Ipar Karolinako bozetan Obama nagusitu da, baina Clintonek borrokan jarraituko duela dio

Indianan alde txikiarekin irabazi dio Hillary Clintonek Barack Obamari, eta ez du haren abantaila murriztu

2008ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Ipar Karolinako porrot argia eta Indianako garaipen estua jakin bezain laster, Hillary Clintonek bere kanpainako hurrengo hitzorduak iragarri ditu jarraitzaileen aurrera agertzean. Horrelaziurtatu du Alderdi Demokrataren Etxe Zurirako hautagaia izateko borrokan jarraituko duela, astearteko hauteskundeetako emaitzek helburua are eta urrunago ezarri badiote ere. Izan ere, Barack Obamak Biltzar Nazionalerako ordezkarietan aldea areagotu egin du, eta sei estatu falta dira bakarrik ordezkariak aukeratzeko. Clintonek aurretik dimisioa ematen ez badu, superordezkariek erabakiko dute, abuztuko Demokraten Biltzar Nazionalean, AEBetako presidentetzarako hautagaia nor izango den. Biak buru-belarri ari dira botoa emateko askeak diren ordezkariok bereganatzeko saioan.

Obamaren aholkulariek argudiatu dute astearteko hauteskundeak nahikoa arrazoi direla haren hautagaitza sostengatu eta demokraten lehia amaitzeko. Alderdiaren batasunerako deia egin du Barack Obamak: «Denok ados gaude John McCaini [errepublikanoen hautagaiari] ezin diogula utzi Bushen [George] agintaldiaren ondoren hirugarren agintaldia hasten». Adituek diote Clintonen lehia estuak Obamaren irudia ahuldu duela hautesle demokraten barruan.

Obamak%56ko babesa lortu du Ipar Karolinan, eta 232.000 boto inguru atera dizkio Clintoni. Indianan, berriz, estu eta larri irabazi du Clintonek, Obamari %2ko aldea, hau da, 22.000 boto aterata. Orain arte bezala, Ipar Karolinan beltzen aldekotasunak ekarri du Obamaren nagusitasuna, eta gazteei eta liberalei esker emaitza ona izan du Indianan. Clintonek, bestalde, zuri eta emakumeengandik lortu du babes handiena. Herritarrek botoa ematean agertu duten kezka nagusia AEBetako ekonomia izan da.



CLINTONEN DIRU ARAZOAK. Lehian jarraitu ahal izateko diru gehiago eskatu die jarraitzaileei Clintonek. Hainbat adituren ustez, kanpainari aurre egin ahal izateko dirurik gabe gelditu da New Yorkeko senataria, eta aholkulariek ez dute ukatu beste mailegu bat eskatu duenik. Nolanahi ere, bi estatuetako emaitzak ez dira diru emaileak erakarri eta superordezkarien sostengua areagotzeko ziurtagiri egokienak. «Zernahi gertatu, askotan errepikatu izan dut, Alderdi Demokrataren hautagaitza borrokatzen jarraituko dut, azaroan irabazi behar dugulako», dio Clintonek.

Michigan eta Floridako ordezkariak aintzat hartzea eskatu du bestalde, New Yorkeko senatariak. Legedia urratuz bozak aurreratu zituztelako zigortu egin zituen alderdiak estatuok, eta oraingoz hango ordezkariak ez dira Biltzar Nazionalean izango. Onartuko balituzte, Obamaren abantaila murrizteko aukera izango luke Clintonek, bietan emaitza ona lortu baitzuen. Hilaren 31an erabakiko du hori Demokraten Batzorde Nazionalak.

Obamak ez du hitzeman bezala lehia erabakitzea lortu, eta Clintonek, berriz, egunotan amore emango duela uste dute hainbat adituk.



HemeroTeKa

Clintonek, gero eta aukera gutxiago

The New York Times kazetaren arabera, Florida eta Michigango bozetako emaitzak aintzat hartuak izatea da demokraten hautagai izateko Hillary Clintonenazken itxaropena. Bozak alderdiko legediak arautu baino lehen egin zituztelako ordezkari gabe utzi zituzten estatuok.



Indianan estu irabazi eta Ipar Karolinan galdu ondoren, Hillary Rodham Clinton senatariak ez ditu demokraten presidentetzarako hautagai izendatzeko aukerak areagotu. Zerbait izatekotan, Barack Obama aurreratzeko Clintonen aukerak murriztu egin dira astearte gauaren ostean [...]. Bi estatuetako emaitzek ez diote uzten Clintoni Obamak ordezkarietan duen lidertza txikitzen, ezta herritarren botoetan hark duen abantaila osoa. [...]

Azken asteetan, ekonomiaren ahultasunean ezarri du kanpainaren ardatza Clintonek, antza denez, indar berria eta boto herrikoi gehiago lortu nahirik. Gasolina zerga federala ezabatzeko proposamenarekin gogor egin du; Obamak gutxietsi egin du. Borroka egiten zuen bitartean, Obama Jeremiah A. Wright Jr. aurreko elizgizonarekin izandako harremana argitzen estu eta larri izan da.[...] Funtsean, Clintonek ezin izango zuen bigarren aukera hoberik eskatu kanpaina irauli eta superordezkarien inguruan indar guztia jartzeko [...].

Obamaren aholkulariek diote Clintonek falta diren ordezkarien %70a lortu beharko lukeela hautagaitza irabazteko, zeina kanpainaren joera ikusita, soilik posible izan daitekeen gertaera handi batek Obama kaltetzen badu. Estatu gutxi falta direla, Clintonek eta bere aholkulariek diote ahalegin gehiago egingo dutela Florida eta Michigango emaitzak aintzat hartuak izan daitezen, hots, Alderdi Demokrataren legedia urratzeagatik zigortu zituzten estatuenak. Clintonek lehia irabazten badu bi estatuotako ordezkariak bozkatutakoaren arabera biltzarretan izateko, Obamaren aldeaerabat murriztu ahalko luke ­ ADAM NAGOURNEY
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.