Inoiz baino azkarrago ari dira urtzen Himalaiako glaziarrak

Igor Susaeta.
2023ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
XXI. mendeko lehendabiziko hamarraldian baino %65 azkarrago urtu ziren Himalaia mendikateko glaziarrak urte batzuk geroago, 2010eko hamarkadan hain zuzen ere. Hori da Mendiaren Garapen Integraturako Nazioarteko Zentroak kaleratutako azkeneko ikerketaren ondorio nagusietako bat. Atzo eman zuen horren berri, eta egileek nabarmendu dute berotze globalak eragindako fenomeno horrek ez duela «aurrekaririk», eta ekarri dituen aldaketak «konponezinak» direla. Ohartarazi dute, bide batez, mendikatearen ekialdeko glaziarrek—Asia erdialdean dago— bere bolumenaren %75 galduko dutela, mende amaieran planetaren tenperatura igotzen baldin bada 3 gradu industrializazioaren aurretiko garaiarekin alderatuta. Aintzat hartu behar da 2015eko Parisko Hitzarmenean helburutzat jarri zutela tenperatura igoera hori ez izatea 1,5 gradu baino gehiagokoa.

Horiek horrela, berotegi gasen isurketak nabarmen murriztu ezean, mendikate horretan jaiotzen diren ibaien arroetan bizi diren ia 2.000 milioi pertsonak daude bai uholdeak, baita ur eskasia ere nozitzeko arriskuan. Besteak beste, Ganges, Indo, Ibai Horia, Mekong eta Irrawaddy ibaiak glaziar horietan sortzen dira, eta ibai horiek, zuzenean edo zeharka, elikagai, energia eta diru iturri dira milaka milioi pertsonarentzat.

«Mendikate horietako biztanleek, zeintzuek apenas eragin duten berotze globalean, arrisku handia dute. Gaur egun egiten ari diren egokitzeko ahaleginak inondik inora ez dira nahikoa, eta arduratuta gaude laguntza handiagorik gabe komunitate horiek ezingo diotelako egoerari aurre egin», azpimarratu du txostenaren egileetako batek, Amina Maharjanek. Gobernuen arteko erakunde bat da Mendiaren Garapen Integraturako Nazioarteko Zentroa, Nepalen du egoitza, eta horren kide dira, gainera, Afganistan, Bangladesh, Myanmar, Bhutan, Txina, India eta Pakistan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.