Guarani-kaiowak dira kaltetuenak. Mato Grosso do Sulen 53 indigena hil zituzten iaz;hala, 2006ko datuekin alderatuta, hilketak %99 ugaritu dira han. Roberto Liebgott CIMIko presidentearen iritziz, erasoak «izutzeraino» areagotu direla esan nahi du horrek. «Mato Grosson guarani-kaiowa komunitateen eguneroko bizitzan tentsioak agintzen du, lur sail ñimiñoetan eta errepide ertzean bizi behar baitute». Mato Grosso do Sulen bizi dira Brasilgo guarani-kaiowa gehienak.
CIMIk argitara eman duen txostenaren arabera, hilketa gehienak familien arteko liskarrek eragin dituzte, eta askotan horien erantzule etnia bereko kideak dira. Gainontzekoak errepideko istripuetan edo nekazaritzarako erabiltzen dituzten gai toxikoekin kutsatuta hil dira.
Kanabera azukrea landatzen duten lur sailetan erasoak nabarmen areagotu direla salatu du, bestalde, Lucia Rangel Brasilgo antropologoak, eta Mato Grosson gertatzen ari dena genozidiotzat jo du. Haurren heriotza tasa altuarengatik kezkaturik agertu da, eta indigenen komunitateetan malnutrizioak ere nabarmen egin duela gora nabarmendu du.«Adingabekoek beren dokumentuak faltsutzen dituzte lur sailetan lan egiteko. Diru asko irabazteko gezurrezko promesak egiten dizkiete, eta eskola uzten dute». Lur sailetan lan egiten duten indigenen lan baldintzak tamalgarriak direla azaldu du Rangelek, eta zenbait kasu esklabotzarekin parekatu ditu.
Bizi-baldintza jasanezinak direla medio, bere buruaz beste egin duten guaranien kopuruak ere nabarmen egin du gora azken urteetan.
YANOMAMIAK, URREAREN BELDUR. Brasilgo guarani-kaiowak ez dira lurra berreskuratu eta mantentzeko borrokan ari diren indigena bakarrak. Survival herri indigenen aldeko gobernuz kanpoko erakundeak, besteak beste, yanomamien aurkako erasoak salatu ditu. Brasilgo Amazonian urrea lortzeko legez kanpoko meatze lanak egiten ari direla eta Gobernuak ez dituela horiek galarazten adierazi du Survivalek. «Tribu horretako bostena baino gehiago meatzariek eramandako gaixotasunengatik hil ziren 1980ko eta 1990eko hamarkadetan. Etsigarria da historia errepikatzen ari dela ikustea», adierazi du Fiona Watson erakunde horretako kideak. Yanomamiek salatu dute beren lurretan milaka meatzarik ateratzen dutela urrea horretarako baimenik izan gabe.
Brasilgo Gobernuak ere urrea ateratzeko meatze handiak ireki nahi ditu Amazonian. Proiektua Kongresuan aurkeztu ondoren, orain, diputatuek erabaki behar dute martxan jartzea posible den ala ez. Yanomamiak, ordea, asmo horien aurka agertu dira, eta proiektua onartzeko eroskerian aritu izana leporatu diote Gobernuari. «Funtzionarioek guretzat benetan zailak diren gauzak egiten dituzte, gure buruzagiak konbentzitzen saiatzen dira, eta opariak eskainiz, meatzeek ekarriko dituzten onurak saltzen dituzte. Guk esandakoak ez dituzte inoiz aintzat hartzen», adierazi du Hutukara yanomamien elkarteak. «Proiektu hau onartzen bada, Brasilgo indigena guztiei kalte baino ez digu egingo. Konpainiak iristean zer gertatuko da? Basoa botako dute, ibaiak kutsatuko dituzte eta animaliak galdu egingo dira. Gaixotasunak zabalduko dira».
Peruko indigena askok Brasilera jo dute, egurgileengandik ihesi
Egurra mozteko konpainiak izan dira orain arte kanpotarrekin harremanik izan ez duten indigenekin harremanetan jartzen lehenak. Ordura arte inork ez zuen horien berri. Konpainia horiek, ordea, indarrez bota dituzte beren lurretatik, eta mugaz bestaldera ihes egin behar izan dute, Brasilera. Egurgileak Yurua, Purus eta Envira ibaiertzetako lurrak legez kanpo miatzen aritu direla salatu du Survival herri indigenen aldeko gobernuz kanpoko erakundeak. Kanpotarrekin harremanik izan ez duten dozenaka tribu daude Peruko Amazonian, eta beren lurrak defendatzeko asmoz, egurgile inbaditzaileei erasotzen diete. Horiek, baina, indigenak sistematikoki hiltzen hasi dira.
«Iazko urtearen amaieran eta urte honen hasieran, bakartuta bizi izan diren hainbat indigena talde iritsi dira Brasilera, horietako batzuk oldarkorrak dira», azaldu Jose Carlos dos Reis Meirelles Brasilgo Gobernuko indigenen aldeko departamenduko kideak. Peruko Amazonian gertatzen ari dena gizateriaren aurkako krimena dela salatu du, eta indigenek, ez bakarrik egurgileen aurka, beste tribuen aurka ere indarra erabiliko dutela uste du.