AEBetako Gobernuak Irak ibanditzeko erabili zituen argudio nagusiak bi izan ziren: Saddam Husseinen erregimenak suntsiketa handiko armak zituela, eta arma nuklearrak egiteko uranioa erosteko saiotan zebilela Nigerren. CIA inteligentzia zerbitzu amerikarrak bazekien bigarren informazio hori gezurrezkoa zela, baina, hala ere, albiste hori emateko aholkatu zion George Bush presidenteari.
Bi orrialdeko komunikatua zabaldu du bart gauean Tenetek, eta han esaten duenez, jakin bazekiten Irakeko erregimena ez zebilela uranioa erosteko ahaleginetan. Hala ere, George W. Bush lehendakariari egia zela sinestarazi zioten, eta gerra hasi aitzinean estatubatuarrei zuzendu zien hitzaldian informazio hori eman zezan aholkatu zioten.
Erresuma Batuko inteligentzia zerbitzuek egindako txosten batean esaten zen Saddam Husseinen Gobernua Nigerren uranioa erosteko harremanetan zebilela, hain zuzen ere, arma nuklearrak egiteko. Informazio hori faltsua zela frogatu ahal izan zuen CIAk, baina, dena den, egiazko bezala aurkeztu zuten.
Afera horri buruz Bushek estatubatuarrei egindako hitzaldian egindako baieztapenen ardura berea dela nabarmendu du CIAko zuzendariak: "AEBen egoerari buruz presidenteak egin zuen hitzaldia CIAk aztertu eta onartu zuen lehendabizi, beraz, ni naiz albiste zabaldu hori izanaren arduraduna", esan du komunikatuaren bidez. Era berean, uranioari buruz emandako informazioa benetako zela sinesteko Bushi "argudio sendoak" eman zitzaizkiola ziurtatu du.
Tenetek hori guztia aitortu arren, "erabateko konfiantza" agertu dio gaur goizean Bushek Abujan, Nigeriako hiriburuan, han baita bisita ofizialean. Beraz, argi utzi du ez duela Teneten dimisioa eskatuko.
Nolanahi ere, AEBetako oposizioko Alderdi Demokrataren barruan gero eta gehiago dira CIAko zuzendariaren aurka —eta, bidenabar Bushen Gobernuaren kontra— altxatzen ari diren ahotsak. Afera ikertzeko batzorde baten osaera eskatu dute alderdi horretako zenbait legebiltzarkidek. Era berean, AEBetako iritzi publikoan gero eta gehiago ari dira Bushen Gobernuak Irakeko erregimenaren gaitasun militarra exajeratu egin zuela uste dutenak.
Iraken inbasioa
Informazio faltsua eman zuela onartu duen arren, Bushek "erabateko konfiantza" adierazi dio Tenet CIAko zuzendariari
CIAk bazekien faltsua zela Saddam Husseinen Gobernua Afrikan uranioa erosteko saiotan zebilela, baina, hala ere, egia zela esan zion George Bush AEBetako presidenteari eta berria zabaltzeko aholkatu zion. Hala onartu du George Tenet inteligentzia zerbitzuko zuzendariak. Nolanahi ere, Tenetengan "erabateko konfiantza" duela berretsi du Bushek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu