Gaur hauteskunde orokorrak egingo dira Grezian eta azken inkesten arabera, Demokrazia Berria alderdi kontserbadoreak irabaziko du. Bigarren geratuko lden Pasok alderdi sozialistari, ordea, soilik hiru puntuko aldea aterako dio, aurreikuspenen arabera. Ostiralean amaitu zen hauteskunde kanpaina eta sozialistek Atenasen manifestazio bat egiteko baliatu zuten, ia bi hamarkadatan eskuan izan duten botereari eusteko ahaleginean. Zalantzan dagoen hautesle multzo handia erakarri nahi dute.
Kontserbadoreak inkestetan lehenenego agertu arren, sozialistek igoera handia izan dute azken hilabeteotan; batez ere, George Papandreu lehen ministro izendatu zutenetik, duela hilabete. Ordu arte Atzerri ministroa zen.Une garrantzitsuan dago orain Grezia. Batetik, Zipreko gatazka maiatzaren 1a baino lehen konpontzen ahalegintzen ari da, beste aldeekin batera. Bestetik, abuztuan eta irailean Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak izango dira Atenasen. Pasokek bi gai horiek kudeatzeko gai ez dela izango egotzi dio Demokrazia Berriari.
Aberatsen eta txiroen arteko aldea, zabalagoa
Bere alderdiak akatsak egin zituela onartu zuen Papandreuk ostiralean, baina Gobernuan jarraitu nahi zuela nabarmendu zuen. Langabezia tasa nabarmen igo da urte hauetan egun %9 ingurukoa da eta euroaren eraginez prezioak asko igo dira. Adituen arabera, sozialisten agintaldian, aberatsen eta pobreen arteko aldea areagotu egin da, oinarrizko zerbitzuetan finantziazioa murriztu eta ustelkeria zabaldu. Gobernu berriak «negozio ilunekin, zero tolerantzia» izango duela agindu du Papandreuk eta nekazariei diru laguntzak bikoiztuko dizkietela.
Karamanlis aurkariak agindu du ustelkeria ezabatuko duela, burokrazia murriztu eta langabezia jaitsi. Datorren urteko udazkena bitartean, hainbat bozketa izango dituzte greziarrek: gaurkoa, Europako Legebiltzarrerakoa ekainean eta 2005ean presidentetzarako hauteskundeak. Hauteskunde orokorrak irabazten dituen alderdiak zenbateko indarra lortu bigarrenarekiko, erabakigarria izango da presidentea aukeratzeko bozetarako. Gaurko hauteskundeetarako lehiatu diren 70 hautagai inguru diputatu izandakoen seme-alaba edo senideak dira eta aurreko legegintzaldiko diputatuetatik %12k zuten familian politikariren bat. Papandreu eta Karamanlis familiak beste bost aldiz lehiatu dira elkarren artean. Kontserbadoreen burua Constantin Karamanlis lehen ministro ohi eta Demokrazia Berria alderdiaren sortzailearen iloba da.Kritikoek esaten dute oinordetza-demokrazia bihurtzen ari dela egungo sistema politikoa. Beste batzuen aburuz, berriz, familiatik politikagintzan sartuta egotea biziki lagungarria da etorkizuneko buruzagientzat.
GREZIA
Inkestek alde txikiarekin ematen dute garaile eskuina
Kontserbadoreek zein sozialistek langabezia murriztu eta ustelkeria ezabatzea agindu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu