Indian, dozenaka meatzarik bi aste daramatzate lurpean harrapatuta

Meatzariak Uttarakhand estatuko tunel batean lanean ari ziren luizi batek sarrera estali zuenean. Haiek erreskatatzeko orain arteko ahaleginek huts egin dute.

(ID_13382449) INDIA TUNNEL COLLAPSE
Uttarakhand eskualdean harrapatutako meatzariak ateratzeko lanak, Indian. HARISH TYAGI / EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko azaroaren 27a
09:31
Entzun

Orotara 41 meatzari dira hamabost egunez Indiako Uttarakhand estatuko tunel batean harrapaturik daudenak. Lurpean lanean ari zirela, luizi bat izan zen, eta hondakinek estali egin zuten sarbidea. Indiago Gobernua baikor agertu zen hasieran, eta iragarri zuen «ordu gutxiren buruan» aterako zituela langileak. AEBetatik eramandako zulatzeko makina batekin hasi ziren sarrera zulatzen; hura irekitzeko hamar-hamabost bat metro falta zirenean, ordea, zulagailuak metalezko xafla batekin egin zuen topo, eta matxuratu egin zen. Geroztik, erreskate taldeak eskuz ari dira sarrera oztopatzen duten hondakinak ateratzen —200 lagun inguru ari dira lanean—.

NDMA Hondamendiak Kudeatzeko Sistema Nazionaleko arduradunek azaldu dutenez, zulo bertikal bat egiten hasiak dira, harrapatutako meatzariak ateratzen saiatzeko. Geologoek, baina, ohartarazi dute halako zulo bat egitea «oso arriskutsua» dela, mendia mugitu eta luizi gehiago eragin ditzakeela eta. Erreskate taldeak hasiak dira lanean, eta hamabost metro zulatu dituzte, baina beste 85 falta zaizkie meatzariak dauden tokiraino heltzeko. Adituek espero dute lanak ostegunerako amaitu ahal izatea.

Erreskate taldeak etengabeko kontaktuan daude meatzariekin, eta oxigenoa, botikak, ura eta elikagaiak bidaltzen dizkiete ur hodi baten bitartez. Kamerak ere sartu dituzte lurpean, haiek gertutik zaindu ahal izateko. NDMAko kide Syed Ata Hasnainen esanetan, hainbat egunez harrapatuta egon arren, meatzariak «ondo» daude: «Beharrrezko guztia jasotzen ari dira: sostengua, janaria eta botikak. Mediku eta aholkulariak ere etengabeko harremanetan daude haiekin. Segurtasun neurri guztiak hartu ditugu haien ongizatea bermatzeko».

Lan baldintzak

Langileak azaroaren 12an geratu ziren 4,5 kilometroko tunelean harrapatuta. Eraikuntzako langileak dira guztiak, Indiako eskualde pobretuenetatik Uttarakhandera lanera joanak. Hasiera batean, erreskate taldeen asmoa zen zulo bat egitea pertsona bat kabitzeko adinako hodi bat sartu ahal izateko, eta handik ateratzea harrapatutako langileak. Baina joan den ostiralean bertan behera utzi behar izan zituzten erreskate lanak zulatzeko baliatzen ari ziren makina matxuratu zelako, eta luizi gehiagoren arriskua zegoelako.

Lanak gainbegiratzera joandako adituetako batek salatu du tunelak ez zuela larrialdiko irteerarik, eta hura irekitzeko lanak egiten ari ziren inguruan luizi arriskua zegoela. Oposizioak azalpenak eskatu dizkio Indiako Gobernuari, eta ohartarazi dio haren lana dela langileen ongizatea bermatzea.

Narendra Modi lehen ministroaren gobernuko proiektu handietako bat da Uttarakhandekoa. Haren helburua da eskualdeko lau pelegrinaje gune nagusiak lotzea errepide eta tunel sare handi batekin. Gobernuak 1.500 milioi dolar jarri ditu horretarako. Baina ingurumenaren aldeko taldeek eta herritarrek gogor egiin dute egitasmoaren aurka, eta ohartarazi dute proiektuak arriskuan jartzen duela Himalaiako mendikatea, lanek luiziak eragin ditzaketela eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.