Mendebaldeko Papua. Benny Wenda. ULMWP Mendebaldeko Papua Askatzeko Mugimendu Batuko behin-behineko gobernuko presidentea

«Indonesian ez daukagu inolako etorkizunik. Hortaz, independentzia lortzea da aukera bakarra»

Mendebaldeko Papua okupatua eta «zapaldua» du Indonesiak 1963az geroztik. Papuarrek beren herrialdea Deskolonizazio Batzorde Berezian sartzeko eskatzen diote NBEri, autodeterminaziorako bideari ekiteko.

MONICA DEL VALLE / FOKU.
Mikel O. Iribar.
Bilbo
2022ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Mendebaldeko Papuaren independentzia lortzeko nahia odolean darama haurtzarotik Benny Wenda ULMWP Mendebaldeko Papua Askatzeko Mugimendu Batuko behin-behineko presidenteak (Valiem harana, Mendebaldeko Papua, 1975). Indonesiako Poliziak atxilotu eta kartzelatu zuen 2002an, baina espetxetik ihes egin, eta Erresuma Batuak asilo politikoa eman zion. Oxforden bizi da. Wenda Euskal Herrian izan da asteon, EH Bilduk gonbidatuta. Bere biografia gordinaren eta Mendebaldeko Papuaren aldarriaren inguruan, patxadaz, luze eta zabal hitz egin dio BERRIAri mahaiaren itzulian, Goizeko izarra bandera txikia paparrean duela.

45 urte igaro dira zure herriko sarraskitik. Zu han zinen.

2 urte izango nituen. Bat-batean, geure herria Indonesiako militarrez josita ikusi genuen. Gurasoak nire begi aurrean hil zizkidaten, eta nire izebetako bat bortxatu ondoren hil zuten. Oinaze horrekin hazi nintzen. Gure herria bonbardatu zutela eta, sei urtez mendian ezkutatua bizi izan nintzen, militarren ihesean. 3.000 indigenatik gora hil zituzten. 1980an, Indonesiako militarrei men egin behar izan nien, neure lagun guztiak garbitu baitzituzten. Indarkeria eta arrazakeria egunerokoaren parte ziren.

Halabeharrez, Jaiapura hiri nagusira joan zinen, eta han politikako ikasketak egin. Orduan hasi zinen jabetzen Indonesia Mendebaldeko Papuan egiten ari zenaz.

Mendebaldeko Papua Herbehereen kolonia izan zen. Indonesiak 1949an Herbehereetatik independentzia lortu zuenean, Mendebaldeko Papuak Amsterdamen menpe jarraitu zuen. Baina Indonesiak Asia-Pazifikoko koloniak bereganatu nahi zituen [Sukarno jeneralaren gidaritzapean], tartean Mendebaldeko Papua, baliabide naturaletan lurralde aberatsa zelako. Herbehereetako Gobernuak, ordea, aitortu zuen Mendebaldeko Papua oso bestelakoa zela Indonesiarekin alderatuta, geografikoki, etnikoki eta kulturalki. Beraz, deskolonizazioaren bideari segika, Mendebaldeko Papuak bere independentziarako prestatzeari ekin zion 1950eko hamarkadan.

Hain zuzen, 1961eko abenduaren 1ean, Mendebaldeko Papuak autodeterminazioa errespetatzera deitu zuen nazioartea.

Goizeko izarra geure bandera propioa altxatu genuen. Parlamentu propioa ere bazuen, eta herrialdea sei lurraldetan banatua zegoen. Gainera, geure ikurra lau herrialdek aitortu zuten lehendabizikoz: Herbehereek, Australiak, Erresuma Batuak eta Frantziak.

Autodeterminaziorako bideak ez zuen luzerako iraun, ordea.

Indonesia Mendebaldeko Papua bereganatzeko prestatzen hasi zen 1961aren amaieran. Handik urtebetera, AEBek [komunismoaren aurkako aliatu bat galtzeko beldurrez], Herbehereek eta Indonesiak New Yorkeko akordioa sinatu zuten: Mendebaldeko Papua Nazio Batuen Erakundearen esku utzi zuten, baina 1963an Indonesiak gure herrialdea militarki inbaditu eta okupatu zuen. Urte hartan hasi zen garai odoltsua esaten zaion aroa. Ordutik, 500.000 indigena baino gehiago hil dituzte, eta 60.000tik gora desplazatu eragin. Papuarren eskubideak urratu zituzten.

Testuinguru horretan heldu zen 1969ko autodeterminazio ariketa deiturikoa, NBEk eskatuta.

