Indian 49 lagun hil dituzte Poliziaren aurkako eraso batean

Poliziak gerrillari maoistei egotzi die atentatua; azken hilabeteotako handiena izan da

arantxa iraola
2007ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Indiako Chatisgarh eskualdeko polizi postu baten kontrako erasoan, Dantewada barrutian, 49 pertsona hil zituzten atzo.Indiako gerrilla maoisten ekintza izan zela esan zuen Poliziak. «500 maoista armatuk polizi postuari eraso egin zioten granadak, eta molotov koktelak erabiliz», eman zuen aditzera eskualdeko Poliziako arduradun Bastar R.K. Vijek. Hildakoez gain beste 13 lagun erietxera eraman behar izan zituzten artatzera, zaurituta zeudelako.

Erasoa egin zuten orduan Indiako Poliziako 24 kide zeuden postu barruan, eta laguntzaile bezala polizi lanetarako hartutako beste 55. Laguntzaile horiek, berez, inguruetako herritarrakdira, Poliziari maoisten kontran borrokan laguntzeko hartutakoak. Asko miseria gorritik ihesi sartzen dira egiteko horretan, hilean 1.500 rupia (25 euro) kobratzeko modua ikusten dutelako. Eraso hau gerrillari maoistena bada, azkenaldian egindako handiena litzateke.

Maoistek etenik gabeko jarduera dute Indiako 12 eskualdetan. Chastigarh kaltetuenetakoa da; igaro bi urteotan 1.187 indarkeria ekintza leporatzen dizkiete. Kasu gehienetan, ekintza txikiagoak egiten dituzte. Aurreko ekintza handia iazko uztailaren 17an egin zuten Erraboreko errefuxiatu gunearen kontra, orduko hartan 60 lagun hil zituzten. Orain aste batzuk ere, martxoaren 5ean, oihartzuna izan zuen ekintza bat egin zuten; Jharkhan probintzian Sunil Mahato diputatua eta haren bi bizkartzain hil zituzten.



NAXALITAK. Indiako gerrillari maoistek naxalita izena hartzen dute.Bengalako Naxalbari eskualdetik datorkie izena, 1967. urtean han errebolta bortitz bat jazo zelako Maoren ideietan oinarrituta, eta gertaera hura mugarri izan zelako beraien borrokan. 1970eko hamarkadan oihartzun handia izan zuen Naxalbari ikasle mugimendu maoistak. Indiako Gobernuarentzat «terroristak» dira, eta hala egiten die aurre. Beraiek India ekialde eta erdialdean estatu maoista independente bat sortzeko ametsa defendatzen dutela diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.