TXILEKO PRESIDENTZERAKO BOZAK

Inkestek diote Bacheletek bigarren itzulia beharko duela irabazteko

Agintean den koalizioko hautagaiari bozen %41 ematen dizkiote inkestek, Piñera eta Lavin eskuindarrei %20 inguru

2005eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Concertacion (Hitzarmena) zentro-ezkerreko koalizioko hautagai eta Alderdi Sozialistako buru Michelle Bachelet da gaur Txilen presidentetzarako egingo dituzten hauteskundeetarako faborito nagusia, RN Berrikuntza Nazionaleko Sebastian Piñera eta UDI Batasun Demokrata Independenteko Joaquin Lavinen aurretik. JPM Elkarrekin Gehiago Ahal Dugu plataformako hautagai Tomas Hirsch atzerago geratzen da inkestetan, baina goranzko joera erakutsi du azken egunotan.

Hitzarmena koalizioa agintean da Pinocheten diktadura bukatu zenetik, eta itxura guztien arabera, Bacheletek ordezkatuko du Ricardo Lagos presidente eta alderdikidea. Alderdi Sozialistaz gain, PRSD alderdi erradikala (liberala), PPD Demokraziaren Aldeko Alderdia (sozialdemokrata) eta PDC Alderdi Demokrata Kristaua daude Hitzarmena koalizioan. Herenegun CERC ikerketa etxeak zabaldutako azken inkestaren arabera, Bacheletek bozen %41 lortuko ditu. Ezein hautagaik %50 gainditzen ez badu, bigarren itzulia egin beharko da, urtarrilaren 15ean.RN Berrikuntza Nazionaleko Piñera, eskuindar moderatua, bigarren ageri da inkestetan, botoen %22rekin. UDI alderdi ultrakontserbadoreko Lavinek (pinochetista, nahiz ta azkenaldian harengandik urrundu), berriz, boto asmoen %19 dauka. Aitzitik, Alderdi Komunista, Alderdi Humanista, Ezker Kristaua eta talde ekologista, indigenista eta sindikalista batzuk biltzen dituen JPMko Hirschi inkestek ez diote garaipenerako inolako aukerarik ematen, botoen %7 lor ditzakeela baitiote. Zortzi milioi txiletarrek baino gehiagok izango dute bozkatzeko aukera. Presidenteaz gain, 120 diputatu eta 20 senatari aukeratuko dituzte.

Pinocheten kasua

Kanpainan, besteen botoak eskuratzeko, beren eremu politikoetatik atera dira hautagaiak. Hala, Bacheletek kutsu kontserbadorea, Hirschek sozialista, Piñerak sozialdemokrata eta Lavinek ezkerrekoa hartu dute.

Augusto Pinochet Ugarteri dagokionez, bozka dezakeen arren (oraindik ez baitute zigortu), ez dirudi bozkatzera joango denik. Lerrook idazterako, ez zegoen argi bere abokatuek epaileari baimena eskatua zioten. Pinochet etxean atxilotuta dago, Colombo operazioko bederatzi krimenengatik zein lau ustelkeria deliturengatik auzipetuta eta beste 29 krimenengatik immunitatea kenduta. Azken hori iragan asteazkenean kendu zioten.Gainera, adituek diote ez dirudiela diktadore ohiak lau hautagaietakoren batenganako joera duenik. Ezkerrekoen alde egingo duela baztertuta, eskuindarrei dagokienez, hari immunitatea kendu ziotenetik, harengandik urrundu dira Lavin eta Piñera.Lavin Pinocheten «obra» sutsuki defendatzetik «garai harekiko gero eta distantzia gehiago» sentitzen duela esatera igaro da. Piñerak, aldiz, behin eta berriro nabarmendu du 1988ko erreferendumean pinochetismoaren jarraipenaren gainean ezezkoa bozkatu zuela. Pinocheten jarraitzaile askok, haren diktadurapean izandako giza eskubideen urraketarik larrienak ere justifikatu zituztenak, ez diote barkatu ustelkeria kasuekiko ustezko zerikusia, eta arrunt bakartua utzi dute.

 



-

Hautagaiak





MICHELLE BACHELET

Hitzarmena zentro-ezkerreko koalizioa

«Txileko bekatu nagusien isla naiz: emakumea, sozialista, banandua eta agnostikoa», dio 1951n Santiagon jaiotako Veronica Michelle Bachelet Jeriak. Gazteria Sozialistetako kide izana, zirujaua, pediatra eta epidemiologoa da. Pinochetek gurasoak hil zizkion (aita militarra eta Allenderen laguntzailea zen), eta Michelle ere torturatu zuen. Erbestean ibili ondotik, 1979an itzuli zen Txilera. 2000tik, Ricardo Lagosen gobernuan Osasun eta Defentsa ministro aritu da. Pinochetek boterea utzi zuenetik militarren eta zibilen arteko harremanak hobetzen egin duen lana nabarmendu dute adituek. Iazko urritik dabil kanpaina prestatzen.



TOMAS HIRSCH

JPM Elkarrekin Gehiago Ahal Dugu

Juntos Podemos Mas (Elkarrekin Gehiago Ahal Dugu) ezkerreko plataformako hautagai Tomas Hirsch naziengandik ihesi joandako judu alemaniarren semea da. Argazkilaritza enpresaburu jardundakoa, Nazioarteko Mugimendu Humanista izan du ikergai, eta 1984an Alderdi Humanista sortu zuen. Artean Pinochet diktadore zela, 1988an, legeztatu zuten alderdia. Urte berean pinochetismoak segitzearen kontrako alderdien itunean parte hartu zuen. 1990-1992 artean Zeelanda Berrian enbaxadore aritu zen Hirsch. Salvador Allenderen gobernuaren jarraitzailea eta indarkeriaren kontrakoa da.



SEBASTIAN PIÑERA

RN Berrikuntza Nazionala

Renovacion Nazional eskuin liberaleko hautagaia enpresaburu aberatsa da (1.200 milioi dolarreko aberastasuna duela uste da). 1949an jaioa, Ekonomiako lizentziaduna da, eta 1973ko estatu kolpearekin AEBetara jo zuen, Harvarden doktoradutza egitera. 1976an Txilera itzuli eta pobreziaren aurkako proiektuetan eta hiru unibertsitatetan irakasle lanetan aritua da. Hainbat enpresatan jardun du edota akzioduna da. Bere aberastasun guztiak lanarekin lortu dituela nabarmendu izan du. 1989an hautagai independente gisa diputatu hautatu zuten, eta 1990etik da RNko diputatua. Zentro-eskuineko herritarrak erakarri nahi ditu.



JOAQUIN LAVIN

UDI Batasun Demokrata Independentea

UDI ultrakontserbadoreko hautagaia da Joaquin Lavin Infante 52 urteko merkataritza ingeniaria. Opus Deiko kide aktiboa, presidentetzara iritsi ahal izateko bidean higatu da, eta dagoeneko lehiakideak ateratzen hasi zaizkio alderdi barruan. «Orain edo inoiz ez», hala ikusten du gaurko bozketa. Concepciongo Unibertsitateko Ekonomia dekano eta El Mercurio egunkariko zuzendari izana, gero eta gehiago aldendu da Pinochetengandik, hari immunitatea kendu eta epaitzen hasi direnetik. Lehenago, ordea, haren diktadura goretsi zuen La Revolucion Silenciosa (Iraultza Isila) liburuan. Bigarren saioa du hau boterera iristeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.