Indigenei barkamena eskatu die El Salvadorko presidenteak

Indigenek txalotu egin dute Funesen jarrera, eta estatu berri bat eraikitzeko proposamena egin diote

Erredakzioa
2010eko urriaren 14a
00:00
Entzun
El Salvadorko presidente Mauricio Funes damu agertu da urte luzez indigenei eragindako jazarpenagatik, eta, horregatik, barkamena eskatu die. El Salvadorren agintari batek egiten duen lehenengo aldia izan da. Horren ustez, Latinoamerikako konkistaren ostetik jazarri zaizkie indigenei. «Sufritu duten zapalkuntzagatik, eta haien aurka egin diren sarraskiengatik, barkamena eskatzen duen lehen gobernuburua izan nahi dut», adierazi du Funesek, indigenen lehen kongresuan.

«Amaitu da aniztasunaren ukatze historikoa. Nire gobernuak onartzen du El Salvadorko gizartea herri anitzek osatzen dutela». Adierazpen horiek egiteaz gain, Funesek gogorarazi du beren eskubideak eskatzeagatik bakarrik indigenek zapalkuntza gogorra sufritu behar izan dutela urte luzez; besteak beste, 1832ko eta 1932ko gertakari bortitzak gogorarazi ditu. Beren eskubideak defendatzeko altxatu ziren indigenak urte horietan, eta agintariak gogor jazarri zitzaizkien horregatik.

Indigenen ordezkariek eta erakundeek Funesen jarrera txalotu dute. «Gertakari garrantzitsua da», adierazi du Compas El Salvadorerakundeko Amado de Jesus Ramosek. «Estatu berri bat asmatu beharko litzateke, gurea ezin baita orain dela 200 urte baino gehiago inposatu zizkiguten eskemekin soilik eraiki» .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.