Mexiko. Huts egindako estatu bat?

Infernuan galdutako mamuak

Milaka migratzaile desagerrarazten dituzte urtero. Desagertzeak erabatekoak dira: hamarretik bederatzi ez dira inon jasotzen. Migratzaileen ama batzuk karabana egiten ari dira, seme-alabak aurkitzeko.

Mexiko Hiria
2014ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Ongi etorriak Mexikora dio kartel berdeak El Ceibon (Tabasco), Mexiko eta Guatemala arteko mugan. «Ongi etorri infernura», xuxurlatu du norbaitek, muga pasatzen duen bitartean. Erdialdeko Amerikako Amen Karabanako parte hartzaileetako bat da. Mexikon desagertutako migratzaileen berrogei senide inguru parte hartzen ari dira karabanan.

Mexikok Latinoamerika guztiko iheslariak jaso zituen 1990eko hamarkadara arte. Familia osoak diktaduretatik, gerra zibiletatik, etnien jazarpenetik eta erabateko pobreziatik ihesi. Baina orain Mexiko ez da babeslekua inorentzat. Mexiko hau infernua bihurtu da gurutzatzera ausartzen diren guztientzat. Aukera baten bila datoz. Bizimodu hobe baten bila. Edo bizimodu baten bila, besterik gabe.Hondurasen, Nikaraguan eta El Salvadorren bortizkeria hain da handia, ezen gazteek ez dute etxea uzten ametsa egia bihurtzeko, amesgaiztotik ihes egiteko baizik. Erdialdeko Amen Karabanako parte hartzaileak dira horren lekuko. Tenosiquen (Tabasco) hasi zuten ibilbidea, ez edozein egunetan: azaroaren 20an, Mexikoko Iraultzaren urteurrenean.

«Paperik gabeko ehunka mila migratzailek zeharkatzen dute urtero Mexiko, eta horietako askok mota guztietako gehiegikeriak jasaten dituzte, antolatutako delinkuentziaren, migrazio agintarien eta segurtasun indarren eskutik». Hala dio Human Rights Watchen Mexico 2014 txostenak. Gehiegikerien artean daude sexu erasoak eta desagertzeak.

Desagertzeak asko dira. Tragedia humanitarioa da, baina zenbakiak ez daude garbi. Mexikoko Migrazio Institutu Nazionalaren arabera (INM), 2010 eta 2014 artean 3.177 migratzaile jo zituzten desagertutzat. Hala ere, 2005etik gaur egun arte 24.800 kasu zerrendatu dituztela zehaztu zuen maiatzean Raul Plasenciak, Giza Eskubideen Batzorde Nazionaleko presidenteak. Amnesty Internationalen datuak beldurgarriagoak dira: 70.000-120.000 migratzaile desagertu dira. Karabanako amek diote azkeneko zortzi urteetan 70.000-150.000 direla.

Mexikoko sistema judizialarentzat Errepublikako Prokuradoretza Nagusia da (PGR) gaiari buruz eskumena daukan erakunde bakarra. Agian horregatik sortu zuen desagertuei buruzko atal berezi bat erakunde horren barruan, 2013ko apirilean: Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Unitate Berezia. Auzitegiko medikuak daude unitatean, gutxienez 200 gorpuzki baino gehiago aztertzeko, ustez migratzaileenak.

Erdialdeko Amerikako Migratzaileen Mugimenduak (MMM), baina, salatu du unitateak ez duela antolatu mekanismo nazional bat. «Ez dago salaketa egiteko tresnarik, ez jatorrizko herrialdeetan, ez Mexikon», dio MMMko Ruben Figueroak. Desagertutako hamar migratzailetik bederatziren kasuak ez dira inon jasotzen. «Migratzaile bat desagertu egin dela salatzeko senideak ere legez kanpo sartu behar du herrialdean, oinez. Gaur egun, senide horientzat Erdialdeko Amerikako Amen Karabana da Mexikon sartzeko aukera bakarra».

Migratzaileen desagertzeek daukaten garrantzia ulertzeko aintzat hartu behar da lotuta daudela beste bi fenomenorekin: segurtasun indarren ustelkeria eta migrazio politiken mendekotasuna Ameriketako Estatu Batuek hartutako erabakiekiko. Mexiko nora ezean dabil. Politikariak delinkuentzia antolatuaren gaizkide dira, eta prest daude politikako sektore guztiak atzerriko kapitalaren interesei saltzeko.

