Saadi Gaddafi atxilotzeko agindua eman du Interpol Nazioarteko Polizia erakundeak, Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak aginduta —Libiako Gobernua osatzeko ahaleginak egiten ari da orain—. Muammar Gaddafi Libiako agintari ohiaren semea da, eta Libiako Futbol Federazioko arduraduna zenean «jabetze bidegabeak egitea» egozten diote. Joan den martxoan, bidaiatzeko debekua jarri zion NBE Nazio Batuen Erakundeak, eta dirua blokeatu zion. Hala, Interpolen atxilotzeko aginduak «nabarmen murriztuko dio mugitzeko eta nazioarteko mugak zeharkatzeko ahalmena», Ronald K. Noble idazkari nagusiak adierazi duenez.
Ez da lehen aldia Interpolek Libiako erregimen zaharrarekin zerikusia duen jendea atxilotzeko agindua ematen duena. Irailaren hasieran Muammar Gaddafi koronelaren, Saif al Islam semearen eta Abdula al Senusi armadaren zuzendari ohiaren aurkako atxilotze agindua eman zuen, «gizateriaren aurkako krimenak» egiteaegotzita. Dena den, oraindik ez dituzte aurkitu.
Ia Libia osoa dute mendean Gaddafiren aurkariek, baina koronela harrapatzea falta zaie garaipen osoa lortzeko. Noizbehinka jarraitzaileei borrokan segitzeko mezuren bat bidaltzen die komunikabideen bidez, baina ez dago non egon daitekeen arrastorik; Libiatik ez dela irten dio berak.
Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak, berriz, ia astero esaten du badakiela erregimeneko buruak non ezkutatzen diren, baina gutxitan zehazten du lekua, eta haiek harrapatzerik ez du lortu oraindik. Al Islam Bani Ualiden dagoela diote orain, eta Mutassim, berriz, Gaddafiren beste seme bat, Surten. Horrez gain, Musa Ibrahim Gaddafiren bozeramailea atxilotu dutela esan dute.
Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak ez du hiri horien kontrolik. Gaddafiren jarraitzaileen aurka borrokan ari dira han, baina uste baino zailagoa egiten ari zaie aurre egitea, erresistentzia handia aurkitu baitute. Surt hiriaren erdigunera sartzea lortu zutenean, duela egun batzuk, bi egunetan hartuko zutela adierazi zuten, baina oraindik luze joko duela dirudi. Laguntzarik ez zaie falta, dena den; NATOko hegazkinak bi hiri horiek bonbardatzen ari da, gau eta egun. Batzuentzat gehiegizkoa dena, ordea, gutxi iruditzen zaie beste batzuei. Ualid Jaime Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko buru batek «laguntza gehiago» eskatu dio aliantzari.
Horrez gain, kontseiluak Al Baghdadi al Mahmudi lehen ministro ohia Libiara estraditatzeko eskaera ofiziala bidali dio Tunisiari, eta horren aurka protesta egiteko gose greba hasi du hark. Tunisian atxiloturik dute Al Mahmudi, eta duela bi egun aske uzteko agindua eman bazuten ere, espetxean dute oraindik.
Egoera zaila Surten
Azken asteetako borrokek eta NATOren bonbardaketek egoera larrian utzi dituzte Surteko herritarrak. Elikagai eta sendagai falta dute, batez ere, eta kalean ez dute segurtasunik; herritarrek salatu dutenez, gau eta egun egiten ditu erasoak aliantzak, «edozein eraikin» bonbardatuz. Ondorioz, milaka herritarrek ihes egin dute, Bengazira edo Misratara gehienek.
NBEk ura eramango duela adierazi du, baina kezkaturik agertu da ez duelako Surten sartzea lortu, ezta Bani Ualiden ere. Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak, berriz, anbulantzientzako erregaia eskatu dio NBEri, hiri horietan zauritzen dituzten pertsonak ospitalera eramateko.
Trantsiziorako Kontseilu Nazionala, bitartean, gobernua osatu nahian dabil, eta nazioarteko babesa baduen arren, barnean agertu zaizkio arazoak. Gaddafiren aurkako miliziak ez dira ados jartzen gobernua osatuko dutenenak aukeratzeko garaian. Milizia asko Mahmud Jibril eta Mustafa Abdeljalilek agintea hartzearen aurka daude, Gaddafiren erregimeneko kide ohiak baitira biak. Hala, etengabe atzeratzen ari dira gobernuaren osaketa.
Interpolek Saadi Gaddafi atxilotzeko agindua eman du, koronelaren semea
«Jabetze bidegabeak» egitea egozten diote; beste bi seme non dauden badakitela diote Gaddafiren aurkariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu