Indonesia

Indonesiako agintariek hondoratutzat jo dute desagertutako urpekoa

Ontziaren zati batzuk aurkitu dituzte, eta eskifaiako 53 kideetakoren bat bizirik aurkitzeko itxaropena dute. Oxigeno erreserbak bart amaitu dira, kalkuluen arabera.

2021eko apirilaren 24a
13:23
Entzun

Astearte gauean itsaspeko militar baten arrastoa galdu zuten Indonesian, Bali iparraldean, 60 miliara, eta hura erreskatatzeko lanetan aritu dira ordutik. Jakartako agintariek agerraldi bat egin dute gaur, eta Yudo Margono itsas armadako buruak esan du azken egunetan ontziaren torpedo baten zatiak aurkitu dituztela. Hala ere, 72 ordutarako oxigeno erreserbak zituztela kalkulatzen dute, eta dagoeneko igaro da epe hori.

Margonok azaldu du litekeena dela ontzian arrakala bat sortu izana, aurkitu dituzten piezak aztertuta. Horregatik, uste dute itsaspekoak hondoa jo duela. Ontziak 53 soldadu ditu barruan, eta maniobra militarrak ari ziren egiten desagertu zenean.

Asteartean Euskal Herrian 22:46 zirenean urperatu zen azkenekoz ontzia. Indonesiako armadak azaldu duenez, ordu laurden geroago torpedo bat jaurtitzeko maniobra hasi zuen. 21:25ean jaso zuten azken mezua urpekotik, torpedoa jaurtitzeko baimena eman aurretik.

Beste desagerpen batzuk

Azken urteetan, desagertu izan dira gisa bereko zenbait itsaspeko. 2017An, Argentinako armadaren ARA San Juan ontzia galdu zen, 44 lagun zeramatzala, eta urtebeteren buruan aurkitu zuten.

Orain arteko ezbeharrik handiena, halere, Kursk ontziarena da. 2000. urteko abuztuaren 12an gertatu zen: Errusiaren ontzi nuklearrak akats teknikoak izan zituen maniobra batzuk egiten ari zela, eta hondoratu egin zen; 118 soldadu zeuden barruan. Antza, torpedo batek eztanda egin zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.