Peak oil teoriaren arabera, iragan hamarkadatik aurkitzen dena baino petrolio gehiago kontsumitzen da; 2010. urterako, kontsumoak ekoizpena gaindituko du, eta munduak eskasiari aurre egin beharko dio. Herrialde ekoizleek eta industriak, ordea, gezurtatu egiten dute hori. Arazoa da ez dagoela egiaztatzerik erreserbak zenbatekoak diren. Haatik, orain arteko datuetan oinarritzea da zer gerta daitekeen irudikatzeko bide bakarra. Eta Ipar Itsasoko petrolio produkzioaren datuek, behinik behin, gainbehera adierazten dute.
Ipar Itsasoan 1960ko urteetan aurkitu zuten petrolioa. Altxor ederra, batez ere Norvegia eta Erresuma Batuarentzat, haiek baitira bi ekoizle handienak. Baina, Danimarkak, Alemaniak eta Herbehereek ere badute euren zatia. Iaz, 14 milioi upeleko erreserbak zituzten, gutxi gorabehera: erdiak baino gehixeago Norvegiarenak ziren (%57),eta herena eskas Erresuma Batuarenak (%30).
Ipar Itsasoko petrolio produkzioa 1999.urtean iritsi zen gailurrera; eguneko sei milioi upel inguru ekoitzita. Harrezkero, beherantz dator, gelditu gabe. 2004an %10gutxitu zen, eta iaz, beste %12,8. Nahiz eta adituen artean iritzi kontrajarriak nagusitu, gehienen esanetan, 2020-2030. urteetan herenaren azpitik egongo dira Ipar Itsasoko petrolio erreserbak.
Azkenekoz, 2003an topatu zituzten putzu berriak; 11, hain justu. Baina oso urriak. Guztira, ez ziren Norvegiak urtebetean ekoizten duenaren parera iristen. Iaz, berriz, bilaketak egin ahal izateko 150 baimen banatu zituen Erresuma Batuak petrolio konpainien artean.
NORVEGIA. 1975ean ekin zion Ipar Itsasoko petrolioa esportatzeari. 1980ko eta 90eko urteetan, %80 igo zen Norvegiako ekonomia, eta 1996rako munduko hiru herrialde petrolio esportatzaile handienen artean zegoen.
Ekoizpenaren zati handiena atzerrian saltzen du, norvegiarrek petrolio gutxi kontsumitzen baitute beste batzuen aldean. Erresuma Batua du, hain zuzen, bezerorik onena, esportatutako petrolioaren%35 bereganatzen baitu; Herbehereek, %15; eta Estatu Batuek eta Alemaniak %10na. Norvegiako hornitzaile garrantzitsuenak Statoil Norge AS (Estatuaren petrolio konpainia), Hydro Texaco AS (besteak beste, Estatuarena) eta beste sei konpainia pribatu dira.
Hemendik urte batzuetara izango duten eskasiaren jakitun, esportazioetatik ateratako etekinen zati bat Norvegiako Petrolio Funtsa deiturikoa osatzera bideratzen du Gobernuak. Helburua: ondorengo belaunaldiek ere irabaziak eta aurrekontu orekatuak izatea. Gobernuaren ustez, 2010. urtean, Petrolio Funtsa herrialdeko Barne Produktu Gordinaren parekoa izango da .
ERRESUMA BATUA. Nahiz eta petrolio kantitate handiakinportatu, 1981az geroztik esportatzailea ere bada. Hain justu, 2003a izan zen Erresuma Batuak atzerrira petrolio gehien saldu zuen urtea. Estatu Batuek kontsumitu zuten esportazioen herena; Herbehereek laurdena; eta gainerakoa, Frantziak eta Alemaniak. 2004an, ordea, %13 gutxiago ekoitzi zuen, eta ez zen iritsi eguneko bi milioi upelera. 1999ko datuekin alderatuta, bost urtean heren bat gutxitu zuen ekoizpena.
UKCS UK Continental Shelf konpainiaren esku daude Erresuma Batuak Ipar Itsasoan dituen petrolio erreserba gehienak. Ez adituek eta ez Gobernuak, ez dute ukatzen produkzioaren gainbehera. Are gehiago, euren baieztapenen arabera, 2009. urtean ezingo diote eguneko 1,3 milioi upeletik gorako eskariari erantzun.
Beraz, edalontzia erdi hutsa dagoen susmoa erdi betea dagoena gainditzen ari dela dirudi.
Ipar Itsasoa, erdi hutsa ala erdi betea?
Petrolio eskasia etor daitekeela frogatzea ez da erraza; baina, adibidez, Norvegia eta Erresuma Batuaren ekoizpena gain behera dator, eta kontsumoa etengabe handitzen ari da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu