«Errusia indartsua denean eta bere hanken gainean irmo egoten denean kontuan hartu eta errespetatzen dute soilik». Vladimir Putinek Moskovskie Novosti egunkarian idatzitakoa da. Ezuste handirik ezean berriz ere presidentetza eskuratuko duen arren, Putinek Errusiako herritarren sentimenduak pitz ditzakeen gai bat plazaratu du kanpainan: atzerri politika, eta, horrekin, iraganean munduan zuten tokia berreskuratzeko aldarrikapena, inperioaren itzulera.
SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko estatu aparatutik atera zen Putin —KGB zerbitzu sekretuetako kide izan zen—, baina Errusiaren iraganeko loriak goraipatzeko orduan ez du erreparorik tsarren garaiak oroitzeko ere. «Herri garailea gara, geneetan daramagu, eta orain ere irabaziko dugu», oihu egin zion joan den astean Moskuko Luzhniki estadioan bildutako jendetzari, Errusiako tropen eta Frantziako Napoleon enperadorearen armada inbasorearen arteko Borodinoko bataila (1812) oroitzean.
1990eko hamarkada gorabeheratsua igarota, eta mende hasieran estatua bere neurrira eraiki ondoren, nazioartean erreferentzialtasuna berreskuratzeko asmoa du, beraz, Putinek. Joan den abenduko Dumarako bozek etxe barrena aztoratu diote, eta, horri aurre egiteko, zer hoberik hautesleak kanpora begira paratzea baino. «Ziur naiz munduko segurtasuna soilik Errusiaren laguntzarekin bermatu ahalko dela, eta ez haren posizio geopolitikoei eta defentsei kalte egiteko saioekin», idatzi du Moskovskie Novosti-n. Putinek hautesleei zin egin dien inperioa itzultzeko, ordea, erronka handiak ditu Errusiak.
1. Arabiar matxinadak
Herrialde arabiarretako matxinadak nazioarteko potentzien jokaleku bilakatu dira. Horren lehenbiziko eredu argia izan zen Libia. Mendebaldeak Muammar Gaddafiren erregimenari erasotzeko ebazpen bat sustatu zuen NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan, eta Errusiaren eta Txinaren abstentzioari esker onartu zuen organoak, bi herrialdeek erasoaren aurka zeudela erran arren. Azkenean, real politik-a nagusitu, eta Tripoli erori zenean bi potentziek zilegitasuna onartu zioten Trantsiziorako Kontseilu Nazionalari. Gerra zibilak bi herrialdeek Libian zituzten inbertsioak eten zituen, bertzeak bertze Afrika iparraldea lotzeko trenbide sarea eraikitzekoa, eta kontratu horiek berreskuratzeko asmoa dute Pekinek eta Moskuk. «Udaberri arabiarra gainditu duten herrialdeetan Errusiako enpresek hango merkatuetan zuten lekua galtzen dute, hamarkadetako lan nekezaren ondoren», salatu du Putinek. «Eta horrek sortutako zuloak erregimen aldaketa bultzatu duten estatuetako eragile ekonomikoek betetzen dituzte».
Errusiak matxinadetan ez ditu soilik interes ekonomikoak arriskuan, baita politikoak eta estrategikoak ere. Hori argien erakutsi duen adibidea da Siria. «Libiako gidoia Sirian errepika dadin saihestu behar da», erran du Putinek. Moskuren eragina Ekialde Hurbilean Suezko Krisiaren harira hasi zen (1956), SESBek jokatu zuen rolagatik Erresuma Batuak, Frantziak eta Israelek Egiptori eginiko erasoa geldiarazteko. Eragin hori zeharo desegin da, ordea, eta Siriarekiko harremana da azken adibideetako bat—Errusiak Mediterraneoan duen portu bakarra han dago—.
Libiako gidoia ez errepikatzeko, Segurtasun Kontseiluaren bidez erasorako ebazpenak onartzea saihestu nahi du Errusiak. «Operazio humanitarioen» bidez «misilen eta bonben demokrazia»
esportatzea egotzi dio Putinek Mendebaldeari. Honen arabera, ordea, tiranoak babesten ditu Moskuk. Russia in Global Affairs atzerri gaien inguruko aldizkariko zuzendari Fiodor Lukianoven ustez, Siriaren aurkako ebazpenak trabatuta Moskuren nazioarteko posizioa indartu da, «hura gabe zerbait egitea arriskutsua izanen baita, eta haren iritzia kontuan ez hartzea, ezinezkoa». Hala ere, Lukianovek dio Errusiak Siriarekiko posizioa «egokitu» beharko duela, «deus ez egiteak gerra zibila areagotuko baitu».
2. Iran
Errusiak nazioarteko eragina erakusteko laster izanen duen bertze erronka nagusia Irango auzi nuklearrarena da. Putinen ustez, arma nuklearren ugaritzearen aurkako borroka baino gehiago, Mendebaldeak «bertze asmo batzuk» ditu Iranekin: «erregimena aldatzea». Horregatik, Mahmud Ahmadinejadekin Saddam Husseinekiko asmo berak edukitzea ere egotzi dio. Putinen ustez, gainera, Mendebaldea da Iranek eta Ipar Koreak programa nuklearrak garatzearen erantzule nagusia: «Badirudi gero eta ohikoagoak diren esku hartzeen ondorioz erregimen autoritario batzuek —eta ez soilik haiek— arma nuklearrak nahi dituztela, pentsatzen baitute bonba nuklearra badute ez dituel inork ukituko».
Moskuk Irango auzi nuklearrean, hasteko, zuzeneko interesa du, Errusiako enpresak parte hartzen ari baitira programan. «Programa nuklear zibila» garatzeko eta uranioa aberasteko Iranen eskubidea onartzea defendatzen du Putinek, «betiere» IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak «hertsiki kontrolatuta». Izan ere, Errusiak ez du nahi bertze potentzia nuklear bat sortzea, non eta Ekialde Hurbilean. Mendebaldeak Irango erregimena botako balu, ordea, Persiako golkoa haren menpe geldituko litzateke, gainerako herrialdeak aliatuak baititu. Beraz, Ekialde Hurbilean erabakigarria izan nahi badu, Teheranengana hurbiltzeko beharra du Moskuk, edo, gutxienez, Mendebaldearen planei aurre egiteko beharra, Siriaren kasuan egin bezala.
3. Blokeak eta eremuak
Siriako eta Irango kasuek epe motzean Mendebaldearekiko alternatiba irudia eman diote Errusiari, baina Putin hasia da luzera begirako planak egiten. AEBei egotzi die oraindik Gerra Hotzeko blokeen parametroetan jokatzea, baina Putin ere jakitun da alternatiba izateko eragin eremuak sortu behar dituela. Horrela uler daitezke, adibidez, SESB osatzen zuten errepublikekin eremu ekonomiko bakar bat osatzeko proposamena, horietako hainbat Mendebaldearen orbitan mugitzen baitira jada. Munduko lehia gune nagusietakoa Asia-Ozeano Barea deitutako eremuan ari da eratzen, eta Putinek argi du Errusiak noren ondoan egon behar duen. «Pekinek munduaren banaketa bidezkoaren ikuspuntua elkarbanatzen du gurekin». NBEko Segurtasun Kontseiluan Errusiak Txinarekin batera oztopatu ditu Mendebaldeak Siriari buruz egindako azken ebazpenak, eta Irani zigor gehiago paratzearen aurka ere agertu dira bi potentziak. Bi herrialdeen arteko harremanek «aukera anitz» sortzen dituela uste du Putinek.
Europaz ez da ahantzi, ordea, presidentegaia. Europako Batasunak Errusiako energia lehengaiez duen beharraz eta krisi ekonomikoaz jakitun, «Eurasiako batasuna» eratzea proposatu zion iaz Bruselari, Lisboa eta Vladivostok lotuko lituzkeen eremu ekonomiko bakarra osatzeko. SESBek ere lortu ez zuenarekin amets egiten du Putinek, hau da, Europako mendebaldea Moskuren orbitara hurbiltzearekin.
Inperioaren itzulera
Errusiak nazioartean duen eragina handitzeko beharra azaldu du Putinek bozen kanpainan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu