Azaroaren 21ean Presidentetzarako bozen bigarren txanda egin zuten Ukrainan. Oposizioaren irregulartasun salaketek eta protestek eraginda, gaur berriz egingo da bigarren txanda, eta, inkestek diotenez, oposizioko buruzagi Viktor Justxenko izango da orain irabazlea. Atzo, Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin zituen azaroaren 8an Kieveko legebiltzarrak onartutako hauteskunde legearen zuzenketa batzuk. Ezeztatu zuen ataletatik batek handizki murrizten zuen etxean botoa emateko aukera, ezindutako hautesleei soilik mugatuta. Aukera hori berriz ezartzeak iruzur egiteko arriskua handitzen badu ere, praktikan ez da denbora nahikorik izan aukera hori baliatzeko.
«Auzitegi Konstituzionalak Ukrainako Konstituzioaren aurkakotzat jo du etxean botoa emateko aukerak mugatzen zituen zuzenketa», iragarri zuen atzo Mikola Selivon gorteko presidenteak. «Auzitegi Konstituzionalak egonkortasuna bermatu nahi izan du; honezkero, inork ez dezake esan Ukrainako hurrengo presidentea ez dela legez eta bidez hautatua izango», gaineratu zuen Selivonek. Auzitegi Konstituzionalaren ebazpen hori dela eta, osasun arazoak edo bestelako ezintasun bat izango duten hautesleek etxean botoa emateko ahala izango dute; baina, horretarako, Hauteskunde Batzordearen eskutik baimena lortu beharra zuten atzoko 20:00ak baino lehen. Viktor Janukovitxek jarritako helegite baten onartzea izan arren, Viktor Justxenko oposizioko lehiakidearen ingurukoek ez zuten gaizki hartu Auzitegi Konstituzionalaren ebazpena. Hala, Justxenkoren kanpainako arduradun Juri Kliutshkovskiren iritzian, «erabaki honekin, igande honetako bozketaren legezkotasunaz sor zitezkeen zalantzak baliogabetuta daude». Ildo beretik, Ukrainako Legebiltzarreko presidente Volodimir Litvinek zioenez, «Auzitegi konstituzionalaren ebazpen honi esker boz hauen zilegitasunaren eta arauzkotasunaren aurkako salaketa gutxiago izango dira».
Erabakia azken unean hartua izanagatik, indarrean jartzeko ahaleginak oro egingo zirela zehaztu zuen Hauteskunde Batzordeko presidente Jaroslav Davidobitxek. Horrek ziurtatu zuen, halaber, egungo bozketak «erabat garden eta zintzoak» izango zirela eta horren berme izango zirela Ukrainan banatutako nazioarteko 12.187 behatzaileak. 5.000 begiratzailek jardun zuten iruzurragatik baliogabetu zuten iragan azaroaren 21eko Lehendakaritzarako hauteskundeen bigarren txandan.
Europako Segurtasun eta Kooperaziorako Erakundeak (ESKE) Ukrainako hauteskundeen kontrolerako eratutako misioaren buru Geert-Hinrich Ahrensek adierazi zuen atzo Auzitegi Konstituzionalak hartutako ebazpenarekin konponbidea ez zela erraza izango, baina hauxe gaineratu zuen: «Ukrainako herriak merezi du hauteskunde prozesua bururaino joan dadin eta gurako duen presidentea hauta dadin ».
Kutxmaren deia eta azalpenak
Atzoko gogoeta egunaren atarian, Ukrainako jarduneko presidente Leonid Kutxmak «eskuak batak besteari luzatzerat» deitu zituen bi lehiakideak: «Egite hau behar-beharrezkoa da, Ukrainako herria ezin baita erdibitu».Bere lehen ministro Viktor Janukovitx orain dela gutxi arte bultzatu eta sustatu duenak hitz leunak izan zituen iragan azaroaren 21eko iruzurrak salatzeko sortu eta hazi zen iraultza laranja herri protestaren alderat. «Normaltzat jotzen dut herritarrek etengabeko kontrola egin dezaten; hortaz, azken asteotan gertatutakoak ulertu ditut eta horretarako ere ez dut indarrezko neurririk hartu ordena publikoa berrezartzeko», esan zuen, telebista hitzaldi batean.
Kiev hiriburuan ostiral arratsean 5.000 jarraitzaileren aurrean egin zuen mitinean, berriz, «adiskidetze nazionalerako foro bat eratzera» deitu zuen Janukovitxek. Bozak galduak balitu bezala mintzatuz, hauxe esan zuen Justxenko oposizioko hautagaiari zuzenduta: «Niretzat ez dut ezer eskatzen, baina gizartea baretu egin behar dugu eta gure herritarrei ziurtatu bakea berriro egongo dela herrialdean».
UKRAINAKO HAUTESKUNDEAK
Inkestek diote Viktor Justxenkok irabaziko dituela gaurko bozak
Presidentetzarako hauteskundeen bigarren txanda egingo dute berriro, 12.000 behatzaileren begiradapean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu