Bulegoak eta elizak eraikitzen ditu hemen bere burua gurtzeko; haren izena: burgesa; haren helburua: aberats izatea, ahalik eta irabazi gehien ateratzea herrialdearen hondakinetatik, anai-arreben gisan bizi ginen lekutik». Errusiako Eshelon rock taldearen Aberria abestiaren hitzak dira. Kritikariek red metal deitu den generoan kokatzen dute talde hori; hau da, ideologikoki komunismoarekin lerratuta dauden rock gogorreko taldeek osatutako multzoan. Eshelonen abestiek, baina, Errusiako gizartearen sektore handi batek elkarbanatzen duen sentipena adierazten dute anitzetan, komunismoarekin lerratuta ez daudenena barne. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunari abesten dio Eshelonek, haren handitasun eta bertuteei. Dagoenarekiko desilusioa, eta galdu zenarekiko nostalgia. SESB desegin zenetik hogei urte igaro berri direnean, Errusiako sektore politiko gehienek oroitu dute inperio gorriaren loria, bakoitzak bere erara ulertua.
Herenegun bete ziren hogei urte Mikhail Gorbatxov SESBeko azken presidenteak dimisioa eman zuenetik. Dimisioa, baina, aitzinetik gauzatutako desegitearen azken puntu sinbolikoa izan zen. Gorbatxovek 1985ean hartu zuen boterea, eta sistema aldatzeko beharra aldarrikatu zuen. Baliabide naturaletan herrialde aberatsa izan arren, eta gizartearen hezkuntza maila handia bazen ere, 1980ko hamarkadan krisialdian murgilduta zegoen SESB. Gorbatxoven ustez, AEBen aurkako armen lehiak xahuketa ekonomiko jasanezina eragiten zion errepublika sozialisten batasunari, eta sistema «autoritario eta burokratizatuak» egoera larriagotzen zuen. 1987an paratu zuen martxan erreforma saila, Perestroika famatua, SESB salbatuko zuelakoan. Hartutako liberalizazio neurriek kontrako eragina izan zuten, ordea.
Europaren ekialdeko Altzairuzko oihala deseginda, etaSESBeko errepublikak bata bertzearen gibeletik independentzia aldarrikatzen ari zirela, 1991ko abuztuan CCCP SESBeko Alderdi Komunistaren sektore gogorrenak estatu kolpea eman zuen Gorbatxoven aldaketak geldiarazteko. Tankeek soilik bi egun iraun zuten karriketan. Kolpeak porrot egin zuen, eta Gorbatxovek sinesgarritasuna galdu. Gertakari hartatik Boris Jeltsin Errusiako Federazioko presidentea atera zen erabat indartuta. Urte horretako abenduaren 8an, SESBeko hiru errepublika nagusietako ordezkariek —Jeltsinek, Ukrainako presidente Leonid Kravtxuvek eta Bielorrusiako Parlamentuko presidente Stanislav Xuxkevitxek— batasunaren desegitea sinatu zuten Bielorrusiako Belavezhskaia Pustxa basoan. Gorbatxoven dimisioa ezinbertzeko formalismoa izan zen.
Komunisten salaketa
Belavezhskaia Pustxako adierazpenak SESBeko herrialdeen sistema ekonomikoaren eta politikoaren aldaketari bidea ireki zion, eta Bigarren Mundu Gerraren osteko nazioarteko dinamika aldatu zuen. Zauriak ere ireki zituen, ordea, eta Errusian bederen orbandu gabe segitzen dute. Horren adibide, hogeigarren urteurrena bete den egunean KPRF alderdi komunistak eskatu du adierazpena sinatu zutenak auzitara eramateko. «Belavezhskaia Pustxako akordioak sinatu ziren eguna estatuaren interesei, haren konkista historikoei, haren herriari eta sobietar abertzaleen belaunaldi oso bati eginiko traizioaren eguna izan zen», KPRFko presidenteorde Ivan Melnikoveren ustez. «Estatu independente deitu direnen zoritxarra ez da soilik neurrigabeko liberalek eta burokrata ustelek zuzendu dituztela, baizik ekonomia nazionala eta segurtasuna hondoratu direla, hau da, babes kultural eta ekonomikoa hautsi dela».
Errusiako 'ostalgie'-a
KPRFk SESBeko izatearen eta balioen erabateko defentsa egiten du. Estalinismoa ere goraipatzen du, CCCPk 1950eko hamarkada bukaeran alboratu arren. Komunista ez diren herritar anitzengan, berriz, zenbait estereotipo orokortu dira. Errusia kapitalistan askatasun gehiago dutela erraten dute, baina iraganeko hainbat gauzaren hutsunea sentitzen dute. Alde batetik, babes ekonomiko eta sozialarena, gaur egun langile klaseko jendearentzat erraza baita langabezian edo kale gorrian amaitzea, SESBen aroan pentsaezina zena. Bertzetik, iraganeko erlazio pertsonalak goraipatzen dituzte, egungo indibidualismoa kritikatuz. Errusiaren antzeko fenomenoari ostalgie deitu diote Alemania ekialdean, hau da, Alemaniako Errepublika Demokratikoaren aroko bizimoduaren nostalgia—ost ekialdea da alemanez, eta nostalgie nostalgia—.
Viktor Danilov nekazaritza arloan espezializatutako historialariaren solasek ongi azaltzen dute sentipen hori: «Burdinazko gortinaren gibelean bizi ginen. Kanpoko errealitatea ezagutzen ez genuela, berdintasunaren miserian bizi ginela uste genuen. Gortina erori zenean, benetako miseria ezagutu genuen. Orain badakigu sobietar garaian ez ginela miserian bizi, gure beharrak berdintasunean asebeteta geneuzkan, nahiz eta maila txikia eduki. Osasun eta hezkuntza sistema guztientzat eskuragarria zen, herriaren zerbitzariek pribilegioak zituzten arren. Ilarak zeuden bakoitzak beharrezkoa zena eskuratu zezan, eta gaur egun hori ez da eskuragarria gehienentzat». SESBeko agintariekiko hagitz kritikoa izan zen Danilov, eta batasunaren desegiteari ongi iritzi zion. Hala ere, Jeltsinen aroko pribatizazioak gogor kritikatu zituen, eta nekazaritza lurren kolektibizazioa sutsuki defendatu zuen. 2004an hil zen.
Putinen joko bikoitza
Vladimir Putin lehen ministro, presidente ohi eta ezusterik ezean berriz ere presidente izanen denak nostalgia sentimenduarekin anitzetan jokatu du. Azkenekoz, duela hamabi egun eskas. Gorbatxovi SESBen desegitearen alde behar bertze ez borrokatu izana egotzi zion. «Gure estatuaren lurraldearen osotasuna defendatzeko ausartago borrokatzea beharrezkoa zen, eta ez burua harearen azpian gorde, ipurdia bistara utziz». Iragan abenduaren 4ko bozen iruzur salaketen ondoren egin zituen Putinek adierazpen horiek. Lehen ministroaren Errusia Batua alderdiak gehiengo osoa mantendu arren, alderdi komunista nabarmen igo zen. Iraganaz harro dagoela erakutsi nahi izan zuen Putinek, eta, bide batez, Gorbatxovi eraso, SESBeko azken presidenteak ere iruzurra salatu baitzuen.
Errusia SESBen handitasunarekin identifikatzeko nahi hori, ordea, agintea egonkortu zuenetik erakutsi du Putinek. Ereserkiaren auzian, adibidez. Jeltsinek SESBekoa baztertu zuen. Putinek, ordea, Alexander Alexandrovek 1944an sortu zuen abestiaren indarraz jakitun, haren musika berreskuratu, eta bertze letra bat ezarri zion, SESBi, boltxebikeei eta komunismoari inongo erreferentziarik gabea.
Hain zuzen, Putinek joko bikoitza erabiltzen du SESBen oroimenarekin. «Lurralde osotasuna» goraipatu bai, baina «tirania» alditzat deskribatu du. Urte berean —2009an— Josiv Stalinen aginte «odoltsua» gaitzetsi, baina haren irudia Mendebaldeko kritiketatik defendatu zuen. SESBetik miresten dituen ezaugarriak zehatzak baitira: inperioa, eta bera kide izan zen KGB zerbitzu sekretuen kontrol soziala. Langileen boterea, kolektibizazioak eta publikotasunaren defentsa, ordea, ez datoz bat Putinen diskurtsoarekin. Itzal egiten saiatu zaizkion oligarkekin gogor jokatu du, baina berriki adierazi du ez duela nazionalizaziorik eginen, eta udan iragarritako pribatizazio planekin segituko du. SESB ez da itzuliko, baina haren arrastoak bizi-bizirik jarraituko du bai boteretsuen, bai umilen oroimenean.
SESBen desegiteak hogei urte
Inperio gorriaren loria
Hogei urte bete dira Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desagertu zenetik. Errusiar anitzengan garai hartako hainbat ezaugarriren nostalgia berpiztu da, eta sektore politikoek ere erabili dute sentipen hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu