AEB-ETAKO HAUTESKUNDEAK

Inkesten arabera, Romneyk Obama garaitu du lehenengo aurrez aurreko eztabaidan

Zerga sistema eta osasun sistemaren erreforma izan dituzte hizpide, batez ere. Hiru eztabaidatik aurrena izan da bart gauekoa. Azaroaren 6an egingo dituzte hauteskundeak.

2012ko urriaren 4a
15:20
Entzun

Barack Obamak eta Mitt Romneyk, AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentegaiek, Euskal Herrian gauez zela izan dute lehenengo eztabaida aurrez aurre. Zerga sistema eta osasun sistemaren erreforma izan dira eztabaidaren bi zutoin nagusiak. Azaroaren 6an egingo dituzte hauteskundeak, eta beste bi aldiz eztabaidatuko dute hautagaiek.

Zerga sistemaren atalean, aberatsenei zergak jaitsi eta klase ertainei igo nahi izatea egotzi dio Obamak Romneyri. Gastu militarra handitu nahi duela iragarri du Romneyk, eta, neurri horri aberatsei zergak jaisteko proposamena batuz gero, defizit helburua betetzea ezinezkotzat jo du Obamak: “Aritmetika da”. Egungo presidenteak esan du "abertzaletasun berri batean" sinesten duela eta, horren arabera, AEBak hobeto daudela klase ertainak zenbat eta hobeto egon. Afganistango gerra amaitzear eta Irakekoa bukatuta daudela-eta, gastu militarra behera egiten ari dela nabarmendu du Obamak, eta aurreztuko duten dirua "inbertsioak" egiteko erabiliko dutela azaldu du.

Romneyk zehaztu du ez duela zergak jaisteko asmorik, ez dituelako gobernuaren diru iturriak gutxitu nahi. Hala ere, gaineratu du enpresa handiei zergak gutxitu behar zaizkiela. Gainera, defizita gutxitzeko ezer ez egitea egotzi dio Obamari: "Kezkatuta nago, porrotaren bidera goazelako, presidenteak uste baitu irtenbideak zerga gehiago, arautze gehiago eta gastu publiko gehiago direla".

Hazkunde ekonomikoari buruz, Romneyk agindu du 12 milioi lanpostu sortuko dituela, eta erantsi du hori posible izango dela arlo pribatuan duen esperientziarengatik: "25 urte daramatzat negozioen munduan". Biek bat egin dute energia alorrean duten mendekotasuna murriztu behar dutela, baina Obamak esan du "etorkizuneko energia garbietan" egin behar dituztela inbertsioak.

Osasun arloan, Romneyk iragarri du Obamak egindako erreforma atzera botako duela, eragiten duen gastua ez dela beharrezkoa iritzita: "Merkatu pribatuak beti funtzionatu du hobeto". Obamak, ordea, milioika pertsona osasun zerbitzurik gabe utzi nahi izatea leporatu dio Romneyri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.