Indian, goranzko joeran jarraitzen du COVID-19aren kutsatzeen kurbak. Atzoko datuei erreparatu besterik ez dago hori baieztatzeko. Izan ere, atzo, pandemia lehertu zenetik herrialdean orain arte atzeman dituzten positibo gehien erregistratu zituzten: 7.466 kasu berri. Horrela, munduan kutsatu gehien dituen herrialdeen zerrendan bederatzigarren postuan dago, 165.000 gaixo baino gehiago baititu. Hildakoak, berriz, ia 5.000 dira.
Testuinguru horretan, aldaketarik ezean, bihar amaituko da bi hilabete iraun duen konfinamendua; zehazki, martxoaren 25ean ezarri zuten, eta hiru aldiz luzatu behar izan dute. Hala ere, presio ekonomikoak bultzatuta, hil honen hasieran neurriak arintzeari ekin zioten hoberen zeuden eremuetan, eta, nahiz eta kasuek goraka segitu duten, apurka estatu osoan murrizketak laxatuz eta jarduerak baimenduz joan dira. Esaterako, joan den astelehenean, dendak ireki zituzten, eta herrien arteko garraio publikoa abian jarri zuten. Aste honetan, berriz, aireko trafiko nazionala ipini dute martxan.
Hala, bihartik aurrera normaltasun berria delakoan sartuko dira, baina segurtasun eta prebentzio neurriak hartzen jarraituko dute, baita osasun krisiaren egoera kontrolatzen ere.
Bestalde, aipatzekoa da herrialdeko agintariek emandako datuen arabera okerren dauden hamahiru hirik osatzen dutela India osoko kutsatuen %70. Lista horretan daude Delhi, Jaipur, Jodhpur, Ahmedabad, Indore, Thane, Mumbai, Pune, Hyderabad, Chennai, Thiruvallur, Chengalpattu eta Kalkuta.
Halaber, alde handiz, Maharashtra estatua jo du sendoen koronabirusak; ia 60.000 kasu atzeman dituzte han, eta 2.000 lagun hil dira gaitzaren ondorioz.
Era berean, munduko herrialderik populatuenetariko bat da India. 1.300 milioi biztanletik gora ditu, eta horrek areagotu egiten du kutsatzeak hedatzeko arriskua. Gainera, orokorrean, nahiko prekarioa da hango osasun sistema, eta eskasia dago baliabide eta azpiegituretan. Hala ere, oraingoz, heriotza tasa ez da horren altua izan beste herrialde batzuekin alderatuta .
Bestalde, nagusiki migratzaileak izan dira pandemiaren agerraldiak kalte handien egin dien taldea. Izan ere, gehienak eguneko jardunetik bizi ziren, eta itxialdiak diru sarrerarik gabe utzi ditu. Hori dela eta, milaka migratzailek jatorrizko herrietara itzultzeko bidea hartu dute.
'Amphan' zikloia
Osasun krisiaren erdian, beste hondamendi bati ere aurre egin behar izan dio herrialdeak: Amphan izeneko zikloia. Joan den astean Mendebaldeko Bengala astindu zuen, eta ondorio larriak izan ditu. Ehun hildako inguru utzi zituen Indian eta Bangladeshen, eta, horrez gain, eraikin ugari suntsitu zituen. Hala, Kalkutan protestak egin zituzten edateko urik gabe geratu zirelako.
Zikloiak eragindako ondorioek arazoak sor ditzake prebentzio neurriak hartzeko eta kutsatzeak hesitzeko.
Koronabirusa munduan
Indian, kutsatuen kurba goraka
Bihar amaituko dute bi hilabete iraun duen konfinamendua. Hil hasieran ekin zioten neurriak arintzeari eta jarduerak baimentzeari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu