parte hartzera. Guztiek bozkatzen badute, Euskal Herriko biztanle guztiek bozkalekuetara 250 aldiz joango balira bezainbeste papertxo pilatuko dira. Everest bat botopaperez, milioi bat makinek zenbatuko badituzte ere.

Hori hala, gehiegizko lana arintze aldera eta logistikaren mesedetan, bost aldiz egingo dituzte hauteskunde horiek: eskualdeka. Hala, gaur, herrialdearen ipar eta erdialdeko biztanleen txanda da bozkatzeko; hamabost estatutakoei, zehazki. Eta hurrengo saioak izango dira: apirilaren 23an eta 30ean eta maiatzaren 7an eta 13an. Ezustekorik izan ezean, maiatzaren 16an jakinaraziko dituzte emaitzak.

Ezustekorik ez da izango, ordea, emaitza jakinik aurrez ikusi ezin daitekeen neurrian. Edozein izan liteke irabazle. Inkestek hiru aukera plazaratu dituzte: batetik, azken bost urteetan agintean den UPA Aliantza Batu Progresiboak bere lekuari eustea. Gandhi-Nehru dinastia politikoaren Kongresua alderdiak gidatzen du koalizio hori. Bestetik, horren etsairik gogorrenak irabaztea: NDA Aliantza Demokratiko Nazionalak. Horrek agindu zuen Indian aurreko bosturtekoan. Bigarren koalizio horren burua BJP Bharatiya Janata alderdi hinduista-abertzalea da.

Batak besteari erasoz egin dute kanpaina bi alderdi nagusi horiek. Kongresua alderdiak garapen ekonomikoaren aldeko apustua egin du hasieratik. Bere agintaldian, BPG barne produktu gordina 8,6 puntu igo da batez beste. Eta hori gogorarazi dute lehen ministrogai Manmohan Sighek, Sonia Gandhik, haren eta Rajiv Gandhi zenaren alaba Priyankak eta seme Rahulek behin eta berriz. Azken horrek bere alderdiak bost urtean martxan jarritako gizarte programak zerrendatu ditu hitzaldi bakoitzean: behartsuenei 100 egunez lan egiteko eskubidea ematen diena, eskolei diruz laguntzen diena, nekazariei zergak arintzen dizkietena eta abar. «Pobreenei eskutik heldu behar diegu», zioen Sonia Gandhik agertokitik, Chhattisgarh erdialdeko estatuan. Landa eremuan bira egin berri zuen. Han eragin du gogorren ekonomia krisiak, eta, beraz, nekazarien botoak aldeko izango dituztelakoan daude Kongresua alderdiako buruzagiak. Indiako biztanleen %40 Munduko Bankuak ezartzen duen pobrezia lerroaren azpitik bizi dira; egunean 0,94 dolar baino gutxiagorekin, alegia.

Krisi hori bera baliatu du BPJ alderdiak, baina, lehiakidearen estrategiari eraso egiteko. L. K. Advani hautagaiak azken urteko hazkunde tasa Gahndi-Nehru dinastiakoek aipatutako batez bestekoa baino txikiagoa dela zehaztu du. Aurten zazpi puntu igo da, hain zuzen. Estrategia hori ikusirik, odolkiak eman dizkiote ordainetan Kongresua alderdikoek. BPJren apustu nagusiari heldu diote, terrorismoaren kontrako borrokari, kontrakanpaina egiteko. Eta Advani Barne ministro izandako garaiko -1998 eta 2004. urteetan- zapi zikinak atera dituzte: 1999an Indian Airlines konpainiako hegazkin bat bahitu zuten. Bahitzaileen eskaerei men eginez, Afganistango Kandahar hirira desbideratzen utzi zien Advanik. Orain segurtasun nazionala «auzitan» jarri izana leporatu dio jendaurrean Sonia Gahndik, aske utzitako bahitzaileetako batek Indiaren kontrako ekintzaile talde bat osatu baitzuen ondoren.

Bi leihakide horietako baten garaipenaz haratago, inkestek beste ahalbide bat ere ez dute baztertzen; Hirugarren frontea irabazle izango duena, hain zuzen. Eskualdeko alderdiek osatutako koalizioa da hori - UPA eta NDA nazionalak dira, eta estatu guztietan dute presentzia-. Kumari Mayawati Uttar Pradesh estatu jendetsuko buruzagiaren inguruan bildu dira.



1.715

Behe ganberarako hautagaiak. Bozkatzera deitu dituzten 714 milioi indiarrek 1.055 alderditako 1.715 hautagaien artean aukeratu beharko dute gustukoena. Kolore guztitako programa politikoak aurkeztu dituzte haiek. Hautagai horietatik 122 baino ez dira emakumezkoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.