Indonesia munduko artxipelago handiena da, eta, inor bizi ez den uharte txiki ugari baldin baditu ere -sei mila inguru-, beste hamar mila irlek osatzen duten uharte multzo zabal horretan errealitate anitz daude; orotara 300 talde etniko baino gehiago bizi baitira artxipelagoan. Mutur batetik bestera, hiru orduko aldea egoteaz gain, kilometroak bezainbat errealitate sozial eta politiko dago, eta herri aberastasun hori arriskutsua da erabat zentralizatua dagoen estatu batean; uhartetan zatituta dagoen artxipelagoa pusketan apurtu baitaiteke, Indonesiako estatuaren etorkizuna arriskuan jartzeraino.
Kalimantan, Molukak eta Borneo uharteetan badaude mugimendu independentista txikiak, eta haientzat eredu izan da jada independentzia eskuratu duen estatu bat. Ekialdeko Timorren 1999ko abuztuan egin zuten autodeterminaziorako erreferenduma eta hiru urte geroago eskuratu zuten independentzia. Jakartak jada ohartarazi zuen kasua bakana zela eta beste uharteen egoera ez zela bera. Ekialdeko Timor 1975ean inbaditu zuen Indonesiak -Portugalek kolonia utzi ondoren-. Indonesiaren menpe egon dira gainontzeko ia uharte guztiak 1945etik; Herbehereen kolonia izateari utzi ziotenetik.
Artxipelagoaren bi muturretan dauden bi eskualdeen indar independentisten oihartzuna, baina hiribururaino iristen da oraino. Sumatra da tropikoko artxipelagoaren mendebaldeen dagoen uhartea, eta ekialdeen dagoena, berriz, Papua. Acehen -Sumatra iparraldean dago- eta Papuan bietan gatazka luzeak izan dituzte, eta bataren eta bestearen egoera desberdina bada ere, bai batean eta bai bestean bereziak izango dira biharko bozak.
Acehko autonomia
Acehen hamazazpi lagun hil eta beste 47 zauritu dira azken lau hilabeteotan, kanpaina iraun duen tartean, alegia. Hiru hamarkadaz luzatu zen gatazkari amaiera jarri zion bake akordioaren ostean, estatu mailako aurreneko bozak izango dira gaurkoak Acehen. Helsinkin (Finlandia) 2005an adostutako testuak, baina, ez du gatazka luze honen zirrikitu guztiak itxi eta, ildo horretan, nazioarteko begiraleak egongo dira bihar bertan. Asteburuan gerrillako buruzagi izandako eta gaurko bozetan lehiatzen zen politikaria hil zuten: Mohamed Jamil PA Acehko Alderdiko kidea.
GAMek estatutu autonomia baten truke utzi zituen armak, independentzia aldarrikapenak alboratuz. Gobernuak argi utzi zuen inoiz ez ziola independentzia onartuko, eta 15.000 lagunen heriotza eragin zuen gatazkari amaiera jartze aldera hitzartu zuten bi aldeek bake akordioa. 2006. urteko abenduan hauteskunde autonomikoak egin zituzten eta buruzagi independentista bat gailendu zen: Irwandi Jusufek.
Tsunamiak gogorren astindu zuen eskualdea izateagatik egin zen ezagun mundu zabalean Aceh. 170.000 lagun hil ziren han 2004. urteko abenduan eta hondamendiak bake akordioa hitzartzeko prozesua azkartzea lagundu zuen.
Papuan, boikota
Artxipelagoaren ekialdeen dagoen uhartean, berriz, ez diote independentzia eskuratzeko ametsari etsi. Papuako herritarrek uko egin diote gaurko bozetan parte-hartzeari eta kanpainak odol arrastoa utzi du uhartean. Orotara lau lagun hil dira; azkena aste honetan bertan. Autodeterminazio erreferenduma aldarrikatzeko elkarretaratze ugari egin dituzte azken hilabetean papuarrek eta horietan manifestari eta polizien arteko liskarrak izan dira. Papuako hiri nagusietan izan dira protestak eta tentsioa inoiz baino ageriagoa da; izan ere, aurki 40 urte beteko dituen mugimendu independentista inoiz baino ozenago ari da autodeterminazioa eskatzen.
OPM Papua Askatzeko Mugimenduak 1965an ekin zion borroka armatuari. Herbehereak Indonesiaren esku utzi zituen gainontzeko uharteak 1945ean. Papuan, baina, altxor ugari zituen oraindik ustiatzeko eta irmo atxiki zuen uhartea; munduko urrezko meategi handiena han dago -Grasberg-. Bertako tribuei, milioi bat lagun ziren garai hartan, autodeterminazio eskubidea bermatuko ziela agindu zien Herbehereak. Indonesiaren esku utzi zuen uhartea, 1963an, baldintza horrekin. Sei urte geroago, baina, nazioarteak legez kanpokotzat jo zuen bozketa bat egin zen bat egitea onartzeko. Jakartak berak aukeratutako mila lagunek baino ez zuten ahotsa izan bozketa hartan. Uharteko 254 tribuek ere gaitzetsi zuten ekintza hura.
Jazarpena etengabea da ordutik. Papua Ginea Berriako mugatik gertu aritzen diren gerrillariek sarritan geziak eta uztaiak beste bitartekorik ez dute armadari aurre egiteko. Herritarrak, berriz, pobrezian bizi dira uharte aberatsa badute ere. Horregatik boikotatu dituzte gaurko bozak.
INDONESIA. LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. Puskak artxipelago batean
Indonesiako hainbat uharte eta eskualdetako herritarrek independentzia aldarrikatzen dute, eta horregatik ez dituzte sostengatuko gaurko bozak: Papuan boikoterako deia egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu