«Inoiz egin ez den elkarrizketa»

Bayrou eta Royal bat etorri dira hainbat puntutan, baina ekonomia arloan eztabaida sortu da

2007ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Frantziako bozen bigarren itzulian, Nicolas Sarkozy eskuineko hautagaiarekin lehian izango den Segolene Royal sozialistak telebistako eztabaida saio batean hartu du parte. Lehen txandan hirugarren postuan sailkatu den François Bayrou zentrista izan du aurkari. Halako eztabaida bat egiten duten lehen aldia da.

BFM TV eta RMC telebista kateek antolatu eta plazaratu dute aurrez aurrekoa. Bertan, Royalek eta Bayrouk adostasun puntuak nabarmendu dituzte. Biek diote eskuinaren eta ezkerraren arteko etsaigo jarreretatik irteten ahalegindu behar dela. Haatik, PSko eta UDFko ordezkarien artean, ezadostasunak ere agertu dira, ekonomia egitasmoen inguruan batez ere. Eztabaidari ekin aurretik, baina, batak zein besteak argi utzi zuten aurrez aurre horren helburua zela «frantziarren iritzia argitzea», eta ez zela espero izan behar Bayrouk botoa Royalen alde eskatzea.

Bayrouk eta Royalek biek nabarmendu dute gertaera horren berezibiziko garrantzia duela. «Inoiz egin ez den elkarrizketa hau politika jarduna eraberritzeko lehen pausoa da, bi blokeen arteko enfrentamendutik irten beharra agerian utziko duelako», adierazi du Segolene Royal sozialistak. Mahai berean eseri dira bi buruzagiak, enfrentamenduen amaiera islatzeko edo; eta beldurrik gabe erantzun dizkiete ondoan eseritako lau kazetarien galderei.

«Lerroak mugiaraztea baino ezer beharrezkoagorik ez da gaur egun», nabarmendu du Bayrouk, eta azaldu: «Datorren maiatzaren 6an hautatua izango dena edozein izanda ere, ezinbestekoa izango du ildo politiko ezberdinetakoak elkarlanean ariaraztea. Orain artekoak baino bategite zabalagoak hitzartu beharko dira».



GIZARTE KONTUETAN ADOS. Kazetariek egin dizkieten galderei erantzutean, Bayrouk eta Royalek adostasun puntu andana nabarmendu dute. Ados agertu dira, besteak beste, «alderdikeriaz kanpoko estatua» zaintzearen beharrean, instituzioek berritzeko duten premian, delinkuentziari erantzun egokiak asmatzeko beharrean, Polizia berrantolatzean, edo hedabide handien gaineko kontrola salatzerakoan.

Europako Batasunaren auzian ere elkarrengandik hurbil agertu dira hautagai sozialista eta buruzagi zentrista. Frantziarrek, 2005eko maiatzaren 29an, Europako Konstituzio proiektua arbuiatu ostean, Bayrou eta Royal bat etorri dira esaterakoan EBko instituzioetan aldaketak behar direla, eta testu berri bat moldatu ondoren, beste erreferendum bat antolatu beharko dela. Bayrouk, baina, EB osoan gutxieneko soldata finkatzeko asmoa seriotasunik gabekotzat jo du, eta euroaren beherapena aldarrikatzearen aurka agertu da. Royalen alderdiak, aldiz, bi puntu horiek sutsuki defendatzen ditu.



EKONOMIAN IRITZI DESBERDINAK. Hain zuzen, ekonomia kontuetan dira Bayrou eta Royalen arteko ezadostasunak era nabarmenean agertu. Hautagai sozialistak presidentetzarako kanpainan egiten dituen promesa garestiak hizpide dituela, Bayrouk hauxe adierazi du: «Ez da uste izan behar dirua hainbat herritar motaren artean nasaiki banatuz, suspertuko dela ekonomia. Horrek ez du inoiz eta inon funtzionatu». UDFko buruak hautagai sozialistari ohartarazi dio sarritan sinesten dutela Estatuak egin ditzazkeela gauzak, gizarteko eragileen ordez. Royalek hauxe erantzun dio: «Ez da egia nire presidentetza egitasmoa estatikoa dela, zuk diozun bezala. Ez naiz ziur ondo irakurri duzun».

Segolene Royal eta François Bayrou eztabaidan ari zirelarik Parisen, Nicolas Sarkozy Valenciennes hirian zegoen, kanpaina egiten. Gertakariaz zer iritzi zuen galdetu ziotelarik, «Parisko hotel batean, larunbata goiz batez egiten diren trikimailuak ez dira Errepublika zintzo bateko jokabideak» erantzun zien eskuineko hautagaiak.



Royal eta Sarkozy aurrez aurre izangodira asteazkenean

François Bayrou zentristarekin izan duen eztabaidatik landa, beste aurrez aurre bat izango du Segolene Royal hautagai sozialistak. Hori datorren asteartean egingo du. Hurrengo igandean -maiatzaren 6an-, Frantziako presidentetzarako bozen bigarren itzulian lehiakide izango duen Nicolas Sarkozyri dio aurre egingo. Eztabaida zuzenean egingo duteTF1 eta France2telebista kateetan. Patrick Poivre d'Arvor eta Arlette Chabot kazetariak izango dira galdegile eta moderatzaile.

Aurrez aurreko horren bidez, orain arte egin diren inkesta guztiek iragartzen dutena aldatzea espero du Royalek. Hala, atzo plazaratu zuten Ipsos-Dell etxearen inkestak ere Sarkozy dauka garailetzat, bozen %52,5ekin, eta bozen %47,5 ematen dizkio Royali.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.