Emakume bati su eman diote bost gizonek India iparraldean. 23 urteko andrea bere bortxaketaren inguruko testigantza ematera zihoan. Raebareli hiriko (Uttar Pradesh estatua) auzitegira bidean zihoala egin diote eraso, Unnao hirian. Atxilotu egin dituzte emakumeak identifikatutako bost gizonak. Duela urtebete bortxatu zuten, eta martxoan jarri zuen salaketa. Polizia iturriek esan dutenez, su eman diotenetatik bi zeuden salatuta; andrazkoaren bikotekidea eta gizonaren lagun bat, hain zuzen. Horietako bat bermea ordainduta aske zegoen azaroaren 30etik, eta bestea, Poliziatik ihesi.
Andrea Lucknow hiriburuko ospitalera eraman dute, gorputzaren %70 erreta zuela. Supriya Sule Kongresu Nazionalista Alderdiko parlamentariak erasoa gaitzetsi du Twitter bidez, eta esan du eragotz zitekeela: «Ez zen hau pasatuko errudunak babestu ordez garaiz auzipetu izan balituzte. Uttar Pradesh estatuan ez dago inolako legerik».
Extremely sad and shocked to hear that that Unnao Rape victim was burnt earlier this morning. If the culprits were not shielded and prosecuted on time this wouldn't have happened. Complete state of Lawlessness in the state of Uttar Pradesh...(1/3 )
— Supriya Sule (@supriya_sule) 2019(e)ko abenduaren 5(a)
Manifestazioak neurri eske
Indian bortitzak izan dira azken asteetan emakumeen aurkako erasoak. Herritarrak asaldatu ditu horrek, eta kalera atera dira bortxatzaileen aurkako lege neurriak eta zigor gogorragoak eskatzeko. Azaroaren 27an hasi ziren manifestazioak Indiako hainbat hiritan, emakume baten hilketa latzagatik. Gizon talde batek bortxatu eta ito egin zuen 26 urteko andre bat, eta gero gorputza erre zuten. Egun batzuk beranduago, beste neska gazte bat bortxatu eta hil zuten.
Azken erasoek mahai gainean jarri dute Indian emakumeen aurkako indarkeriaren arazoa. Datuak kezkagarriak dira: gobernuko iturrien arabera, gutxienez 32.000 bortxaketa erregistratu ziren 2017an. Datu erreala, ordea, askoz handiagoa dela uste dute. Indiako autoritateek hitzeman dute erasotzaileei zigor gogorragoak jarriko dizkietela, manifestarien eskaerei erantzunez. Yogi Adityanathek, Uttar Pradesheko gobernuburuak, Twitter bidez esan du bortxaketak ezin direla gizartean egon: «Gobernuaren lana da estatu honen alabak defendatzea. Bortxaketak eragozpen bat dira gizartearentzat. Ezin dute gizartean lekurik eduki horrelako ekintzek. Zigor gogorrak jarri behar zaizkie bortxatzaileei».
Halere, aktibistek «frustrazioa» azaldu dute gobernuaren promesen aurrean. Ohartarazi dute arazoa ez dela horrela konponduko, eta galdegin dute emakumeen aurkako indarkeriaren oinarrizko arrazoietan eragitea. Salatu dute hilketen atzean gizarteko «jarrera misoginoak» daudela.