Atitalaquiako kasua

Segurtasun indarren ustelkeriari dagokionez, poliziek ez dakite zer egin behar duten beren lana egitea dagokienean, kanpoko norbaitek estututa. Hori erakutsi zuten Hondurasko eta Guatemalako hamabost migratzaileren kasuan, azaroaren 24an, Atitalaquian. Karabanako kideak izan ziren lekuko. Halako gertaerak, zoritxarrez, arruntak dira Guatemala eta Mexiko iparraldeko muga arteko migrazio bidean, La Bestia (piztia) trenaren bidea jarraitzen duenean.

Migratzaileek Coatzacoalcosen (Veracruz) jasan zuten lehen erasoa. Orizaban bigarrena. Bojayrako bidea hartu zuten (Atitalaquia), El Samaritano migratzaileen aterpean atseden hartzeko asmoz. Bidean, 14:00ak aldera, hirugarrenez eraso zieten. Zetas kartelekoak zirela esan zieten bahitzaileek. Bahiketa, ordea, bertan behera geratu zen, udaltzainei esker. Erdialdeko Amerikako Amen Karabanarekin zihoazen, argi gorriak jarrita. «Nahikoa polizia geunden, eta erasoari aurre egin genion», azaldu zuen Marco Jimenez komandanteak.

Ez zen polizia kopuruaren kontua bakarrik. «Kanpoko lekukorik ez badago, poliziek ez dute esku hartzen; migratzaileak bakarrik egoten dira, eta ez dituzte aintzat hartzen haien salaketak», aterpearen ardura duten mojetako baten esanetan. Ia urte osoan migratzaileak eta haien erasotzaileak izaten dira herriko kanpotar bakarrak. Ez da egoten lekuko deserosorik. «Duela hilabete batzuk pandillero batzuk sartu ziren aterpean, migratzaileei lapurtzeko. Migratzaileek salaketa jarri nahi zuten. Poliziak eraman zituen, eta ez ziren itzuli».

Hondurasko eta Guatemalako hamabost migratzaileen kasuan, karabanako kideek estutuagatik, salaketa jartzeko prozedurak 16 ordu iraun zuen. Bi lagun atxilotu zituzten, baina egindakoa baino delitu apalagoa egotzi zieten. Migratzaileek lau ordu egin zituzten, zain, Atitalaquiako Udaltzaingoaren bulegoetan. Gero Ministerio Publikoaren Agentziara eraman zituzten, Tlaxcoapanera. Hango funtzionarioaren mehatxuen aurrean, CNDH Giza Eskubideen Batzorde Nazionalari babesa eskatu zioten deklaratu aurretik. Eskaerak ezustean harrapatu zituen poliziak, eta, erasoa gertatu eta zortzi ordura, larritasuna eta presa erakutsi zuten, «krimena egiaztatu eta errudunak epailearen aurrera eramateko».

Zainduta bai, babestuta ez

Migratzaileek El Samaritano aterpetxera bueltatzea eskatu zuten. Hala ere, haien gogoz kontra, Ministerio Publikoaren ustezko egoitza batera eraman zituzten, Tula de Allendera: etxe pribatu bat, armaz jositako pertsonen zaintzapean, batzuk uniformea soinean, besteak ez. Etxeak ez zeukan inongo erakunde ofizialen seinalerik. Ez zen azaldu CNDHko funtzionariorik, migratzaileek behin eta berriro eskatu zuten arren. Lehertuta eta poliziek estututa, migratzaileak bakarrik joan ziren bahitzaileak salatzera, karabanako kideen babesarekin. Hurrengo egunean, bahitzaileak Tulako Berregokitze Sozialerako Zentroan (Cereso) sartu zituzten. Lapurreta eta «ateratzen dena» egotzi zieten.

Igualako udaltzainek Ayotzinapako Normaleko 43 ikasleak desagerrarazi eta bi hilabetera, kasualitate hutsa izan zen Hondurasko eta Guatemalako hamabost migratzaile horien istorioa heriotzekin ez amaitzea. Zaintzapean egon ziren etxearen helbidea ez da Tulako Ministerio Publikoarena. Ez litzateke harritzekoa bertan herriko agintariek migratzaileen askapena negoziatu izana. Edozein izan zitekeen migratzaileen patua. Halaxe izaten da Mexikon desagertzen diren guztiena. Mamuak dira, bi milioi kilometro koadrotan, munduko hilerririk handienean, galduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.