Indonesia jo du 8,7 graduko lurrikara batek, eta izuak ihesaldiak eragin ditu

Tsunami arriskuagatik, Thailandiako eta Indiako herritarrak ere kostaldetik aldendu dituzte

Ane Urrutikoetxea.
2012ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Indiako Ozeanoko herrialdeak astindu ditu Richter eskalan 8,7 gradukoa izan den lurrikara batek. Indonesian eta Thailandian nabaritu dute gehien, baita Malaysian, Sri Lankan, Maldivetan eta Indiako kostaldean ere. Lurrikarari beste hamabi lurrikarek erantzun diote; larrienak, 8,2 eta 6,5 gradukoak. Hasieran, bi tsunami alerta iragarri ditu Indonesiako Gobernuak, eta horrek izua eragin du herritarren artean. Kostako herrietako biztanleek alde egin dute, eta leku garaietan babestu dira. Geroago, tsunami alertak kendu dituzte herrialde guztietan, baina Kenyak alerta berria ezarri du, eta herritarrei kostaldetik berehala alde egiteko eskatu die, uraren maila bi edo hiru metro igotzea espero dutelako.

Hildakoen edota desagertuen inguruko informaziorik ez dute eman herrialdeek, baina Indonesiako Sumatra uhartean argindarrik gabe gelditu dira, eta Thailandian hainbat eraikin hondatu ditu lurrikarak. Izualdiak milaka herritarren ihesaldia eragin du; izan ere, Indonesiako hainbat eremutan oso ohikoak dira lurrikara gogorrak. Atzokoa 20 urtean izan den lurrikara handienetakoa izan da, baina 2004an gertatu zen larriena. Urte hartan, 8,9 graduko lurrikara batek tsunami erraldoia eragin zuen Indonesian eta inguruko hamahiru herrialdetan; olatu erraldoiaren ondorioz, 300.000 lagun hil eta desagertu ziren. Herritarrek ez dute gertaera ahaztu, eta segituan zabaldu da beldurra. Indonesiako Ezbeharrak Arintzeko agentziakobozeramailearen esanetan, kostaldean kaosa nagusitu da: «Lurrikara oso gogorra izan da. Ez dago argindarrik, eta errepideetan auto ilarak daude».

Lurrikaren lurraldea

Indonesian, 7.000 lurrikara izaten dira urtero; gehienak txikiak izan dira. Hala eta guztiz ere, atzokoa azken 20 urteetako hamalau lurrikara larrienen artean dago. Indonesiako presidente Susilo Bambang Yudhoyonoren arabera, lurrikarak ez du tsunami indartsurik sortu, eta alertak kendu dituzte. Dena den, salbamendu taldeak bidali ditu Sumatra irlako Aceh eskualdera, lurrikarak eremu hori astindu duelako gogorren. «Egoera 2004koa baino lasaiagoa da. Lurrikararen epizentroakostaldetik 400 kilometrora izan da», esan du presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.