Inuitek diote Groenlandiako iparraldeko beren betiko lurretatik legez kanpo egotzi zituztela Thuleko basea eraikitzeko. Eskaera aurkeztu duten abokatuen esanetan, lekuz aldatzera behartu zituzten inuiten biziraupena kolokan dago, egun bizi diren eremuan ez baitute elikadura ziurtatua.
1951n AEBek eta Danimarkak sinatu zuten defentsa akordioari jarraiki, bi urtetara, 1953an, Thuleko basea eraikitzen hasi zen Washington. Horretarako, baina, bertan bizi ziren bizilagun inuitak lekutu zituzten Kopenhageko agintariek. Inuitak milaka urtetan baleak, poloetako artzak eta bestelako animaliak ehizatzetik zein arrantzatik bizi izan ziren. Thuleko inuitak kexu dira handik kanporatu zituztenetik baldintza kaskarretan bizi direla.
Duela lau urte Danimarkako auzitegi batek ebatzi zuen inuitak legez kanpo mugitu zituztela, baina, aldi berean, itzulera eskubidea ukatu zien. Orain Auzitegi Gorenak erabaki beharko du beren lurretara itzultzeko eskubidea bermatuko dietenetz.Thuleko basean zelatatzeko tresneria oso modernoa dute AEBek. Gerra Hotzaren garaian basea arrunt garrantzitsua izan zen Pentagonorako, Sobiet Batasuneko ekinbide militarrak behatzeko ezinhobea baitzen. Halaber, eraso nuklear bat gertatuz gero, misilak AEBetara iritsi aurretik baseko behatokiak Etxe Zuria ohartzeko posibilitatea zukeen. Gerra Hotzaren bukaeratik Thule AEBen belarria izan da ipar hemisferioan. Gaur egun Washingtonen asmoa da zelatatzeko ahalmena hobetzea. Horrez gain, Danimarkaren baimena nahi du Izarretako Gerrarako Misilen Defentsa Sistema Nazionalaren zati gisa erabili ahal izateko.Duela bi urte AEBek ABM Misil Antibalistikoen Ituna uztea eta misiletatik babesteko defentsa sistema eraikitzea erabaki zuten. Egitasmo horietan Thuleko baseak garrantzia handia du Pentagonorako.
Akordioa berraztertzeko asmoa du Gobernuak
Adituek uste dute aurten eratu den gobernu autonomo berriak aurrera egingo duela AEBek eta Danimarkak 1951n sinatutako akordioa berriz negoziatzeko saioarekin.
Iazko abenduan eginiko hauteskundeetan Groenlandia autonomoa izan denetik (1979) boterean egon den Siumut alderdi sozialdemokrata nagusitu zen. Alta, ezkerreko IA Inuit Ataqatigiit alderdiarekin lortutako koalizioa aste gutxira bertan behera geratu zen eta Atassut alderdi kontserbadorearekin osatu zuen gobernu koalizioa.Joan den irailean, aldiz, IArekin berriz elkartu eta koalizio gobernu berria osatu zuen Siumutek. Agiri batean zera adierazi zuten Washingtonek eta Kopenhagek 1951n sinatutako akordioaz: «1951eko defentsa akordioa Groenlandiaren interesen arabera berritu beharko da».AEBak ez dira auzitegian izango, Thuleko afera teknikoki inuiten eta Danimarkako Gobernuaren artekoa baita. Lege adituek jakitera eman dutenez, inuitek kasua irabazteko aukerak %50ekoak dira.
-
INUIT HERRIA
Ehizari eta arrantzari lotutako herriaren arazoen areagotzea
Inuit herria ez da soilik Groenlandian bizi. Aitzitik, eskualde Artikoa izan du eta du ohiko bizileku. Egungo Kanada, Alaska (AEB) eta Chukotka (Errusia) eskualdeetan ere bizi dira inuitak. Eskualde horietan guztietan bizi diren inuiten interesak babesten ICC Inuiten Polo Inguruko Konferentzia erakundea ari da lanean. Eskualdeotan bizi diren 150.000 bat inuit ordezkatzen ditu. Groenlandian soilik 56.000 biztanle bizi dira, gehienak inuitak dira, nahiz eta Danimarkako herritar asko ere bertan bizi. Horietako askok ehiza eta arrantza dute lanbide eta bizibide bakarra, eta arrain-sardak urritzen ari diren heinean arazoak ugaritzen ari zaizkie.
Esportagai nagusiak arraina zein itsaskiak eta animalien larruak direla kontuan izaki, ez dute egoera gozoa bizi. Gainera, gizarte arazo larriak, hala nola, langabezia, alkoholismoa eta hiesa pairatzen dituzte. Groenlandiako prentsak berriki egindako inkesta batek dioenez, herritarren %80 independentziaren aldekoak dira.