Herri baten etorkizuna bertako herritarrek erabaki beharrean kanpoko eragile baten esku uztea bidegabekeria da. Erreferendum hura iruzur hutsa izan zen. Indonesiak nahierara aukeratu zituen Mendebaldeko Papuako 1.026 herritar [800.000ko biztanleria zuen urte hartan], horien artean gure aita. Indonesiari batuta jarraitzearen alde bozkatu zuten, bortxaz, hilko zituzten mehatxupean. NBEk Act of Free Choice [Aukera Askearen Legea] aintzat hartu zuen; papuarrok, ordea, aurkakoa izan zela deritzogu: Act of No Choice [Aukerarik Gabeko Legea].

NBEk nolatan onartu zuen erreferendum hura?

NBEk eragin zuzena izan zuen bozketa hartan. Bazekien erreferendum hura iruzurra izan zela, baina nolabait eskuak garbitu nahi zituen. Garai hartako testuingurua konplexua zen. Indonesiak mehatxu egin zien Herbehereei eta AEBei: «Mendebaldeko Papua ez badiguzue ematen, Sobietar Batasunarekin aliantza egingo dugu». Eta hala gertatu zen.

Mendebaleko Papuaren askatasuna lortzeko, ez duzue borroka armaturako bidea hartu. Zergatik?

[Isiltasuna] Gure gurasoek argi erakutsi ziguten papuarrek bakarrik Indonesiaren aurka borrokatuta ez zegoela zer eginik; are gutxiago nazioarteko komunitateak ez badaki. Nahiago dugu mundu osoari gure historiaren berri eman, aurrez aurre lehiatu baino. Gisa horretara, irabaz diezaiokegu.

1998an, Indonesiako diktatura amaitzearekin batera, Mendebaldeko Papuari autonomia eman zion; papuarrek, ordea, ezezko biribila eman zenioten.

Haur txiki bat negarrez hasten bada, nagusi batek gozokia ematen dio isil dadin. Gauza bera egiten du Indonesiak gure lurraldearekin. Ezetz esan genion. Indonesiak gure herrialdearekin egiten ari zena zuritzeko besterik ez zuen balio. Autonomia edukitzea ez da ezer okupatua den herrialde batentzat. Herrialde zapaltzaile batek menderatua den herri bati etekina ateratzen dio; gure kasuan, baliabide naturaletan. Munduko urre meatzerik handienetakoa dago, eta AEBetako konpainia batek ustiatzen du, Indonesiari zergak ordaintzearen truke. Ingurumena txikitu dute.

Halere, 2000n, Mendebaldeko Papuako Parlamentuak 1969ko erreferenduma baliogabetu zuen.

Goizeko izarra bandera berriz astindu genuen, eta kalera atera ginen independentzia aldarrikatzera, baina Indonesiako armadak ehunka lagun atxilotu, torturatu eta hil zituen. 2001ean, Papuako Presidentetzaren Kontseiluko buru Theys Eluay hil zuten. Eta oraindik ere bizirik jarraitzen du indarkeriak. Indonesian ez daukagu inolako etorkizunik. Hortaz, aukera bakarra independentzia lortzea da. Gu ez gara Indonesiako herritarren aurka borrokatzen ari; gure herrialdearen askatasuna lortzeko baizik.

Zergatik independentzia?

Gure antzinako kultura, identitatea, hizkuntza babesteko eta bizirik irauteko; guztiz zapalduta eta baztertuta baitaude, baita gure ama lurra ere. Funtsean, askatasunik gabe ez dago justiziarik. Bestalde, mundua klima aldaketarengatik arriskuan dago, eta Mendebaldeko Papuak ikuspegi berdea eskaini nahi dio planetari. Papua Ginea Berria munduko uharterik handienetan bigarrena da, eta bioaniztasun handia dago bertan.

2002ko ekainean, Indonesiako Poliziak atxilotu eta espetxeratu egin zintuzten, mugimenduko beste hainbat liderrekin batera.

Modu baketsuan geure bandera kalera ateratzeagatik, 25 urteko espetxe zigorra ezarri zidaten. Torturatu egin ninduten, eta espetxean bertan nengoela, gainera, hirutan saiatu ziren pozoituta ni hiltzen. Hori ikusita, kosta ahala kosta ihes egin beharra neukan; bestela, akabo. Eta lortu nuen [2002ko urrian]. Indonesia Mendebaldeko Papuan egiten ari zen sarraskiaren inguruko mezua nazioarteari emateko ardura hartu nuen. Indonesiarentzat aurkari zuzena naiz.

Papua Ginea Berriako muga zeharkatu zenuen, eta handik, Europako gobernuz kanpoko erakunde baten bitartez, Erresuma Batura joan zinen, asilo politikoa jaso ostean. Eta zure familia?

Sei hilabete geroago batu ginen emaztea, semea eta hirurok. Aurretik, haiek ere Papua Ginea Berriara joan ziren, Indonesiako Poliziaren ihesean. Egun, Oxforden bizi gara.

Mendebaldeko Papua Aske kanpaina martxan jarri zenuen 2005ean.

Gure herrialdearen egoera munduan ezagutaraztea izan zen helburua; desinformazio handia baitzegoen Indonesiaren erruz, eta jendeak ez zekien zergatik ari ginen askatasuna lortzeko borrokan. Zenbait herrialdetan izan naiz: Herbehereetan, Polonian, Hegoafrikan, Australian eta Zeelanda Berrian, besteak beste.

Mendebaldeko Papua Askatzeko Mugimendu Batua eratu zenuten 2014an, Vanuatuko Gobernuaren laguntzaz.

Indonesiako alderdi politikoak gure herrialdearekin jolasten ari ziren, papuarron komunitatea zatitzeko eta geure artean haserretzeko xedez. Hori zen Indonesiaren jokaldi zikina. Ohartu ginen papuarrok elkarrekin batuta egon behar genuela. Hortaz, Mendebaleko Papuako hiru alderdi politiko nagusi elkartu, eta gisa horretara sortu genuen Mendebaldeko Papua Askatzeko Mugimendu Batua.

2017ko irailean, 1,8 milioi papuarrek [biztanleria osoaren %70ek] independentziarako erreferenduma egiteko eskaera sinatu zuten, eta eskaria OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariari aurkeztu zenioten, Genevan. Zer izan zen hura herrialdearentzat?

Argi erakutsi genuen 1969ko erreferenduma ez zela legezkoa izan. Autodeterminaziorako nahiak bizirik jarraitzen du papuarron artean, duela urte askotik Mendebaldeko Papua herrialde zapaldua bada ere. Jendeak bizia arriskatu zuen bere izena jartzeko, munduari esateko aske izan nahi dugula. Mugarria izan zen. Gure herrialdearen espiritua da.

OHCHRen erantzunik jaso duzue?

Erantzunaren zain gaude oraindik. Mendebaldeko Papua autonomiarik gabeko herrialdeen zerrendan sartu zuten 1950ean, baina 1963an zerrendatik kendu zuten, Indonesiak okupatu zuen urtean. Estatu independentea ez denez, beste bide batzuk erabili ditugu. Gainera, gure herrialdea ez da ageri Deskolonizazio Batzorde Bereziaren zerrendan. NBEri Mendebaldeko Papua zerrenda horretan sar dezala eskatzen diogu.

Nazioartetik babesik jaso duzue?

Gaur-gaurkoz, Mendebaldeko Papua Askatzeko Mugimendu Batuak mundu osoko 85 herrialderen babesa dauka, hala nola Alemaniarena, Erresuma Batuarena eta Pazifikoko hemezortzi estaturena. Hau da bidea NBEk Mendebaldeko Papuaren eskaerak onar ditzan.

Mendebaldeko Papua Askatzeko Mugimendu Batuak behin-behineko konstituzioa onartu zuen 2020an.

Konstituzioa onartu ondoren etorri zen batzorde legegilea, botere judiziala eta kabinetea eratzea. Horri guztiari esker, Mendebaldeko Papuak nolabaiteko aitortza du nazioartean.

Mendebaldeko Papuan aurrera segitzen du Indonesiaren injustiziak?

Nire haurtzarotik, egoera ez da batere aldatu. Gure kultura eta hizkuntza zapaltzen ari dira. Atzerriko kazetariek geure herrialdean sartzeko debekua dute, eta sartu direnak atxilotu eta espetxeratu edota deportatu egiten dituzte; baita laguntza humanitarioko erakundeetako kideak ere. Indonesiaren errepresioa handia da egun.

Ondorengo belaunaldiek zer-nolako jarrera dute Mendebaldeko Papuaren independentziaren inguruan?

Independentzian sinesten dute. Papuarrak sentitzen dira, eta harro daude. Badakite geure bandera Goizeko izarra dela, eta ez Indonesiakoa. Era berean, ondo asko dakite geure bandera kalera ateratzen badute bizitza arriskuan jartzen dutela, atxilotuak izan ahal direla, lana gal dezaketela… Hala, gazte askok, beldurrez, euren identitatea ez dute harro erakusten. Hori da Mendebaldeko Papuako herritarren errealitatea.

Noiz itzuliko zara sorterrira?

Nire eginkizun nagusia betetzen dudanean itzuliko naiz. Noiz ez dakit, baina buruak esaten dit urte gutxi barru lortuko dugula askatasuna.

Zer mezu emango zenioke Euskal Herriko gizarteari?

Euskal Herrira etortzea berezia eta oso garrantzitsua izan da niretzat. Bi herrialdeok gatazka oso antzekoan gaude. Batak bestea behar du, gizaki moduan, eta geure zapaltzaileek ezarri duten kontakizuna hautsi eta benetakoa eraikitzea dagokigu. Badakigu nondik gatozen eta nora goazen: askatasunerantz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.