'Brexit'-a. Nazioen egoera

Ipar Irlanda. «Itunik gabe, soldaduak mugara itzul litezke»

Irlandako Errepublikako lehen ministroak uste du egoera horretarako beharrezkoa izango dela 'backstop'-aren antzeko zerbait adostea

Mugarik ez, 'brexit'-ik ez dioen itsasgarria, Irlandako mugan. EFE.
ander perez zala
2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Finean, Irlandako muga izan da brexit-eko negoziazioen buruhauste handiena, bai Bruselan, bai Erresuma Batuan. 1998ko Ostiral Santuko Akordioak modua eman zuen muga gogorrik ez izateko Irlandako Errepublikaren eta Ipar Irlandaren artean, eta hori lortzeko arrazoietako bat izan zen errepublika eta Erresuma Batua Europako Batasuneko (EB) estatu kide zirela. Ekuazio horren aldagai bat, ordea, aldatuko da, eta muga irekia mantentzeko protokoloa, backstop-a, negoziatu behar izan dute bi aldeek. Baina Erresuma Batua itunik gabe ateratzen bada EBtik, muga gogorra itzuliko da; eta, gaur-gaukoz, mehatxu hori egiazkoa da.

Brusela eta Dublin arrisku horretaz aritu dira asteon, eta EBk lehenengoz baieztatu du, esplizituki, akordiorik gabeko irteerak muga gogorraren itzulera eragingo duela. Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministroak ere ideia bera baieztatu zuen, eta irlan gutxik nahi duten errealitatea jarri zuen mahai gainean: «Itunik gabe, soldaduak mugara itzul litezke».

2016ko brexit-aren galdeketan, Ipar Irlandan EBn geratzearen aldeko iritzia gailendu zen (%56-%44), eta mugako eskualdeetan talde komunitarioan jarraitzearen aldeko iritziak irabazi zuen.

Varadkarren irtenbidea

Martxoaren 29an Erresuma Batuak EB akordiorik gabe uzten badu, Varadkarrek ohartarazi du beharrezko izango dela Irlandako Errepublika eta Erresuma Batua negoziazio mahai baten inguruan esertzea, Ostiral Santuko Akordioa «ohoratzeko». Haren iritziz, irtenbidea litzateke backstop-aren antzeko ezer adostea.

Agintarien beldurra da XX. mendeko gatazka berriz ere azaleratzea. Bi aldeen arteko desadostasunak agerian geratu ziren brexit-aren galdeketan ere: euren burua nazionalistatzat, irlandartzat eta katolikotzat dutenen artean EBn geratzeko jarrera gailendu zen; eta euren burua unionistatzat, britainiartzat eta protestantetzat dutenen artean, EBtik ateratzekoa. Gainera, DUP Alderdi Demokratiko Unionista beti izan da bake akordioaren aurkakoa, eta ez du onargarritzat backstop-a.

Bien bitartean, bi urte dira Ipar Irlandak ez duela gobernurik, eta horrek are gehiago okertu du errepublikanoen eta unionisten arteko harremana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.