Brasil

Indigenen eskubideen defentsan aritzen zen ekintzaile bat hil dute Brasilen

Maxciel Pereira do Santos Tabatinga hirian hil dute, Indigenen Nazio Fundazioko langileen sindikatuak jakinarazi duenez.

Javari haraneko indigena batzuk. BERNARDO SILVA, EFE
2019ko irailaren 9a
10:28
Entzun

Ostiralean Tabatingako kalean motoan zihoala, bi tiro jo zizkioten buruan Maxciel Pereira do Santosi, Folha de Sao Paulo egunkariak zabaldu duenez. INA sindikatuaren arabera, bere familiaren aurrean hil dute.

Sindikatu horrek dio hainbat tribu indigena bizi diren Javari harana defendatzen egin duen lanagatik hil dutela. Izan ere, erreserba natural horretan egiten diren legez kanpoko esku hartzeak salatzen aritzen zen Pereira do Santos; egurraren eta urrearen bila aritzen direnen kontra.

Hilketak indigenen alde egindako lanarekin zerikusirik ba ote duen ikertzen ari da Polizia, baina, berri agentzien arabera, oraingoz ez dute frogarik hipotesi hori baieztatzeko.

Amazoniako basoan dago Tabatinga, Brasil, Kolonbia eta Peruren arteko mugan. Gertu dago Javari harana, eta 6.000 indigena inguru bizi dira han, zortzi bat tributan banatuta.

Indigenen eskubideen alde aritzen direnen eskubideak babesteko eskatu dio INA sindikatuak Brasili.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.