Anaia Musulmanek jadanik garaile direla esan dute. Mohamed Mursik bigarren itzulira igarotzea lortu du, anaiek jaso dituzten datuen arabera. Al Ahram egunkariak ere ziurtzat jo du hori. Bigarren nor geratu den ez dago horren argi, baina inkesta gehienek Ahmed Xafiken alde egin dute, Hosni Mubaraken lehen ministro izandakoaren alde. Hala ere, badira galdeketa batzuk Hamdin Sabahi sozialistari ematen diotenak Mursirekin lehiatzeko aukera, eta hala balitz, horixe litzateke Egiptoko presidentetzarako bozetako ezustekorik handiena. Behin betiko emaitzak datorren asteartean emango dituzte.
Anaia Musulmanen datuak fidagarritzat jotzen dituzte Egipton, militanteek bozkalekuetan kontaketa egin bitartean egoteko baimena dutelako.Botoen %90 kontatuta daudela, horiek Xafik jartzen dute bigarren. Bigarrena edonor izanda ere, erabat polarizatuak izango dira datozen hitzorduak, ekainaren 16an eta 17an, Anaia Musulmanek islamismoanoinarritutako gizartea aldezten dutelako, eta Xafikek eta Sabahik gizarte laikoa nahi dutelako.
Ez Mursi eta ez Xafik ez dira Tahrir plazan duela hamabost hilabete matxinadak gidatu zituztenen gustukoak. Haientzat, onena Sabahi litzateke, eta sare sozialetan jo eta su ari dira itxaropenari helduz, ez bada ere oso gertagarria hura ateratzea.
Islamismoa edo iragana
Egipton lehen aldiz joan dira herritarrak bozkatzera jakin gabe nork irabaziko duen. Orain, berriz, irabazten duenaren baitan, Egiptok oso bide ezberdina har dezake. Anaia Musulmanekin oso kezkatuta daude laikoak, xaria lege islamikoan oinarritutako gobernuak har ditzakeen erabakiak arriskutsuak iruditzen zaizkielako. «Berdintasuna eta askatasuna denontzat izango duen herria eraiki nahi dugu». Horixe da Mursik aspaldian behin eta berriz esaten duen esaldia, Anaia Musulmanen joera moderatuenaren aldekoa izango dela. Turkia jartzen du islamaren eta demokraziaren elkarbizitzarako eredu gisa.
Baina Anaia Musulmanentzat, oro har, izan muturrekoago edo ez, berdintasuna, besteak beste, ez da arlo publikoan emakumearen parte hartzea bermatzea, haren zeregin garrantzitsuena ama eta emazte izatea baita. Etxetik kanpoko lana zilegi da haientzat, baldin eta familiari eragiten ez badio. Gaitasun intelektuala aitortzen badiote ere, pentsatzen dute emakumeak ez duela balio edozein arlotako buruzagi izateko, eta, hala ere, hauxe dio bere hautagaiak: «Herritarren aniztasuna babestuko dugu, musulman edo kristau, emakume edo gizon, denen izaera errespetatuko dugu».
Ahmed Xafik, berriz, Hosni Mubaraken azken lehen ministroa izan zen, erregimenaren segidarik argiena, baina islamistak urruti nahi dituztenak ere gerturatu zaizkio, hautagaienganako gogokotasuna aukerak dituztenekin ordezkatuta. Amro Musa hautagaiak bezala, Xafikek ere arbuiatu du publikoki Mubarakekin egindako lana, baina gutxiegitan, Tahrir plazako manifestariek aurpegiratzen diotenez.
Ez zen aurkeztekoa Xafik; ezin zuen, baina Mubaraken garaian goi karguak bete zituztenei bozetara aurkeztea debekatzen dien legeari helegitea aurkeztu zion, konstituzioaren aurkakoa dela arrazoituz, eta Hauteskunde Batzordeak ontzat eman du argudioa. Helegitea aztertuko dute, ordea , eta ohartarazi dute lehen ministro ohiaren hautagaitza atzera botatzen badute presidentetzarako bozak baliogabe gera daitezkeela. Bigarren itzulira igarotzen bada, egoera nahaspilatu egingo du horrek, epaitegien erabakia hauteskundeak igaro ondoren hartuko delako.
«Xafiken helegitea aztertu ondoren, batzordeak Xafik presidentetzarako lehiatik kanporatzen zuen ebazpena baliogabetzea erabaki du». Hauteskunde Batzordeak Faruk Sultane presidentearen ahotan esandakoa da hori. Anaia Musulmanek gogor kritikatu zuten erabakia, haien ustez ez dagokiolako Hauteskunde Batzordeari legea konstituzionala den edo ez erabakitzea. «Lege bat dauka, eta bete egin behar du».
Hamdin Sabahik, inkestetan bigarren itzulira igarotzeko aukera ematen dioten hirugarren hautagaiak, hauteskundeen aurreko azken egunetan hartu du indarra. Mendebaldean bizi diren egiptoarrek haren aldeko kanpaina bultzatu dute. Gamal Abdel Nasser buruzagi historikoaren ideien jarraitzailea da, eta, orain, Egiptoko ezkertiar askoren babesa jaso du; Mohamed el-Baradei joan zenean sortutako hutsunea bete du nolabait.
Sabahik Alderdi Demokratiko Nasserista sortu zuen, eta 2005ean hainbat intelektualekin Kefaya (nahikoa da) oposizioko taldea sortu zuen. Behartsuenei zuzendutako diskurtsoa egin du kanpainan.
Inkestek Anaia Musulmanak jo dituzte irabazletzat Egipton
Galdeketa gehienen arabera, Mursi islamista Xafikekin lehiatuko da bigarren itzulian, Mubaraken lehen ministro izandakoarekinHamdin Sabahi sozialistak ere aukera baduela iragarri dute; ezustekoa eman du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu