Ipar Koreak bere programa nuklearraren gaineko sei aldeko elkarrizketara itzultzea erabaki izanarekin «oso kontent» agertu zen atzo Ameriketako Estatu Batuetako presidente George Bush. Ipar Korearen aliatuak, Txinak, eman zuen Piongiangeko gobernuaren erabakiaren berri, eta elkarrizketa horiei -iazko azarotik etenak- «aurki» berriz ekingo dietela adierazi zuen. Hiru gobernu horiekin batera elkarrizketetan parte hartu izan duten gainerako hiru gobernuak, Errusia, Japonia eta Hego Koreakoak, ere erabakia txalotu zuten.
Elkarrizketetarako AEBek duten ordezkari berezi Christopher Hill Ipar Koreako bere parekoarekin, Kim Kye-gwanekin, bildu zen atzo Pekinen. Hill baikor agertu zen, eta sei aldeetako elkarrizketak abendu inguruan hasteko esperantza azaldu zuen. Gainera, Piongiangeko ordezkariak Ipar Korea elkarrizketetara «baldintzarik gabe» itzuliko zela esan zuen Hillek.
Bushek, bere aldetik, Txinak jokatu duen bitartekari rola eskertu zion Pekini. Etxe Zuriko buruak jakinarazi zuen eskualdera ikertzaileak bidaliko dituela, elkarrizketak hasi aurretik NBEren ebazpena betetzen dela bermatzeko. NBEren Segurtasun Kontseiluak, 1718 ebazpenaren bidez, zigor ekonomikoak ezarri zizkion Ipar Koreari duela bi aste, honek urriaren 9an lurrazpiko proba nuklearra egin zuelako.
Lehenagotik, ordea, beren kasa beste zigor ekonomiko batzuk ezarri zizkieten AEBek Ipar Koreari, honi droga trafikotik lortutako dirua garbitzea eta osagai militarrak saldu ahal izateko dolarrak faltsutzea leporatuta. Hillek atzo esan zuen Piongiangen elkarlanaren araberako jarrera erakutsiko duela Etxe Zuriak azken zigor horiek kendu edota malgutzerakoan.
URTEBETE ETENDA. Piongiangen programa nuklearraren gaineko elkarrizketak 2005eko azarotik daude etenda, AEBek irailean Ipar Koreari zigor ekonomikoak ezarri ondoren honek elkarrizketak boikotatu zituelako.
Ia urtebete eman dute sei aldeek elkarrizketa mahaia berriz osatzeko saioetan, baina orain arte ez dute halakorik lortu. Ipar Korea hizketaldietara baldintzarik gabe itzultzeko exijitu du Washingtonek, baina honek ezarritako zigorrak kentzeko exijitu du hark.
AEBen eta beren aliatuen (Hego Korea eta Japonia) xedea Ipar Koreak bere armategi nuklearra desegitea da.
Ipar Korea auzi nuklearraz hitz egitera itzultzea txalotu du Bushek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu