Herritar gehien duen nazio musulmana da Indonesia. 234,3 milioi, zehazki. Horietatik 170 milioi inguruk Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartzeko aukera izango dute gaur. Horiek, ordea, presidentetza eskuratzeko igaro beharreko proba besterik ez dira, Estatuko agintea lortu nahi baitute alderdiek benetan. Eta bietan pertsona bakarra da faboritoa, egungo presidente Susilo Bambang Yudhoyono. Inkestek botoen %26 inguru iragartzen diote estatuburuaren Alderdi Demokratari -botoen %25 behar ditu presidentetzara aurkeztu ahal izateko-. Aldiz, bigarren geratuko litzateke Megawati Sukarnoputri presidente ohiaren Borrokarako Indonesiako Alderdi Demokratikoa, bozen %20 ingururekin. Azken horrek beste talderen baten sostengua beharko luke uztaileko bozetara aurkeztu ahal izateko.
Orotara, 11.000 hautagai eta 44 alderdi arituko dira Legebiltzarreko 560 eserlekuak lortzeko lehian. Horien artean, ordea, alderdi islamistak izango dute ziurrenik gainbehera handiena. Inkestei kasu eginez gero, hamalau puntu gutxiago eskuratuko dituzte, 2004ko bozekin alderatuta. Adituen arabera, herritarrak aspertzen hasiak dira talde islamisten muturreko politikekin, eta egun gehiago kezkatzen ditu ekonomia krisiak, erlijioak baino. «Alderdi horiek muturreko islamismoan oinarritutako legeak proposatzen jarraitzen badute, sostengua galtzen joango dira. Zabaldu egin behar dute, eta herritarren arazoak konpontzeko politikak bultzatu», adierazi du Syafiie Maarif analista musulmanak.
Horretaz gain, ordea, iazko urrian Yudhoyonoren gobernuak onartutako Pornografiaren Aurkako Legea alderdi islamisten kaltetarako izan da. Arauak islam kontserbadorean oinarritutako ohiturak bultzatzen ditu herrialde osoan, eta ez da herritarren gustukoa.
Ekonomia
Indonesiako herritarren %40 inguru egunean 1,5 euro baino gutxiagorekin bizi dira. «Bizimodua merkatzen doala ikusi nahi dut, ez besterik, nire seme-alabek eskolara joateko aukera izan dezaten», dio 27 urteko Titis Setiawatik. Arazoa da, ordea, Nazioarteko Gardentasuna erakundearen arabera, ustelkeria gehien duten munduko herrialdeetako bat dela Indonesia. Horiek hala, Yudhoyono presidenteak egoera hobetzeko hartutako neurriak bere mesedetan izan dira. Herritarren artean, hiriburuan, batez ere, Garbi Jauna deitzen diote askok. Bide beretik, ekonomia krisia ere Alderdi Demokrataren aldekoa izan da, neurri batean behintzat. «Duela urtebete ekonomia egoera ona zen, eta Yudhoyonoren sostengua, aldiz, gainbehera zihoan. Orain, berriz, ekonomia krisia indarrean da, eta haren sostengua bikoiztu egin da, eta ziurrenik hirukoiztu ere egingo da», azaldu du Sunny Tanuwidjajak, Nazioarteko Ikerketa eta Estrategietarako Zentroko analista politikoak.
Krisia baliatuz, kanpaina egin du egungo estatuburuak, eta diru publikoa erabili du herritarrei zuzeneko laguntzak emateko, eta hala, haien botoa irabazteko. Horretaz gain, petrolioaren prezioa ere jaitsi egin da azken hilabeteetan, eta Jakartak erregaia inportatu egiten duenez, alor horretan ere gastuak murriztu egin dira. «Jokatzen jakin du Yudhoyonok. Erregaien prezioak kolpetik jaitsi zitzakeen, baina hori egin beharrean apurka murriztu ditu, sostengu maila are gehiago handituz», dio Tanuwidjajak.
Hauteskunde sistema
Legebiltzarrerako aurtengo hauteskundeak historikoak izango dira, ez bakarrik Suharto diktadorea hil zenetik lehenak izango direlako -iazko urtarrilean zendu zen- , baita hauteskunde sistema aldatu dutelako ere. Lehen aldiz, hautagaiari bozkatuko diote zuzenean, orain arte bezala, alderdiari egin beharrean. Aldaketek, ordea, arazo asko eragin dituzte, izan ere, herritarren %20k ez dakite oraindik nola bozkatu behar duten. Horretaz gain, Hauteskunde Batzordeak ez zuen hautagaien zerrenda publiko egin atzo arte. «Aspertu naiz hautagaien informazioa eskatzeaz. Ez dakit nortzuk diren hautagaiak, baina Yudhoyonoren alderdiari edo Megawatirenari bozkatuko diot», dio Suwatik, Jakarta hegoaldeko herritar batek.
Indonesian soilik hiru aldiz egin dituzte bozak 1998an Suhartok boterea utzi zuenetik. 1967tik 1998a arte egon zen militarra agintean, Asiako finantza krisiak dimisioa ematera bultzatu zuen arte. Krisiak zuzeneko eragina izan zuen Indonesiako ekonomian, eta nazioarteko hainbat erakundek azalpenak eskatu zizkioten Suhartori. Horretaz gain, ordea, Gerra Hotza amaitu ostean, Indonesiarantz zuzendu ziren nazioarteko agintarien begiak, eta gogor gaitzetsi zituzten buruzagi militarraren hainbat erabaki. Besteak beste, 1991ko azaroaren 12ko sarraskia. Garai hartan Ekialdeko Timor Jakartaren menpe zegoen, eta egun hartan, independentziaren aldeko protestak antolatu zituzten Dilin. Armadak, ordea, Suhartoren aginduz, tiroka hartu zituen manifestariak, eta 200 herritarretik gora hil.
INDONESIA. LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. Yudhoyono presidentea da bozak irabazteko faboritoa
Iruzurraz ohartarazi dute hautagaiek, eta salatu herritarren %20k oraindik ez dakitela nola bozkatu behar duten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu