Indonesiako Bilaketa eta Erreskate Agentziako zuzendari Bambang Soelistyok adierazi duenez, litekeena da desagertutako hegazkina itsasora erori izana. Jusuf Kalla Indonesiako presidenteordeak, ordu batzuk lehenago, esan du "oso posible" dela hegazkinak istripu bat eduki izana.
Indonesiako Surabaya hiritik Singapurrera bidean irten zen atzo hegazkina, 05:20ean. Borneo irlaren ingurutik igaro zenean galdu zuten harremana harekin, 07:25 aldera -Euskal Herrian 00:25 zirenean-. Eguraldia txarra zela adierazi dute Indonesiako agintariek, eta uste dute hori izan daitekeela desagertu izanaren arrazoietako bat.
Garraio Ministerioak eta Air Asiak diote pilotuak ibilbidea aldatzeko eskatu diola kontrol dorreari, baldintza meteorologiko txarrengatik. Aireratu eta ordubetera izan da deia.
Bilaketa lanetan aritu dira Indonesiako hegazkin bat, sei itsasontzi eta hiru helikoptero. Argi faltagatik, ordea, bertan behera utzi dituzte lanak behin-behinean gauean, baina berriro ekin diote bilaketari goizean.
162 lagun zeramatzan hegazkinak: 155 bidaiari eta hegazkin konpainiako zazpi kide; Air Asiak emandako informazioaren arabera, Indonesiako 156 lagun, hiru Hego Koreako, Malaysiako bat, Singapurreko bat eta Frantziako bat.